Madrilgo Puerta del Sol plazan dago Jon Agirre donostiarra. Arkitektoa da, eta Espainiako hiriburuan bizi da. Benetako Demokrazia Orain plataformak jarri zuen abian maiatzaren 15eko mugimendua. Horko kidea da, eta buru-belarri dabil. «Zirikatu» eta «herrigintza» hitzek laburtzen dute egiten ari direna, haren ustez. «Zirikatu, desobedientzia zibilarekin, jarrera ez konformistarekin, betiere bide baketsuetatik. Eta herrigintza: herritarren eskariak entzun eta haiei erantzuna emanez».
Haserretu zarete, eta plazak hartu dituzue. Orain, zer egingo duzue mugimenduari jarraipena emateko?
Desberdinak dira kanpaldiko batzarra eta Benetako Demokrazia Orain. Nik azken horren izenean hitz egingo dizut. Gure plataforma mobilizazioen aldekoa da. Maiatzaren 15ekoa antolatu genuen, eta, gero, gainerako kanpaldiak hasi ziren. Webgunean [Democraciarealya.es] jarrita dauzkagun aldarrikapenei bide ematea da gure asmoa, herri ekimenen bidez kongresura eraman eta onar ditzaten. Sinadurak bilduta egin daiteke hori, eta, horretarako, gaitasun handia duen prestigiodun jendea daukagu. Proposamenak onartuko ez balira, mobilizazioak eta mobilizazioak egingo genituzke, onartu arte.
Hauteskunde kanpainan zuen aldarrikapenen alde agertu dira hainbat alderdi. Zer iritzi duzu horri buruz?
Berdin dit. Guk klase politikoa kritikatzen dugu, oro har. Berdin zaizkigu gerturatzeko egin dituzten saioak. Beraien ekintzen arabera egingo ditugu politikarien inguruko balorazioak, eta hauteskundeen ostean oraingoz ezer egin ez dutenez, ez dugu baloraziorik egingo.
Abstentzioa eta boto zuria ugaritu egin dira Espainian. Ez duzu uste zuen ekimenak nolabait PP indartu duela?
Benetako Demokrazia Orain taldean oraindik ez dugu analisirik egin hauteskunde emaitzei buruz. Eztabaidatuko dugu; aurki prentsaurreko bat emango dugu, eta egingo dugu analisi orokor bat.
ETArekin eta kale borrokarekin lotu zaituztete. Esateko zerbait bai?
Moderatuak direlako, guztiok ezagutzen ditugun hainbat komunikabidek —ironiaz ari naiz— halako loturak egin dituzte. Baina hori erabat okerra da. Desobedientzia zibil eta baketsua da gure tresna, eta horrek deskolokatu egin du mundu guztia, sistemaren aurkako mugimenduaren ekintzak istiluetan amaitzen baitira sarri. Gu hasieratik izan gara mugimendu baketsua, eta horri eutsi diogu. Absurdua da kale borrokarekin konparaketak egitea.
Martin Garitanok esan zuen beraiek ere zuekin daudela, haiek aspalditik ari direlako demokrazia erreala eskatzen. Ados al zaude?
Esan bezala, guri berdin zaigu politikariek zer esaten duten. Egiten dutena axola zaigu. Bilduri dagokionez, guretzat gainerako alderdiak bezalakoa da, eta hari buruzko balorazioak ere gure helburuen inguruan duen jarreraren arabera egingo ditugu. Euskal Herriaren kasuan badakigu gatazkarekin lotuta aldarrikapen historiko zehatzak daudela. Haiek inoiz ez dira Benetako Demokrazia Orain taldearen aldarrikapenetan sartuko, guk askoz aldarrikapen globalagoak egiten ditugulako, Espainiako gizarte osoari eta nazioartekoari eragiten diotenak. Erabat ulertzen dugu haiek beren lana egitea beste alor batzuetan. Eta, beste alderdi batzuek bezala, haiek ere izango dituzte gurekin bat egiten duten aldarrikapenak.
Hemen testuingurua desberdina da. Horrek eraginik izan al du, zure ustez, M-15eko mugimenduak indar desberdina izan dezan?
Indar desberdina? Ez dakit, datuak hor daude. Edozein kanpalditatik pasatzea nahikoa zen asteburuan, indarra izugarria izan dela jabetzeko. Ez dago dudarik ezker abertzaleak beti hartu duela partzela bat eremu hauetan. Euskal Herriko testuinguruan ere baliagarriak izango diren agertokiak eskatzen ditugu guk.
Udal eta foru hauteskundeak. Jon Agirre. Benetako Demokrazia Orain taldeko kidea
«Euskal Herriko egoeran ere baliagarriak izango diren agertokiak eskatzen ditugu»
Benetako Demokrazia Orain plataformak jarri zuen abian maiatzaren 15eko mugimendua, eta hango kide da Jon Agirre. Beraien aldarrikapenek Euskal Herrian ere tokia dutela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu