Independentzia

Euskal Herriaren independentzia aldarrikatu du Xuti Gaztek, Irun eta Hendaia arteko mugan

Gazte antolakundearen hitzetan, Frantziako Estatuaren menpe diren herriek ez dute «deus ospatzekorik» uztailaren 14an. «Zapalkuntzarena den egun honetan, askatasuna aldarrikatzen dugu guk».

Xuti Gaztekoen ekintza Irun eta Hendaia arteko mugan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko uztailaren 14a
12:53
Entzun

Xuti Gaztek Euskal Herriaren independentzia aldarrikatu du Frantziako besta nazionalaren egunean, Irun eta Hendaia arteko mugan. Bi pankarta zintzilikatu dituzte Santiago zubitik: Independentzia leloa zeraman ikurrin bat eta Gure lurraren, hizkuntzaren eta bizitzen defentsan, independentzia! zioen beste bat.

1789ko iraultza ospatzen dute Frantzian uztailaren 14an. «Estatu honen menpe garen herriok ospatzeko deus ez dugula oroitaraztera heldu gara», adierazi du Xuti Gaztek agiri batean. «Mendeetan zehar, Frantziako Estatuak, mota eta kolore guztietako gobernuekin bere hizkuntza, kultura eta balioak inposatu ditu. Egun, oraindik, egoera ez da aldatu; etengabekoak dira euskararen eta, oro har, Euskal Herriaren aurkako erasoak».

Migranteek kontrako mugetako kontrolak, euskal preso eta iheslarien egoera, lurra eta etxebizitzaren arazoa eta urtean zehar Ipar Euskal Herriko gazteen kontrako izandako atxiloketak salatu dituzte besteak beste. «Aske izan nahi dugu, edonon, edonoiz. Ez dugu hizkuntza eta kultura inposaturik nahi gurearen gainetik, ez dugu eraso sexista, xenofobo edo LGBTIQ+foboak instituzionalki babesten dituen estatu batean bizi nahi», azaldu dute agirian. «Azken urteetan, preso politikoen askatasunaren alde, etxebizitza eskuragarrien bidean edota euskararen ofizialtasunaren alde Ipar Euskal Herrian sortu den gehiengoaren baitan, gaurtik aitzina ere lanean jarraituko dugu mugimendu eta eragile ezberdinekin, guztiontzako lekua duen Euskal Herri aske eta justua eraikitzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.