Euskal Herriko bakearen alde engaiatu da Bartzelonako Udala

Babes politiko zabalarekin onartu dute adierazpena. C's eta PP ez beste alderdi guztiak agertu dira alde. Bake prozesua «laguntzeko» eta «errazteko» konpromisoa hartu dute

Adierazpenaren sinatzaileak eta sustatzaileak, atzo, Bartzelonako udaletxean. DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Bartzelonako Udala, Ada Colau alkatea buru duela, Euskal Herriko bake prozesua «laguntzeko» eta «errazteko» konpromisoa jaso duen adierazpenaren alde agertu zen atzo. Babes politiko zabalarekin, gainera, Ciutadans eta PP ez beste alderdi guztiek babestu baitute agiria —En Comu, PDeCAT, ERC, PSC eta CUP—. 41 zinegotzietatik 33k sinatu zuten adierazpen instituzionala. Gainera, Jaume Asens alkateordeak azpimarratu bezala, «adierazpenak Amnesty Internationalen eta sindikatuen gehiengoaren babesa ere izan du». CCOOk, UGTk eta CGTk ere babestu dutelako, bertzeen artean.

Atzoko urratsa ekainaren 13an Bartzelonako Udalak Foro Sozial Iraunkorrarekin eta Fundipaurekin elkarlanean antolatu zuen Bakea eraikitzen jardunaldien ondorioa izan zen. Mahai inguru ezberdinetan ateratako adostasunak biltzen dituen adierazpen instituzionala da, bertzeak bertze.

08:30ean, Bartzelonako osoko bilkura abiatzear zenean, Kataluniako hiriburuko alkate Ada Colauk harrera egin zien, Jaume Asens alkateorde eta gainontzeko alderdi politikoekin batera, Bartzelona Euskal Herriko bakearen alde manifestuaren sinatzaileei. Tartean ziren, bertzeak bertze, Foro Sozial Iraunkorreko kide Teresa Toda eta Etxerat Elkarteko Patricia Velez.

Adierazpenak jasotzen duenez, Bartzelonak «Euskal Herriko bizikidetzarako giza eskubideen babesa ardatz nagusitzat eta erreferentzia bakartzat hartzea» babesten du, baita giza eskubideen urraketak «ez errepikatzeko bakearen kultura sustatzea ere».

Horrez gain, biktimek egia, justizia eta ordainerako eskubidea dutela aldarrikatu du. ETAren biktimak eta «50 urteko gatazkan izan diren gainontzeko indarkeria adierazpenen» biktimak aipatu ditu.

Euskal presoei ere egin die erreferentzia. «Jaioterrira edo familien bizitokira gerturatzea, gaixo dauden espetxeratuen tratu humanitarioa eta beste estatuetan betetako kondenen pilatzea ahalbidetzen duen espetxe politikaren aplikazioa sustatzea» adostu dute taldeek, «legedi europarrak eta giza eskubideen estandarrek aurreikusten duten bezala». Presoei, «egindako mina aitortzea» aholkatu diete, «gatazkaren biktima desberdinen adiskidetzea eta elkar ezagutzea asetzeko».

Adierazpenaren esanetan, Euskal Herria «agertoki berri batean» dago, «bizikidetzaren, bakearen eta adiskidetzearen aldeko testuinguruan murgilduta». Bartzelonak «indarkerien kontrako manifestazio jendetsuen aurrekaria izanik eta, aldi berean, terrorismoaren basakeria pairatu ondoren, euskal gizartearen pluraltasuna babestu nahi du, etapa berri bat sendotzeko bidean».

Udalbatzarrak dio «Hipercor-eko atentatuaren 30. urteurrenarekin batera», beste urrats bat egin nahi duela hildakoen eta euren familien memoriaren oroimenean. «Eta egin nahi du, etorkizunera begiratuz, gertakari horiek sekula errepikatu ez daitezen, eta bakearen kultura eta ez errepikatzearena zailtzen duten mendeku jarreretatik urrun».

«Iritzi korronte bat sortzea»

Teresa Toda Foro Sozialeko kideak BERRIAri adierazi zionez, Bartzelonako adierazpen instituzionalak erakutsi du gehiengo politiko zabal bat dagoela, eta helburua orain «estatuan zehar, iritzi korronte berri bat sendotzea» izango da. Bere hitzetan, Bartzelonako adierazpena «erabakigarria» izango da aurrerantzean, han eta hemen, «hitz egin, entzun eta adostasunak lortzeko».

Etxerat elkarteko Patricia Velezek, gainera, gogoratu zuen, «gizarte zibilaren hausporik gabe» Bartzelonako adierazpena ez zela posible izango, eta aurrerantzean, Bartzelona bidelagun «ezinbestekoa» dela euskal gizartean sendotuta dagoen gizartearen kontsentsua zabaldu, eta dispertsioaren kontra eta bizikidetzaren alde «estatu mailako iritzi korronte berri bat sendotzea».

Jordi Armadans Fundipauko kideari ere garrantzitsua iruditu zitzaioan «estatuko bigarren udalik garrantzitsuenak» adierazpen hori onartu izana, «babes politiko hain zabalarekin».

Robert Manrique Hipercorreko biktimarentzat ere «pertsonalki garrantzitsua» da adierazpena, «agerian uzten du Bartzelona bakearen, elkarrizketaren eta konponketaren aldeko hiria dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.