Gernikako Akordioa izenpetu duten eragileek amaitzear den urtearen balantzea egin dute. 2012a urte «gogorra» izan dela adierazi dute, aurrerapausoak egiteko baldintza sozial eta politiko onak egon arren ez delako eman pauso nabarmenik. Hala, Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu diete ETArekin hitz egiteko.
Esan dutenez, Euskal Herrian sortu den egoera ez da oraindik bake egoera: «Ez da bake egoera, oraindik jende askori sufrimendua eragiten jarraitzen dutelako, oraindik giza eskubide ugari zapalduak izaten ari direlako».
Era berean, Ikoitz Arrese Gernikako Akordioko kideak azaldu du egungo egoera soziopolitikotik erabat kanpo daudela jarduera politikoak zigortzen dituzten epaiketa politikoak, espetxeratzeak zein espetxe politikak.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren aurka erakutsitako jarreraren inguruan, esan du Espainiako Estatuak urteetako espetxe politika «arriskuan»ikusi duela. «Estrasburgoko auzitegiaren epaiaren aurka helegitea jartzeaz gain, nazioartean auzitegia bera baldintzatzeko egiten ari den presioak argi adierazten du bere borondate politikoa zein den».
Ondorioz, bakea eraikitzeko alde guztiek oraindik pauso ugari eman behar dituztela azpimarratu dute. Espainiako eta Frantziako gobernuei ETA erakundeak bere egitura militarra indargabetzeko eta armagabetzeko prozesuaz mintzatzeko eskaintza zehatza egin arren, gobernuen erantzuna «berriro ere etsigarria» izan dela salatu dute. «Gobernuek, gatazka bera ukatuz, konponbide prozesua ere ukatu nahi izan dute, eta prozesuaren blokeoa eragin. Beren gerra mezuetan gotortu dira, euskal herritarren bake nahiari bizkarra emanez», azaldu du Ikoitz Arresek.
Izan ere, Gernikako Akordioa izenpetu zuten eragileen ustez, bai bi gobernuak eta bai zenbait eragile politiko, beren adierazpen eta ekintzekin, «gero eta urrutiago» daude euskal herritar gehiengoarengandik. Zehaztu dutenez, herritarrek eragile politikoei eskatu diete eseri eta hitz egin dezatela, bake eta normalizazio politikoa eraikitzeko bidean «akordio zabalak» lortzeko.
Horretarako, eredugarritzat jo dituzte Baionako Foroa eta Donostiako Udalak gatazkaren biktima guztien oroimenez eginiko ekitaldia. «Freskoa bezain eraberritzailea da Ipar Euskal Herritik datorren konponbide haizea. Frantziako Gobernuaren jarrerei aurre eginez, Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztiek eta eragile sozial ugarik foro horretan parte hartu dute. Dinakima benetan eredugarria», esan du Arresek. Hego Euskal Herrian ere, elkarrizketarako dinamikak «behingoz» abian jartzeko nahia adierazi dute, mintzakide guztiak eroso sentiaraz daitezen baldintzak sortuta. Halaber, Donostiako Udalak gatazkaren biktima guztiei eginiko omenaldia «aurrerapauso xumea baina garrantzitsua» izan dela azpimarratu dute, alderdi politiko guztien ordezkariek parte hartu zutelako.
2013rako lehentasunak
Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileentzat, euskal preso politikoen egoera errotik aldatzea da 2013.urteko lehentasun nagusia, «normalizazio politikoa eraikitzeko bidean elkarrizketa politikoa suspertzeko eta gatazkaren ondorioak bake bidean jartzeko». Horretarako, lehenengo pausoa euskal presoak Euskal Herriratzea izan behar dela nabarmendu dute. «Horregatik, Gernikako Akordioan bildutako eragileok urtarrilaren 12an Bilboko kaleetan pauso berriak eginez hasiko dugu urtea».
Euskal Herrian bake egoera sortu ez izana salatu dute Gernikako Akordioko kideek
Frantziako eta Espainiako gobernuei ETArekin hitz egiteko eskatu diete, eta Baionako Foroa «eredugarritzat» jo duteEuskal presoak Euskal Herriratzeari lehentasuna eman behar zaiola esan dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu