Furgonetak, lekukoa, jendetza korrika. Gau eta egun. Egun eta gau. Aldarri nagusi bat ahoan: euskara. Azken finean, hau da Korrika: euskararen aldeko herri bulkada bat, 11 egunez eta hamar gauez Euskal Herria euskaraz janztea, eta baliabideak lortzea, AEk-k horretan jarrai dezan hurrengo bi urteetan ere. Aurten egin dute 23. aldiz; gaur 44 urte hasi zen lehenengo Korrika. Efemeridearen harira, trixerta bat atera dute BERRIAk eta AEK-k elkarlanean.
Oñati, Gipuzkoa. 1980ko azaroaren 29a. Euskaltzale saldo batek abiatu zuen euskara aldarrikatzeko ekintzarik jendetsuena bihurtu dena: Korrika. Ane Elordi Korrikaren egungo koordinatzailearen esanetan, festarako bainoago, premiei erantzuteko sortu zuten ekinaldia. Kontzientziatzeko: «Lehenengo helburu argiena kontzientziazioa zen, helduen euskalduntzearen beharraren inguruan kontzientziatzea». Eta AEKrentzat dirua lortzeko: «Garbi zegoena zen AEK-k baliabideak behar zituela bere lana aurrera eramateko».
Izan ere, AEKren egoera ez zen erraza: garaitsu hartan, Eusko Jaurlaritzak homologatzera derrigortu nahi zituen, HABE sortu zen, AEK diru laguntzarik gabe utzi zuten... Lurdes Etxezarreta AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kideak hitz gutxi behar ditu garai hartako giroa deskribatzeko: «Giroa bero-bero zegoen».
Bazegoen, beraz, Korrikaren beharra. Bidea ez zen samurra izan. Horren erakusgarri, datu bat eman du Elordik: lehenengo Korrikaren aurrekontua 18.000 pezeta izan zen —gaur egungo 108 euro—. «Oso xumea zen».
Ezina ekinez egina, ordea. Gaur 44 urte Oñatin hasi zen Korrika hark 1.820 kilometro egin zituen Euskal Herriaren luze-zabalean, eta Bilbora iritsi zen, abenduaren 7an. «Babes oso zabala» jaso zuen, Elordiren hitzetan: «Norbanako, elkarte eta eragile gehienak batu ziren; positiboki baloratu zen. Beti ezagutu izan dira gero sasoi batean izandako betoak-eta, baina hasierako hori oso ondo hartu zen». Izan ere: «Gizartean bazegoen indar bat euskararen alde egin nahi zuena». Korrikak lehen ediziotik eduki ditu omendua eta lekuko barruko mezu sekretua. Orain 44 urte, Xabier Peñari egin zioten gorazarre, eta Rikardo Arregik idatzi zuen mezua. Alabaina: «Mezua ez zen helmugara iritsi, eta bigarren edizioan berriz sartu zuten lekuko barrura; orduan irakurri zuten».
Funtsari eutsita, eguneratzen
«Bat korrika, bi korrika, milaka korrikari. Euskal Herri guztietan denok bai euskarari». Hori zihoen Xabier Amurizak lehen Korrikarako ondutako kantuak. Eta egin zuten Korrika bat, bi, hiru... eta 23 aldiz. Milaka eta milaka korrikarik.
1980tik, aldatu da gizartea, eta, harekin batera, baita Korrika ere. Hala dio Elordik: «Asko aldatu da, eta uste dut hori gure gakoetako bat dela: gizartea eraldatuz joan den heinean, AEK eta Korrika ere egokituz joan dira garaietara». Esaterako, bestelako gaien inguruko lanketa zehatzak egiten ari dira. Adibidez: «Guk Korrika arnasgune bezala ere bizi dugu, eta azken urteetan bagabiltza lanketa zehatzagoak egiten, gizarte erantzukizunari lotutakoak. Konplexuz bizi izan dugu plastikoz josten genuela Euskal Herria, eta azken edizioan erabaki genuen horri buelta bat ematea».
«Helduen euskalduntzea estrategikoa da Euskal Herria euskalduntzeko; hori AEK-k eta Korrikak presente daukate»
LURDES ETXEZARRETAAEKren Artezkaritza Kontseiluko kidea
Eta, gaur egun, Korrika ez da mugatzen hamar gaueko eta 11 eguneko lasterkaldira. «Korrika munduan egiten da, beste herrialde batzuekin harremana dugu, beste hizkuntza gutxitu batzuekin lanketak egiten ditugu... Jendea guri begira ari da beste herrialde batzuetatik, beste hizkuntza gutxituetatik», azaldu Etxezarretak. Zera erantsi du Elordik: «Beste hainbat arlo ere lantzen dira: eskaintza kulturala dago, unitate didaktikoak bideratzen dira ikastetxeetara... Askorentzat, Korrika bada euskararako atea; erakar ditzagun euskararen herrira, izan dadila erreminta bat».
Aldaketak aldaketa eta egokitzapenak egokitzapen, Korrikak bere funtsari eutsi dio. Elordi: «Korrikak balio digu Euskal Herria mapan kokatzeko, euskararen herria marrazten dugu Korrikarekin». Eta herritarrak helduen euskalduntzearen garrantziaz kontzientziatzen jarraitzen dute, Etxezarretaren esanetan: «Helduen euskalduntzearen sektorea estrategikoa da Euskal Herria euskalduntzeko prozesuan, eta beharrezkoa da euskaraz jakitea eta euskara erabili ahal izateko espazioak izatea. Hori AEK-k eta Korrikak presente daukate mezuan, karreran zehar, eta, orokorrean, Korrikaren bueltan egiten diren hainbat kontutan». Horretarako, oraindik, baliabide faltan jarraitzen dute: «AEK-k, garai hartan bezala, orain ere jendartea euskalduntzen jarraitu nahi du, eta baliabideak eskaini nahi ditu Euskal Herri osoan. Egoera, orduan eta orain, desberdina da EAEn, Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian, eta guk gure ikasleei baldintza eta tresna berdintsuak eskaini nahi dizkiegu Euskal Herriko edozein euskaltegitan».
Horiek horrela, bi elkarrizketatuek ez daukate zalantzarik: Korrika ezinbestekoa da oraindik ere. AEKrentzat berarentzat, Etxezarretak esan duenez: «Hitz egin dugu kontzientziazioaz, emozioez, eraginaz, Korrikak beste herrialde batzuetan duen pisuaz...baina ezin dugu ahaztu bigarren helburua, ekonomikoa: dirua biltzea AEKren euskaltegi guztiek lanean jarraitu ahal izateko izan Santurtzin, Tafallan, Donapaleun edo Oionen. AEKn, kooperatiba moduan, irizpide batzuk jarrita dauzkagu, eta Korrikak laguntzen digu, neurri batean, lan baldintzak hobetzen eta ikasleei ematen dizkiegun tresnak, euskaltegiak, eskolak... egokiak izan daitezen. Azkenean, dirua horretara guztira bideratzen dugu». Eta euskararentzat, oro har, Elordiren arabera: «Gaur egun, Korrika da euskararen inguruan Euskal Herri mailan egiten den ekimenik erraldoiena. 44 urtean eta 23 ediziotan lanean aritu den jende horri guztiari esker lortu da hori. Korrika AEK-k antolatzen du, eta herriak bere sentitzen du; hori gure balioekin bat egiten duen kontu bat da». Eta horrela, festa eta aldarrikapena bateragarriak direla erakusten dute bi urterik behin: «Gaur egun, jai giroa nagusi bada ere, gu saiatzen gara aldarrikapen horiek ahalik eta lekurik gehienetan zabaltzen, presente egon daitezela. Bitartean, ondo pasatzea ere garrantzitsua da».
Trixerta, elkarlanaren seinale
Elkarlanerako joera da AEKren eta Korrikaren ezaugarrietako bat, nabarmendu dutenez. BERRIArekin batera sortutako azken egitasmoa da horren seinale: Korrikaren 44. urtemugaren harira, trixerta atera dute elkarrekin, umeentzat eta helduentzat. Elordi: «Elkarlanean sinesten dugu, BERRIArekin hartu-eman estua daukagu, eta horri heldu nahi diogu. Uste dugu Korrika ez dela bi urterik behin 11 egunez egiten den lasterketa bat; hori baino gehiago ere bada». Horregatik trixerta: «Efemeride honek merezi du. Trixertena ekintza polita iruditzen zaigu, eta uste dugu beste modu bat dela Korrika presente izateko eta ikusarazteko».
«Trixertena ekimen polita iruditzen zaigu, eta uste dugu beste modu bat dela Korrika presente izateko eta ikusarazteko»
ANE ELORDIKorrikako koordinatzailea
Trixertaren ilustrazioa Malen Amenabar Larrañagak egin du, eta nahi duen ororentzat egongo da eskuragarri, zenbait plazatan. Erosgai dago www.berria.eus/komunitatea/denda/webgunean. Gainera, Durangoko Azokan BERRIAren erakusmahaian jarriko dute ikusgai elastikoa, eta eskaera online egin beharko da; Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean, berriz, aukera egongo da BERRIAren postuan erosteko.
trixertak
- Ilustratzailea. Malen Amenabar Larrañaga.
- Erosteko. BERRIAren webgunea eta Durangoko Azokan eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan BERRIAk jarriko dituen postuak.
- Prezioa. Helduen Trixertak 22 euro balio du BERRIAlagunentzat, eta 24 euro gainerakoentzat; umeena, berriz, hemezortzi euro kostatuko zaie BERRIAlagunei, eta hogei euro gainerakoei.