Euskal Herriko 250 kulturgilek baino gehiagok bat egin dute Palestinari elkartasuna adierazteko eta «genozidioa» etetea eskatzeko. Kulturatik genozidioari stop egitasmoa sortu zuten, eta manifestazio nazionalera deitu zuten etziko. Donostian egingo dute: 12:30ean abiatuko dira, Alderdi Ederretik, eta Haizearen Orrazian amaituko dute. Manifestaziorako deiak atxikimendu ugari jaso ditu, bai kultur munduko pertsonen partetik, bai alderdi politikoen, sindikatuen eta gizarte mugimenduen partetik.
Egitasmoa otsailaren 29an aurkeztu zuten, eta ordurako kulturgile asko bat eginak ziren manifestazioarekin. Gaur egindako prentsaurrekoan, antolatzaileek nabarmendu dute babesa adierazi dutenen zerrenda boskoiztu egin dela. Hauek dira bat egin duten 250 kulturgile edo sortzaile horietako batzuk: Fernando Bernues zinema eta antzerki zuzendaria, Aitziber Garmendia aktorea, Jon Maia dantzaria, Eneko Sagardoi aktorea, Olatz Salvador abeslaria, Harkaitz Cano idazlea, Itziar Ituño aktorea eta Alauda Ruiz de Azua zinema zuzendaria.
Etziko manifestaziorako deia babestu duten alderdi politikoak denetarikoak dira. Oraingoz, bat egin dutenak EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, Sumar, Ezker Anitza eta EH Bai dira. Antolatzaileek zehaztu dute EAJko ordezkariak ere manifestazioan izango direla. ELA, LAB, Steilas, UGT, CCOO eta Etxalde sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin, eta, gizarte mugimenduei dagokienez, hauek nabarmentzen dira: Gernika Palestina Herri Ekimena, Yala Nafarroa plataforma eta Sanitarioak Palestinarekin.
«Masiboa» izatea nahi duten manifestazio horren ibilbidean, dozenaka esku hartze artistiko egongo dira, formatu txikian, kaleko artisten gisa ia-ia. Gaur zehaztu dute zeintzuk izango diren esku hartuko dutenak; dozenaka izango dira, eta hona hemen batzuk: Olatz Salvador eta Mikel Urdangarin abeslariak, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio bertsolariak, Malmo eta Maitane Azurmendi ilustratzaileak, eta Noe Viana eta Leire Otamendi dantzariak. Martxaren bukaeran giza irudi erraldoi bat osatu nahi dute, manifestariak lurrean etzanda, Haizearen Orrazitik Ondarretaraino, Gazan hildakoak irudikatzeko.
Gaur egin duten prentsaurrekoan, hainbat ilustratzailek berariaz sortutako margolanak eta ilustrazioak ere aurkeztu dituzte, eta herritarrei dei egin diete etziko mobilizaziora etxean egindako kartelekin joateko.