Euskal Herria «nazio bakezalea» dela aldarrikatuko du EH Bilduk Aberri Egunean

Manifestazioa 12:00etan aterako da Iruñeko Golem zinema aretoetatik erdialderantz, 'Askatasunaren nazioa gara' lelopean. Eguerditik aurrera kale animazioa egingo dute, eta arratsaldean hiru kontzertu izango dira Gazteluko plazan.

Xabi Ruiz de Larramendi eta Irati Jimenez, goizean, Antoniutti parkean. IÑIGO URIZ / FOKU
Xabi Ruiz de Larramendi eta Irati Jimenez, goizean, Antoniutti parkean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2025eko apirilaren 1a
13:09
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirilaren 20an izango da Aberri Eguna, eta, azken urteetan legez, Iruñean ospatuko du EH Bilduk. Milaka ezkertiar eta abertzale bildu nahi dituzte: mezu nagusia izango da «eliteek» proposatutakoaren «ordezko bidea» aldarrikatzen dutela eta Euskal Herria «nazio bakezalea» dela.

Duela aste gutxi aurkeztu zuen Aberri Eguna Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak, eta gaur haren egitaruaren berri eman dute Irati Jimenez Nafarroako parlamentariak eta Xabi Ruiz de Larramendi zinegotziak. «Aldarrikapen eguna da, baina dibertimendurako eta festarako tartea ere izango da», azaldu dute.

Eguerdian manifestazioa egingo dute Askatasunaren nazioa gara lelopean, eta, aldarrikapen politikoaren ondoren, aisialdirako tartea iritsiko da. Eguerdian, Takonerako Basotxotik abiatuta, kale animazioa egingo dute. Gero, 16:00etan hasita, jaiaren erdigunea Gazteluko plazan egingo dute, Nafarroako hiriburuaren epizentroan.

Zehaztu dutenez, eguerdiko kale animazioa trikitalariek, gaitariek eta erraldoiek gidatuko dute, Kuxkutu txarangarekin eta munduko dantzekin batera. Gazteluko plazako jaian, berriz, hiru kontzertu egongo dira: Izaki Gardenak, Belako eta Trikidantz.

Mezu politikoa

Jimenezek eta Ruiz de Larramendik adierazi dute milaka ezkertiar eta abertzale bildu nahi dituztela apirilaren 20an. «Goraldi militarraz eta gerraz gero eta gehiago mintzatzen diren honetan, aldarrikatuko dugu Euskal Herria sustrai bakezale sakonak dituen nazio bat dela, eta apustu garbia egiten dugula edozein gatazka konpontzeko elkarrizketaren eta bide diplomatikoen alde».

Zabaldu nahi duten mezu horri begira, bi efemeride aipatu dituzte: batetik, 50 urte beteko dira Franco diktadorea hil zela eta erregimen hark Txiki eta Otaegi erail zituela; bestetik, ia 40 urte bete dira NATOren inguruko erreferenduma egin zenetik. «Aberri Egunak askatasunaren herria garela aldarrikatzeko balioko du», esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.