Gure Esku aspaldian prestatzen ari den Bagara ikus-entzunezko maratoi birtuala izango da etzi. Euskal Herriak bere etorkizun politikoa erabakitzeko helburua duen elkarte horrek berrehun bat bideo jaso ditu maratoia osatzeko, eta bideo guztiak, «ia denak», Bagara ekitaldirako grabatu eta editatu dituzte. Guztira, hamabi ordutatik bederatzi ordu inguru jaso ditu Gure Esku-k bideoetan, eta horri ekitaldi presentzialak gehituko dizkiote.
Hasieran, lau ekitaldi presentzial aurkeztu zituen elkarteak, baina Donostiako ekitaldia ez da egingo, eta hirurekin egingo dute aurrera. Edonola ere, Bagara bi modutara ikusteko aukera izango da, online eta ekitaldi horien bidez. Gure Esku-k dei egin die gaur entzule eta irakurleei ekitaldi presentzialetan izena ematera, euskal kultura era askotarikoetan sustatzeko.
Halaber, online emankizuna ere ikustera bultzatu nahi du jendea elkarte subiranistak. Non ikus daiteke zuzeneko hori? Lehenik eta behin, Gure Esku-ren Youtube kanalean, baina baita Hamaika Telebistan eta BERRIAren eta Naiz-en hedabideen webguneetan ere; gainera, Peertube.eus-en ere ikusi ahal izango da. Zuzenekoan aurkezleak ere izango dira: Malen Frantxesena eta Mirari Martiarena izango dira zuzenekoaren gidariak.
Herri adierazpena
Goizeko hamarretatik gaueko hamarrak arte Bagara zuzeneko emisioa martxan izango da. Lehen bi orduetan, bideoak erakutsiko dituzte, eta, 12:00etan, Bilboko Azkuna zentrora salto egingo dute. Han, «herri adierazpen garrantzitsu» batekin hasiko dute eguna, «gaur egungo abagunearen aurrean asko baitugu esateko». Gure Esku-k «Euskal Herriarentzat etorkizun hobea amesten» du, eta amets hori egingarria dela uste du: «Orain har ditzakegun erabakietan baitago geroaren gakoa», esan du gaur goizeko agerraldian Josu Etxaburu bozeramaileak.
Gure Esku elkarteak «herri adierazpen garrantzitsu» batekin hasiko du eguna, Azkuna zentroan, «gaur egungo abagunearen aurrean asko baitugu esateko»
Horregatik, elkartean uste dute une egokia dela prestatu duten herri adierazpena mahai gainean jartzeko. 12:45ean amaituko da adierazpen hori, eta 13:30ak arte bideo gehiago izango dira. Jarraian, 13:00etan Gasteizko Auzolana frontoian Gu Agustina dantza emanaldia izango da. Jon Maiaren koreografiaren eta Maddalen Arzallusen bertsoekin, Ereintza dantza taldeak Agustina Otaola erraketistaren bizitza kontatuko dute. Baina online euskarrian, zuzeneko emisioan eman beharrean, 14:00etan emitituko da.
Amaitzerakoan, zenbait herri eta talderen bideoak ikusten jarraituko ahal izango da Gure Esku-ren maratoian, eta, arratsaldean, Iruñeko emanaldia iritsiko da. 18:00etatik 19:30etara, Historia Oroituz Segurako Antzerki Elkartearen Orreagatik iragan hurbilera izeneko antzezlana ikusteko aukera izango da, Euskal Herriaren historia zati bat kontatzen duen antzerkia.
Bukatzeko, beste herri eta talde batzuengandik jasotako bideoak ikusten jarraitzeko abagunea izango da, eta Gure Esku-ren abestiarekin amaituko dute maratoia. «Abestiak lotura handia du Herri libre bat kanpainarekin, abestiak berak baitio 'jende zoriontsua herri libre batean'». Elkarte subiranistak gonbidapena egin du egunaz goza dezan nahi duen orok.