Euskal Herrian ere Palestinaren alde kanpatu dira ikasleak

Hegoaldeko lau campusetan kanpaldiei ekin diete ikasleek gaur, Palestinari elkartasuna adierazteko. Mundu mailako 'Students For Gaza' mugimenduarekin bat egin dute.

Hainbat ikasle, gaur, EHUren Gasteizko campuseko kanpaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Hainbat ikasle, gaur, EHUren Gasteizko campuseko kanpaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko maiatzaren 6a
19:30
Entzun

Palestinaren aldeko kanpaldiak egiten ari dira mundu osoko milaka ikasle. Duela aste batzuk sortu zuten Students For Gaza mundu mailako mugimendua, eta New Yorkeko Columbia unibertsitatean hasitako kanpaldiak —300 ikasle baino gehiago atxilotu dituzte— mundu osora hedatu dira, baita Euskal Herrira ere. IA Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduak antolatuta, Palestinaren aldeko kanpaldiei ekin diete hainbat ikaslek Hego Euskal Herriko unibertsitateetako campusetan. Ikama ikasle mugimenduak, Ernai gazte antolakundeak eta LAB sindikatuak bat egin dute EHUren Ibaetako (Donostia), Gasteizko eta Leioako campusetan, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusean kanpatzeko deiarekin.

Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta palestinar erresistentziari eta haien alde mobilizatzen ari diren ikasleei elkartasuna adierazteko antolatu dituzte kanpaldiak. Gaur eguerdian egin dituzte lehen batzarrak campusetan, eta arratsaldean ekin diote kanpatzeari. Bihar ere kanpatuta segitzea aurreikusten dute.

IAk Israelgo Estatuaren «genozidioa» salatu du: «Israelgo estatuak sei hilabete baino gehiago daramatza inpunitate osoz Gaza suntsitzen, palestinarrak bere lurretatik kanporatzen eta gerra Ekialde Hurbileko beste herrialdeetara zabaltzeko ahaleginak egiten. Jada 30.000 palestinar baino gehiago erail ditu Israelgo estatu sionistak, eta genozidioa bere amaieratik urrun dagoela dirudi».

Halaber, ikasle mugimenduak salatu du Poliziak «bortizki» erantzun duela unibertsitateetan egiten ari diren protesten aurka, milaka ikasle atxilo hartuta. Horregatik, «mundu osoko ikasleen lekukoa hartu» eta kanpaldiak egitera deitu ditu Hegoaldeko ikasleak ere.

Ernaik ere gazteei eta ikasleei dei egin die «ahotsa altxatzera» eta «elkartasunaren bandera» hartzera: «Ikasle mugimendua historikoki eraldaketa eta emantzipazio prozesuen subjektu garrantzitsua izan da, eta, oraingoan ere, horrela izaten jarraituko du. Isilik geratu eta beste alde batera begiratzea ez da aukera bat».

Manifestazio nazionala

Israeli Boikot, Desinbertsio eta Zigor Mugimenduak (BDS) eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak ere babesa adierazi diete kanpaldiei. Gainera, plataformak gaur dei egin die herritarrei maiatzaren 18an Iruñean egingo duten manifestazio nazionalean parte hartzera. 12:30ean abiatuko da Basotxotik, eta palestinarrei elkartasuna adieraziko diete: «Historiako ofentsiba ankerrenetako baten lekuko izaten ari gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.