EUSKARA

Euskal Herriaren independentzia aldarrikatuko du aurrerantzean Euskal Herrian Euskaraz-ek

«Euskararen lehentasunezko estatusa eraikitzeko» eta «normalizazio osoa erdiesteko beharrezko duen hizkuntza politika burujabea bultzatu ahal izateko» galdeginen du Euskal Herriaren askatasuna euskararen aldeko taldeak. Ikusmira adierazpena aurkeztu dute taldeko kide zahar eta berriek, Usurbilen.

Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak, gaur, Usurbilen. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 20a
12:42
Entzun

«Diglosia egoeraren oinarrian dagoen hizkuntza asimilazioari» aurre egiteko «jauzi» baten beharra ikusi du Euskal Herrian Euskaraz taldeak (EHE), eta erabaki du aurrerantzean Euskal Herriaren independentzia «argi eta garbi» aldarrikatuko duela: ez helburu gisa, baizik eta euskararen normalizaziorako «bitarteko» modura. Honela adierazi dute gaur Usurbilen (Gipuzkoa) Euskal Herrian Euskaraz-eko kide zahar eta berriek aurkezturiko Ikusmira adierazpenean: «EHEk Euskal Herriaren independentzia eskatzen du, euskararen lehentasunezko estatusa eraikitzeko, eta normalizazio osoa erdiesteko beharrezko duen hizkuntza politika burujabea bultzatu ahal izateko». Era berean, beharrezkotzat jo du Euskal Herriko biztanleen «deskolonizazioa», «euskaldun eta burujabe, mendeko hizkuntza praktika gainditu eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua» egiteko.

Kontxi Erro EHEko sortzaileetako batek eta Ane Aizpurua gaur egungo EHEko kideak aurkeztu dute dokumentua Usurbilen, eta ondoren argazkia atera dute EHEko kide zahar eta berriek Zumetaren muralaren aitzinean, Mikel Laboa plazan. 1979an euskararen aldeko taldea sortu zenean zituzten «kezka eta ametsak» azaldu ditu Errok, eta Aizpuruak aitortza egin die orduan euskararen aldeko borroka abiatu zutenei: «Ziur gaude euskararen egoera askoz ere larriagoa litzatekeela EHE existitu ez balitz, EHEtik igaro diren ehunka euskaltzaleren ekarpen zintzo eta eskuzabalik gabe». Adierazi du, ordea, oraindik «bidea» dagoela «Frantziako eta Espainiako estatuen inposizio linguizidari aurre egiteko». Hori dela eta, gogoeta prozesu baten ondoren, EHEren sorrera agiria eguneratzea erabaki dute: gaur aurkeztu duten Ikusmira adierazpena, hain zuzen.

Euskal Herri euskalduna helburu

Independentziaren aldarria gehitzea izan da berritasun nagusia, eta, hortik harago, bat egin dute EHEren orain arteko oinarriekin: euskaldun eleanitzez osaturiko Euskal Herri euskalduna lortzea eta euskararen erabilera lehentasunezkoa izatea izanen ditu helburu nagusiak taldeak, orain arte gisan. Taldearen ustez, hain zuzen, «ezinbestekoa» da euskarak lehentasuna izatea, eta horretarako «bai ahozko erabileran, bai eremu funtzional eta geografiko guztietan hegemoniko» bilakatu behar du euskarak.

Adierazi dute, halaber, ikuspegi intersekzionala duela EHEk, euskarak jasaten duen zapalketa «estatu linguiziden, Europaren eta patriarkatu kapitalistaren ondorio» baita: «Horregatik, EHE solidarioa da nolabaiteko zapalketa jasaten duen norbanako eta kolektibo ororekin». Instituzioei deia egin diete hizkuntza politika «eraginkorra» egitera, haien «ardura» baita. Eta, azkenik, jakinarazi dute EHEren jardueraren «bereizgarri nagusiak» desobedientzia eta aktibismoa izanen direla aurrerantzean ere, jakinik «euskaldunok egin dezakegun ekintzarik desobedienteena ahaldundu eta ukazio eta bazterkeria guztien gainetik euskaraz bizitzea» dela.

Aurkezturiko puntuekin bat egiten duten euskaltzaleei EHEren komunitatearekin bat egiteko deia egin diete: «Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesuak beharrezko duen jauzia egiteko EHE indartsua behar dugu, euskaltzale guztien ekarpena behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.