«Herri gisa elkartzeko», Euskal Herria Batera-k ekitaldi bat antolatu du ostiralerako. Urtarrilean iragarri zutenez, Aberri Eguna baino bederatzi egun lehenago, «ekitaldi berezi eta indartsua» egingo dute Donostiako Kursaalean. Sabino Arana fundazioak, Agirre Lehendakaria Centerrek eta Olaso Dorrea fundazioak sustatu dute ostiraleko ekitaldia, eta, gaur, adierazpen bateratua aurkeztu dute Bilbon. Euskal Herriaren «burujabetza sendotzeko» eta «erronkei aurre egiteko» «konpromiso komunitarioa» indartu beharra dagoela azpimarratu dute.
Ikusi gehiago
«Aurtengo Aberri Eguna munduaren eta, beraz, gure herriaren etorkizuna aldaketa sakonen menpe dagoen garai historiko batean ospatuko dugu», adierazi du Ainara Zelaia Sabino Arana fundazioko lehendakariordeak. Haren arabera, egungo egoera «ziurgabetasunez eta erronkaz beteta» dago. Alde batetik, «gerren basakeriak» agerian utzi du «ordena zaharra krisian» dagoela. Bestetik, gaur egun «hainbat faktorek» eraldatu dute herritarren bizimodua; besteak beste, adimen artifizialak, klima larrialdiak eta eraldaketa demografiko sakonek. Horrez gain, ultraeskuinaren eta populismo atzerakoiaren gorakadak kolokan jar dezake «demokrazia bera».
«Erronka global» horiek guztiak Euskal Herriaren «errealitate nazionalean» antzeman daitezke, Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko lehendakariaren arabera. Izan ere, Espiauk esan du «Euskal Herria osatzen duten hiru eremu instituzionalek erronka berberak» dituztela, «nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak» izan. Horiek horrela, Zelaiak esan du «inoiz baino beharrezkoagoa» dela «demokrazia eta gizarte justu eta aurrerakoia» defendatzea: «Euskal Herrian, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako proiektu bat indartzeko beharra dugu».
«Euskal Herrian, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako proiektu bat indartzeko beharra dugu»
AINARA ZELAIASabino Arana fundazioko lehendakariordea
«Burujabetza indartu eta erronkei aurre egiteko», «konpromiso komunitarioa» indartzea beharrezkotzat jo du Irati Jimenez Olaso Dorrea fundazioko lehendakariak. «Horretarako, herrigintza aktibo bat behar dugu, belaunaldi berriei aukera emango diena eta tresna politiko eta instituzionalak egokituko dituena», azaldu du.
Horrez gain, tresna politiko eta instituzionalak eguneratu behar direla esan du Espiauk, eta «herri diagnostiko sakon bat» egin behar dela, funtsezko auzi batzuei erantzuna emateko. Besteak beste, industria sarearen eta energia ereduaren etorkizunaren inguruan hausnartu behar dela esan du, baita hezkuntzaz, hizkuntza politikez eta gizartearen ongizateaz ere.
Oinarriak «ozen»
Fundazioek euren lau oinarriak aldarrikatuko dituzte Aberri Egunean, «ozen», Jimenezek azaldu duenez. Euskal Herria nazio bat dela argi utziko dute: «Euskal nazioa existitzen da, eta gure ardura da etorkizunean ere herri gisa irauteko tresnak eguneratu eta sendotzea». Horrez gain, «bere etorkizuna erabakitzeko gai» izan behar duela adieraziko dute, «subiranotasunez, inposaketarik gabe».
Komunitatearen hizkuntza euskara dela adieraziko dute. Izan ere, euskararen biziberritze osorako konpromisoa berretsi dute gaur. «Aniztasuna balio gisa» duen nazio bat dela ere nabarmenduko dute. Munduan arrazakeria eta xenofobia areagotzen ari diren honetan, nabarmenduko dute euskal herritarra dela «bertan bizi, lan egin eta herriaren parte izan nahi duen oro».
«Euskal nazioa existitzen da, eta gure ardura da etorkizunean ere herri gisa irauteko tresnak eguneratu eta sendotzea»
IRATI JIMENEZOlaso Dorrea fundazioko lehendakaria
Jimenezek dei egin die euskal herritarrei, Aberri Egunean duten guztiaz goza dezaten. «Etorkizun hobeago bat amestera» ere gonbidatu ditu: «Herritar askez osaturiko herri aske bat amestera».
Ostiraleko ekitaldiari begira, Euskal Herria Batera-ko Carlos Etxeparek gogoratu du pieza kultural bat izango dela, eta hainbat sortzaileren pentsaera eta ideia eszenikoak batuko dituztela oholtzan, hala nola Manex Fuchsenak, Lorea Agirrerenak eta Martxel Rodriguezenak. «Aurreikusitako edukiera ia beteta dago; ekitaldia streaming bidez eman ahal izateko lanean ari gara, munduan barreiatuta dagoen euskal komunitate osoa erakartzeko asmoz», jakinarazi du. Hain justu, euskal diaspora ekarri du gogora gaur Etxeparek: «Euskal Herritik kanpo egon arren, askok partaide sentitu nahi dute, eta beste euskaldun batzuekin harremanak mantendu eta estutu nahi dituzte».
Aberri Egunari dagokion garrantzia emateko deia egin du Etxeparek, eta eskatu «dagokion instituzionalizazio maila» eman diezaiotela. Era berean, «ospakizun zabalago eta bateratuago bati» bide emango dioten baldintzak sortzeko eskatu du.