«Erlijioa eta euskaldunen identitatea konexioan jartzea». Hori izan da Pruden Gartziak ondu berri duen liburuaren tesi nagusia. Euskaldun fededun izenburupean gizartearen identitateari buruz hausnartu nahi izan du Gartziak, edozein euskaldunek irakurri eta ulertzeko moduan. 1800 eta 1960 bitartean erlijio katolikoak Euskal Herriko gizartean izan zuen «hegemonia» izan du aztergai idazleak, garaian garaiko liburuak hausnarketaren abiapuntu izanik.
Donostian egin du Gartziak liburuaren aurkezpena. Xabier Mendiguren editorea izan du bidelagun, eta, Mendigurenek aitortu duenez, berak «zirikatu» zuen Gartzia liburua egin zezan. Mendigurenek azaldu du Gartziak artikulu anitz eginak zituela gaiari buruz, denak libururen baten gainean «hausnartuz». Testu horien artean batzuk hautatu dituzte, eta Gartziak «berridatzi» egin ditu, horien arteko loturak eginez. Idazleak azaldu du 1800 eta 1960 bitarte Euskal Herria erlijio katolikoarekin «erabat identifikatuta» zegoela: «[Erlijio katolikoak] erabateko hegemonia sozial, kultural eta ideologikoa zuen garai hartan». Gartziaren erranetan, horrek ez du erran nahi bertze erlijiorik ez zegoenik, baizik eta horiek guztiak bigarren mailan gelditu zirela.
Epe hori zergatik hautatu duen ere azaldu du: batetik, Gartziarendako, Frantziako Iraultza izan zen katolikoen hegemonia indartu zuena; eta, bertzetik, aldi hura amaitu egin zen 60ko hamarkadan gertatu ziren aldaketa sozialengatik, eta garai hartan katolizismoaren barnean egon ziren aldaketengatik. Hasiera eta akabaila horiez hausnartzeko bi liburu izan ditu oinarri Gartziak: Juan Antonio Mogelen Peru Abarka eta Jon Etxaideren Gorrotoa lege. Lehenbiziko pieza hautatu du hartan formulatzen delako lehenbiziko aldiz euskaldun fededun kontzeptua. Bigarrena, berriz, Etxaide izan zelako, Gartziaren ustez, «azken euskaldun fededuna».
Aldi hark iraun zuen 160 urte haietan aldaketak egon zirela adierazi du Gartziak, baina zehaztapen bat ere egin du: «Aldaketak beti izaten dira gizartean, baina badago zerbait aldatzen ez dena, edo denbora gehiago behar duena aldatzeko, eta hori identitatea da». Aipatu du Bigarren Gerra Karlista eta Lehenbiziko Mundu Gerra egon zirela, bertzeak bertze, gorabehera haien gibelean.
«Kultura erlijiosoa»
1800. urtea baino lehen Eliza katolikoak indarra zuela erran du, baina ez zela hegemonikoa. Hori ulertzeko, adibide bat jarri du Gartziak: «Feminismoak indarra du, baina, gaur egun, feminismoa hegemonikoa al da?». Ezetz erantzun dio bere buruari, gehituta 30 urtetik beherako emakumeen artean beharbada hegemonikoa dela, baina gizarte osoan ezetz. 1960an, berriz, katolikoak «erabateko krisialdian» sartu zirela azaldu du, eta hortik aurrera gain behera joan zirela.
Gainbeherak gainbehera, Gartzia sinetsita dago Euskal Herrikoa —eta Europakoa— «kultura erlijiosoa» dela, baina, aldi berean, «erlijioari buruzko ezjakintasuna erabatekoa» dela. «Nola da posible jendeak ez jakitea?», galdetu du. Belaunaldi gazteengan jarri du arreta: «Euskaldun gazteen artean erlijioak arbuioa edo desinteresa sortzen du. Oso gutxi dira erlijioan interesa dutenak». Gartziarendako, erlijioak «benetako arbuioa» pizten dien horietako anitzek ezjakintasunagatik pentsatzen dute hori. Argitu du berak ez duela horri buruzko baloraziorik egin, ezta eginen ere, baina garrantzitsua zaiola guztiek beren historia aztertzea.