Gure Esku-k burujabetzaren aldeko ekinbidea abiatuko du, Euskal Herrian eta nazioartean

Aldi politiko berri bat hastera doala sinistuta, abagune hori baliatu nahi du «sinergiak sortu, eta herri bat eta bakarra garela adierazteko».

(ID_13396975) (Raul Bogajo/@FOKU) 2023-12-02, Gasteiz. Gure Eskuk Batzar orokorra egin du aurrera begirako lanak azaltzeko eta zuze...
Gure Eskuren batzar orokorra Gasteizen. Raul Bogajo/FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko abenduaren 2a
13:00
Entzun

Batzar orokorra egin du Gure Esku-k Gasteizen, eta, zuzendaritza berritzeaz gain, ondoko urteetan eginen duen lanketaren berri eman du. Euskal Herriaren burujabetza izanen dute ardatz, eta eragile soziopolitikoen arteko «adostasunak josten» eta euskal lurraldeen arteko «lankidetzak sakontzen» ere saiatuko direla adierazi dute, «sinergiak sortu, eta herri bat eta bakarra garela adierazteko». Bi urteko aldia aurkeztu dute: «Bi urte hauetan ekinbide eta mobilizazioak baliatuko ditugu Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea izan dezan, herri bat garela aitortu dezaten, eta herri bat eta bakarra izatea lor dezagun».

Gure Esku-ren ustez, joan den hilabetean gertatu diren «hainbat aldaketak» abagune politiko «interesgarria» zabaldu dute, eta aukera horri heldu behar zaiola uste dute. «Gure lurraldeetan erabakitzeko eskubidea gauzatzea xedetzat hartuta, anbizioz helduko diogu datorrenari», baieztatu dute. Haien iritziz, burujabetzaren gaia «agenda politikoan» dago zenbait lurralde eremutan: «Espainiako Gobernua osatzeko prozesuan presente egon da gaia, eta legegintzaldi berrian auziari heltzeko aukera ireki da. Nafarroako Foru Hobekuntza berritzeko prozesu ireki berrian ere, baita Euskal Elkargoaren etorkizuna definitzeko abian den eztabaidan ere».

Bi urterako ekintza plana prestatu du Gure Esku-k, «herritarrak ahaldundu» eta erabakitzeko eskubidearen bidean «eraginkorrak» izateko. «Herritarrak batu, sinergiak sortu, eta euskal ametsaren bidean jarriko gara». Hasieran, herriz herri «Euskal Herria aktibatu» eta egiturazko ekinbide bat «martxan jartzea» dute helburu. Ondoren, lurraldetasuna landu nahi dute: «Zazpi probintziak osatutako herri bat garela argi adieraziko dugu, nazio bat garela zabalduko dugu». Elkarren arteko lankidetza areagotzeko xedea dutela erran dute: harreman gehiago, proiektu bateratu gehiago eta baliabide gehiago.

Horrek guztiak «herria martxan» jarriko duela espero dute, «herri nortasuna azaleratuz eta lurraldetasuna landuz», eta indar horiek hartuta nazioartera salto egitea dute xede, mobilizazio «erraldoi» baten bidez. «Euskal Herria bere osotasunean erakutsiko dugu. Munduan gure herria nazioa dela aldarrikatuko dugu, erabakitzeko eskubidea nahi eta behar dugula, eta prozesu demokratikoen bidez erabaki nahi dugula gure etorkizun politikoa».

Herri mobilizatua

Gure Esku-ren iritziz, Euskal Herriak azken hilabeteetan erakutsi du mobilizatzen den herria dela. Euskararen kontrako «eraso, mespretxu eta irainen» aurka izandako mobilizazioak eta ostegunean izandako greba orokor feminista hartu dituzte eredu gisa. «Gure herria burujabea izatea nahi dugulako, kaleetan gure aldarriak zabaldu ditugu azken hilabetean». Bazkideen artean egindako batzarraren ondotik, argi adierazi dute: «Euskal Herriaren liluragarriena ez da zer den, zer izan nahi duen, baizik eta hori lortzeko egiten den saiakera nekaezina. Liskar guztien gainetik euskal ametsa zaindu behar dugu. Nazioartean Euskal Herriaren proiektua aurkeztu behar dugu, utopia. Etorkizuna badago, badago itxaropena; beraz, etorkizunaren lema hartzeko unea da».

Gure Esku-ren gidaritza izanen duen zuzendaritza berria aurkezteko ere baliatu dute batzar orokorra. Hainbat aldaketa izan ditu, eta horrek «berritasuna eta freskotasuna» ekarriko dizkiela baieztatu dute. Hauek osatuko dute zuzendaritza berria: Paula Roson, June Romatet, Irantzu Perello, Zelai Nikolas, Nekane Altzelai, Eli Zubiaga, Garazi Basterretxea, Egoitz Albizu, Unai Jimenez, Unai Oiarzabal, Unai Beaskoetxea, Iñigo Urrutia, Pello Urzelai, Beñat Sarasola, Anartz Goia, Joxi Martin, Andoni Rodriguez eta Josu Etxaburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.