Trafikoa

Euskal Herriko errepideetan 85 lagun hil dira istripuz urtebetean

Pandemiak 2020an eragindako geldialdiaren ostean, 2021ean gidariak berriz atera dira errepidera, eta, horrekin batera, %20 ugaritu dira heriotzak. Hildakoen %82 gizonezkoak izan dira

Euskal Herriko errepideetan 85 lagun hil dira istripuz urtebetean.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun

Mundua gelditu zen 2020an. Oraindik ere galga jarrita jarraitu du 2021ean, baina hasi da pixkanaka martxa hartzen. Errepidean ere mugimendu handiagoa sumatu da azken urtean, eta, horrekin batera, hildakoen kopurua ere handitu egin da: 85 lagun zendu dira Euskal Herriko errepideetan, 2020an baino hamalau gehiago; hau da, %20 handitu da kopurua. Beste era batera esanda: pertsona bat hil zen lau egunetik behin trafiko istripuz.

2020a salbuespena izan zen, ordea, hildako bai kopuruari eta bai errepideetako trafikoari dagokienez. Aurreko urteekin konparatuta, 2021ean hildakoen kopuruan beheranzko joera mantsotu egin dela ikus daiteke: 2019an baino sei hildako gutxiago izan dira, eta 2018an baino bi gutxiago.

Lurralde bakoitzean hil direnen kopuruari erreparatuta, Nafarroako errepideetan izan da heriotza gehien: 29. Iaz baino 11 hildako gehiago egon dira, eta 2019an baino bat gehiago. N-121-A errepidea bereziki arriskutsua da: iaz bi lagun hil ziren, 2020an baino bi gutxiago. Errepide horren egoeraz kexatu ziren iaz ere herritarrak, eta apirilean, esaterako, herritarrek errepidea moztu zuten 11 puntutan, bost minutuz. Gobernuak hasiak ditu 2+1 motako errepide bihurtzeko lanak. Araban, bikoiztu egin da hildako kopurua 2020arekin alderatuta, eta 2019an adina hildako izan dira: hamar. Lapurdin ere, igoera: 11 lagun hil dira trafiko istripuz, 2020an baino bat gehiago eta orain bi urte baino hiru gehiago.

Gainerako lurraldeetan txikitu edo berdin mantendu dira errepideetako heriotzak: hamasei hildako izan dira Bizkaian 2020an adina eta 2019an baino sei gutxiago; beste hamasei Gipuzkoan 2020an baino bat gutxiago eta 2019an baino hiru gutxiago, eta hiru Nafarroa Beherean 2020an baino bi gutxiago eta 2019an baino bat gutxiago. Zuberoako errepideetan ez da inor hil, hirugarren urtez jarraian. Baina ezbehar oso larri bat izan zen ekainaren 9an Biarnon. Hiru haur zuberotar hil ziren ondorioz, eta ama larriki zauritu.

Izan dira beste hainbat istripu larri ere. Soraluzen (Gipuzkoa) irailaren 2an gertatutakoa izan da guztietan txarrena: kamioi baten eta auto baten arteko talkaren ondorioz, 19 eta 20 urteko hiru gazte hil ziren. Gainera, Armiñonen (Araba) bi lagun hil ziren, haien furgoneta errepidetik aterata; Zigoitian (Araba) ere bi hildako izan ziren, autoan zeudela kamioi batek haien autoa jota; eta Vianan (Nafarroa) ere bi lagun hil ziren, auto istripu batean.

Zaurgarrienen arriskua

Autoa: horixe da istripu baten ondorioz hil ziren gehienek zerabilten garraio mota, hain zuzen ere, 40k. Beraz, hildakoen ia erdiak, %47, autoa erabiltzen ari ziren. Motoan zihoazen istripu baten ostean hildako 26 (%31); bizikletan zebiltzala harrapatuta zazpi lagun hil ziren (%8); zazpi oinezko zendu ziren (%8); kamioi batean zihoazen hiru hildako (%4); traktorea gidatzen ari zela hil zen beste bat, eta quad batean zebilela beste bat. Hau da, istripuen %47 kolektibo zaurgarrietako kideek —motorzaleak, oinezkoak eta txirrindulariak— izan zituzten.

Adierazgarria da harrapatuta hildako oinezkoen kopuruaren jaitsiera: 2019an, hamazazpi hildako izan ziren; 2020an, zortzi, eta 2021ean, zazpi. Bereziki entzutetsua izan zen maiatzaren 28an gertatutako istripua: auto batek 32 urteko oinezko bat harrapatu zuen, eta 80 metroan arrastaka eraman zuen.

Garraiobidea ez den bezala, hildakoen sexua ere ez da hutsala: 85 hildakoetatik 70 gizonezkoak izan dira; hau da, %82,4. Ez da kasualitatea izan. Aurreko urteetan ere antzekoa gertatu zen: 2019an hildakoen artean, %83,5 ziren gizonezkoak, eta 2020an hildakoen %84. Oraindik alor horretan egiteko dagoen lanaren seinale dira datuok.

Galga jarri behar

Hirietako trafiko istripuak eta horietan gertatzen diren heriotzak murrizte aldera, neurri berri bat dago indarrean iazko maiatzetik. Horren arabera, debekatuta dago Hego Euskal Herriko hiri bide gehienetan orduko 30 kilometroko abiadura gainditzea. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak azaldu zuenez, orduko 30 kilometroko muga duten eremuetako joerak aztertuta, ikus daiteke istripuen kopurua %40tik gora murriztu daitekeela neurri horren bidez; besteak beste, orduko 50 kilometroko abiadurarekin alderatuta frenatzeko distantzia erdira jaisten delako. Gainera, orduko 50 kilometroko abiaduran gertaturiko harrapatzeetan, oinezkoak hiltzeko %90eko probabilitatea du, eta abiadura murrizten denean ehuneko hori %10era jaitsiko dela ziurtatu zuen. Hiriburuetako datuei begiratuta, hiru hildako izan ziren iaz Donostian, eta bana Iruñean, Gasteizen eta Baionan. Gainerako hiriburuetan ez zuten trafiko istripuz hildakorik zenbatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.