Mundu osoan agerikoak dira klima larrialdiaren zantzuak. Euskal Herrian ere nabarmenak dira probak: luzatuz doa uda sasoia, eta arinduz neguko hilabeteak. Tenperaturetan ere azpimarratzekoak dira aldeak, airean zein itsasoan. Klima aldaketarako Europako Batasunaren Copernicus zerbitzuak 1979tik bildutako datuen arabera, Euskal Herriko hiri eta herrietan 1,2 eta 1,7 gradu artean berotu dira tenperaturak, eta joera bera dago toki guztietan, hau da, berotzekoa. Ez toki guztietan berdin, ordea. Ekialdean gehiago eta azkarrago berotzen ari dira tenperaturak mendebaldean baino.
Horren adibidea da Bilbon eta Iruñean izan den bilakaera. Bizkaiko hiriburuan, batez besteko tenperatura 1,2 gradu igo da 1979tik 2023ra. Iruñean, berriz, 1,7 gradu. Antzeko joerak aipatu daitezke BERRIAk aztertu dituen beste hainbat hiri edo herritan. Esate baterako, Durangon (Bizkaia) eta Karrantzan (Bizkaia) ere, Bilbon bezala, dezente gutxiago berotu da batez besteko tenperatura, Tuteran (Nafarroa), Irunberrin (Nafarroa), Maulen edo Izaban (Nafarroa) baino, besteak beste.
Datuek erakusten duten joera baieztatu du Aemet Espainiako meteorologia agentziaren Nafarroako zuzendari Peio Oriak. «Errealitate larri bat da, fenomeno global bat, eta joera orokor horri ezin diogu ihes egin hemen Nafarroan edo Euskal Herrian bertan. Joerak argi eta garbi ikusten dira klima datuetan. Tenperatura maximoak eta minimoak igotzen ari dira... 1,5 gradu eta puntualki bi gradu ere igo direla ikusten dugu».
Oria jabetuta dago joera orokorra izan arren datuak ez direla berdin aldatzen ari toki guztietan. Eta ekialdearen eta mendebaldearen artean badirela ñabardurak. Zergatik? Segur aski, Mediterraneoaren eraginak zerikusia izango du horretan. «Aldakortasun handiko lurralde batean bizi gara. Badugu Bizkaiko golkoaren eragina, Mediterraneoarena, eta, horiez gain, Ebroko iparra ere erliebe unitate inportantea da. Horien erdian gaude, eta, azkenean, zer esan nahi du horrek? Gure klima hiru elementu horiek baldintzatzen dutela».
Tartean, beraz, eskala txikiko eta modulazio efektuak agertzen direla azpimarratu du Aemeteko arduradunak, eta horretan ikusten du mendebaldearen eta ekialdearen artean dagoen alde horren arrazoi posible bat. Izan ere, ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen ari. Europako eta munduko eskalan ere, Mediterraneoan bizkorrago ari dira igotzen tenperaturak beste toki batzuetan baino. «Hori al da Euskal Herrian ikusten ari garena? Ez dakigu erabateko segurtasunez, baina segur aski bai; hori ikusten da datuetan».
Joera bizkortzen ari da
Copernicusen datuek berrogei urteko bilakaera aztertzen dute. Eta mundu mailan nabarmentzen ari den joera bat ere jasotzen dutela dirudi, hau da, berotze prozesua bizkortzen ari dela. Oria: «Badirudi bizkortzen ari dela, baina toki jakin batean klima bat finkatzeko 30 bat urte behar izaten direla kalkulatzen da. Klima aldaketaren eragina oso azkarra da, eta hamarkada batetik bestera ikusten dira aurrekoaren ondorioak. Segur aski aldaketaren abiadura bizkortzen ari da, eta batez ere azken bost-hamar urteetan izan dira inoizko tenperaturarik altuenak. Nafarroari dagokionez, 2023a izan da urte beroenetan bigarrena, eta 2022a izan zen lehenengoa. Eta hurrengo bostak azken hamar urteotakoak izan dira».
Tenperaturetan ez ezik, beste fenomeno batzuetan ere nabarmentzen ari dira aldaketaren nondik norakoak. Esate baterako, prezipitazioaren patroietan izan den aldaketa azpimarratu du Oriak. «Intentsitate handiko euria egiteko joera handitzen ari da, eta horrekin batera, luzatzen ari da lehorteen iraupena. Guk hamar minutuko, orduko eta eguneroko frekuentzian neurtzen dugu euria. Datu horietan, pixkanaka, hasi gara gauza batzuk ikusten; esate baterako, intentsitate handiko prezipitazio egunak gehiago direla azken urteotan».
Ez dira horiek aldaketa erakusten duten patroi meteorologiko bakarrak. Esate baterako, 30 gradutik gorako egunen kopurua emendatzen ari da, batez ere Erriberan eta Ebroren ibarrean. Izotz egunak ere erruz gutxitu dira, Nafarroako Aemeten datuen arabera, %30 gutxitu dira egun horiek Iruñean bertan. Neguko prezipitazioa ere urritzen ari da, bereziki Kantaurialdean. Eta udazkeneko euri kopurua ugaritu egin da, bereziki ekialdeko eta Pirinioetako ibarretan, Zaraitzun, Erronkarin eta Aezkoan. Azken datu horretan ere, Mediterraneotik datorren joera bat ikusten du Oriak, Euskal Herriko Pirinio aldera iritsia.
Itsasoak berretsitako joera
Itsasoa eta atmosfera bat datozela azpimarratu dute klimatologoek. Euskal Herrian, airearen tenperaturaren igoera ez da kasu bakan bat, beraz. Itsasoan gauza bera gertatzen ari da. Aztik eta Euskal Herriko Unibertsitateak 2019an egin zuten ikerketa batean, ondorioztatu zuten Bizkaiko golkoko tenperatura 0,24 gradu igotzen ari dela hamarkada bakoitzeko. Beraz, azken mende erdian gradu bat inguru berotu da Bizkaiko itsasoko ura. Azken urteotan, gainera, agerikoa da, baita mundu mailan ere, joera hori bizkortzen eta areagotzen ari dela, eta Bizkaiko golkoa ez dago fenomeno horretatik at. Jakina, halako prozesuek, horren denbora tarte laburretan, eragin handia dute inguruko faunan eta floran, eta ondorio horiek agerian geratzen hasiak dira Euskal Herriko ekosistema askotan.