Eguraldia

Euskal Herrian 40 gradutik gorako tenperaturak izan dira asteburuan

Iluntzean enbata sartu da kostaldean, eta, ondorioz, bertan behera utzi dituzte Donostiako Aste Nagusiko su festa eta kaiko kontzertuak.

Kontxako hondartza (Donostia), atzo, jendez gainezka. GORKA RUBIO / FOKU
Kontxako hondartza (Donostia), atzo, jendez gainezka. GORKA RUBIO / FOKU
2024ko abuztuaren 12a
11:00
Entzun

50 gradu egiten zituela adierazten zuen atzo eguerdian Bilbo erdialdeko termometro batek. Erregistro ofizialen arabera, Euskal Herrian, Laudion (Araba) egin zuen bero handiena: 42,8 gradu. Sodupen (Bizkaia), 42,6 gradu erregistratu ziren, Zizurkilen (Gipuzkoa) 42,2, eta Baztanen 40,6. Beteta egon ziren hondartzetako aparkalekuak, txosnak eta bainu eremuak, eta erabat hutsik, aldiz, hirietako kaleak.

Asteburuan Osakidetzak hogei pertsona artatu behar izan ditu bero handiak eragindako arazoengatik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi duenez, 22 eta 92 urte bitartekoak izan dira horiek, eta gehienek sintoma hauek zituzten: desorientazioa, dardarak, zorabioak eta nekea.

Beroaldiaren ostean, ordea, iritsi da arnasaldia. Gaualdean enbata sartu da isurialde atlantikoan, eta, horrekin batera, nabarmen freskatu du, eta haize bolada handiak izan dira. Galerna sartu bezain pronto, 39tik 31 gradura freskatu zen tenperatura Galeako puntan (Bizkaia), Euskalmeten arabera. Handik, Gipuzkoako kostara zabaldu zen fenomenoa, eta orduko 60 kilometroko haize boladak izan ziren. Gauean orduko 95 kilometrokoak ere izan dira.

Segurtasun neurriak

Horiek horrela, Donostiako su festa atzeratu egin zuten lehenbizi, eta bertan behera utzi azkenean. Izan ere, araudiak adierazten duenez, ezin da surik jaurti haize boladak orduko 30 kilometro baino gehiagokoak badira. Suak hasi baino minutu batzuk lehenago, 22:45 aldera, ikuskizuna 23:00etara atzeratuko zutela iragarri zuten antolatzaileek Kontxako badiako megafoniatik. Beste zenbait atzerapenen ostean, bertan behera utzi zituzten azkenean. «Segurtasun mahaiak erabaki du, sartu den enbataren ondorioz bertan behera uztea gaueko su artifizialak», adierazi zuen Donostiako Udalak. Hala, Mediterraneo su etxeak zuzendutako emanaldia egin gabe geratu da, eta udalak jakinarazi du ez dela beste egun batean egingo.

Portuan egitekoak zituzten kontzertuak ere bertan behera uztea erabaki zuten Donostiako Piratek. Horiek horrela, oholtzara igo gabe geratu ziren Bele eta Hofe x 4:40; 23:05ean eta 01:00etan jotzekoak ziren, hurrenez hurren. Esne Beltzak, aldiz, eman zuen kontzertua Saguesen, 0:30ean, aurreikusi baino 45 minutu geroago.

Badirudi gaur ez dela halako berorik izango, aire masa fresko baten eraginez 14-12 gradu freskatuko baitu Euskal Herriko leku gehienetan. Egunak aurrera egin ahala, lainotzen hasiko da, eta litekeena da arratsaldean eta iluntzean euria egitea toki batzuetan, baita ekaitzak izatea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.