JAKIN JARDUNALDIAK

Euskal Herriko gizarte mugimenduez ariko da aurtengo Jakin jardunaldia

Euskal Herriko gizarte mugimenduen azken urteetako bilakaera, egungo egoera eta etorkizuneko erronkak izango dituzte hizpide hilaren 22ko eta 23ko ikastaroetan, UEUk, ‘Jakin’-ek eta Usurbilgo Udalak antolatuta. BERRIAk 'streaming'-ez emango du, zuzenean.

Jakinen agerraldia, gaur, Donostian. BERRIA
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 7a
18:13
Entzun

Iaz mende erdi bete ostean, ate joka datoz UEU Udako Euskal Unibertsitatearen Udako Ikastaroak, eta, urtero legez, Jakin jardunaldiak antolatuko dituzte Usurbilgo Udalarekin elkarlanean, zazpigarren urtez jarraian. Gizarte mugimenduak: erronka berriei elkargune berriak ezarri diote izena aurtengoari, eta ekainaren 22an eta 23an egingo dute ikastaroa.

Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, UEUko zuzendari Aitor Bengoetxeak eta Jakin-eko zuzendari Lorea Agirrek hitz egin dute aurkezpen ekitaldian. Agirrek azaldu duenez, «Euskal Herriaren ezaugarri bat da gizarte mugimenduak protagonista garrantzitsu izatea herrigintzan». Haren esanetan, Euskal Herriak gizarte mugimendu «plurala eta militantea» du, eta eremu horretatik «egitasmo asko landu dira». Baina, nabarmendu duenez, gizartea aldatu den heinean, mugimendu horiek ere aldatuz joan dira, bai euren jardunean, baita gainerako eragile eta erakundeekin duten harremanean ere.

2018tik, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko lau ikerketa talde, Nor, Afit, Ekopol eta Parte Hartuz, gizarte mugimenduei eta parte hartze politikoari buruz ikertzen ari dira. «Kaleratu dituzten azken ikerketak aitzakia hartuta edo akuilatuta osatu dugu Jakin jardunaldi hau, baita ondotik etorriko den Jakin monografikoa ere», esan du Agirrek. Aldaketen artean, Jakin-eko zuzendariak adibide batzuk eman ditu: gizarte harremanen desinstituzionalizazioa, zaintzaren eta ekologiaren muturreko krisiak, lan baldintzen prekarizazioa eta lan eskubideen galera, ondoriozko desberdinkeriaren areagotzea eta demokrazia instituzionalari buruzko ezkortasuna.

Aldaketa horiez gain, hizlariek hizpide izango dituzte mugimenduen baitako erronkak eta joerak ere. Hain zuzen, lehen egunean, gai horretaz solastatuko dira soziologiako doktore eta EHUko irakasle Marina Sagastizabal Yus eta antropologiako doktore eta kazetaritzako lizentziatu Ainara Santamaria Barinagarrementeria, Gizarte mugimenduetatik komunitateak ehuntzen: premiazko bai, gatazkatsua ere bai hitzaldian.

Jarraian, ekologistek, feministek, euskalgintzako kideek, mugimendu antirrazistek, gazteek eta pentsionistek hartuko dute parte; besteak beste, Euskal Herriko emakume migrante eta arrazializatuen sareko kide Leo Bueriberik, Hordagoko Iraia de la Torrek eta Emagineko miiltante feminista Maider Avaristok.

Bigarren egunean, berriz, herri mugimenduen eta erakunde publikoen arteko harremanaz ariko dira hiru aditu: zuzenbidean lizentziatu eta aholkulari Julen Mendoza Perez, politika zientzietako doktore eta EHUko irakasle Andere Ormazabal, eta Arantzazulab-eko zuzendari nagusi Naiara Goia Imaz. Jardunaldia amaitzeko, urteroko ekitaldi kulturala Mejillon Tigre kolektiboak eskainiko du aurten, Hitz esana emanaldiarekin, eta ondoren egingo dute ohiko Txotx! ekitaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.