Duela bi urte pasatxo hasitako bideari bultzada eman nahi dio Jauzi Ekosozialak, eta Euskal Herriko II. Ekotopaketak antolatu ditu horretarako. Martxoaren 28an eta 29an dira egitekoak, Arrasaten (Gipuzkoa), Trantsizio ekosoziala hobeto bizitzeko lelopean.
Nabarmendu dute jardunaldiak «ekologismo berria indartzen jarraitzeko eta aldaketa posible egiteko apustua» izango direla, eta baliagarri izango direla ingurumenarekin lotutako auziei buruz hausnartzeko, eta horien aurrean antolatzeko eta saretzeko. Besteak beste, hitzaldiek, solasaldiek eta kultur ekitaldiek osatuko dute egitaraua.
Euskal Herriko lehenengo Ekotopaketak 2022ko udazkenean egin zituzten, Portugaleteko Sastraka gaztetxean (Bizkaia). Euskal Herriko hainbat eragile eta norbanako bildu ziren, eta erabaki zuten «antolakunde ekologista indartsu bat» eratzea, krisi ekosozialaren inguruko borrokak batzeko. Jauzi Ekosozialaren ernamuina izan zen.
Handik hilabete gutxira eratu zuten eragile ekologista berria, 2023ko urtarrilean, eta barne eztabaida bat abiatu zuten, dinamikak hartu behar zituen ezaugarriez eta funtzionamenduaz hausnartzeko. Iazko maiatzean aurkeztu zuten Jauzi Ekosoziala, «justizia sozialean oinarritutako trantsizio ekosoziala bultzatzea» xede. Beraz, aurtengo Ekotopaketak izango dira dinamika berriak antolatutako lehenak.
Herritarrak parte hartzera animatu dituzte. «Orain ez da berandu hobeto bizitzeko, trantsizio ekosoziala hobeto bizitzeko».