Martxoaren 8a datuz hornitu du Gaindegiak, eta azpimarratu du "sakonki erroturik" jarraitzen duela lan merkatuaren eta etxeko lan eta zaintzen gaineko dikotomiak. Gaindegiak emandako datuen arabera, gero eta gehiago dira lan esparru formalean ari diren emakumeak, baina oraindik ere gizonezkoena baino 8,7 puntu apalagoa da haien jarduera. Gainera, datu adierazgarri bat eman du: Hego Euskal Herrian etxeko lanei ekiten dien "inaktiboen" %89,9 emakumezkoak dira.
Etxetik kanpoko lanbideetan dabiltzan emakumeen kasuan zein langintza nagusitan aritzen diren ere jakinarazi du Gaindegiak. Hego Euskal Herrian oinarrizko lanbideetan aritzen diren guztien %70,6 emakumezkoak dira, eta erdiak baino gehiago dira kontabilitateko eta administrazioko lanetan, jatetxeetako, zerbitzu pertsonaletako eta babes zerbitzuetako langile eta saltzaileen artean, eta zaintza eta adimen arloetako teknikarien artean.
Ipar Euskal Herrian, berriz, enplegatuen %82,8 dira emakumezkoak —pertsonal zerbitzuak, enpresetako bulegoetako lanak, merkataritza eta administrazio publikoa—. Goi mailako kuadro eta lanbide intelektualetan gizonezkoak baino gutxiago dira emakumezkoak, eta baita nekazariak ere, esate baterako.
Lanaldi partzialak emakumezkoenak dira, batik bat —%76,4 Hegoaldean eta %78,3 Iparraldean—. Hala ere, Gaindegiak nabarmendu du Iparraldean gehiago direla lan profesionala eta eginkizun familiarrak uztartzeko laguntzak, eta emakumezkoen egoera sozioprofesionala hobea dela Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean.
Era berean, Gaindegiak salatu du zailtasunak daudela Euskal Herri osoko errealitate zehatzak ezagutzeko, inkestak falta baitira.