«Nazioarteko agenda aldatzen ari da, eta Europakoa, zer esanik ez. Demokrazian sakontzen duen heinean, erabakitzeko eskubidea izango da ardatza, eta euskaldunek ere gertu egon behar dugu ardatz horren bueltan». Gure Esku Dago-ko kide Angel Oiarbideren hitzak dira. Aditu eta parlamentari zenbaitekin batera, parte hartuko du Autodeterminazioa Europako Batasunean. Erabakitzeko eskubidea izeneko jardunaldietan datorren asteazkenean, Europako Parlamentuan. Gure Esku Dago-ren esparru nagusia «euskal komunitatea» izan arren —Euskal Herrikoa nahiz kanpokoa—, Bruselan egon ahal izatea «aukera» bat izango da herri dinamikarentzat, Oiarbideren esanetan: «Euskal komunitatetik kanpo, erabakitzeko eskubidearen edo demokraziaren gaia sakontzen den eremu horietan ere egon behar dugu euskal herritarrok».
2015ean ere egin zituzten Bruselan antzeko jardunaldi batzuk, baina aurtengoek «indar handiagoa» izango dutela azaldu du Oiarbidek. Izan ere, nazio gehiagotako ordezkariek hartuko dute parte —galesek, irlandarrek, flandriarrek, katalanek eta euskal herritarrek—, eta talde politiko gehiago inplikatu dira. Euskal Herritik, tarte bana izango dute Izaskun Bilbao (EAJ) eta Josu Juaristi (EH Bildu) parlamentariek.
Bi atal nagusi izango ditu egitarauak. Batetik, erabakitzeko eskubidearen inguruko teoria aztertuko dute, Oiarbidek kontatu duenez: «Zer eztabaida dauden lege aldetik, konstituzioek zer dioten...». Atal horren barruan hartuko du hitza Zuzenbideko doktore Juanjo Alvarezek, beste zenbait hizlariren artean. Autodeterminaziorako eskubidea eta EB barne zabalkundearen aurrean izeneko hitzaldia emango du EHUko katedradunak.
Bigarren atalean, besteak beste, Gure Esku Dago-n jarriko dute arreta. «Praktika aztertuko da hor: herri dinamikak, parte hartzeko mugimendu zibilak...», zehaztu du Oiarbidek. Euskal Herrian azken urteetan piztutako dinamikaren garrantzia nabarmendu du: «Ez da kasualitatea, esaterako, AEBetako Columbia Unibertsitateko ikerlari batzuek gure gain fokua jartzea» —Gure Esku Dago-ri buruzko ikerketa bat egin zuten han, 2015ean—.
Baikor da erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikako kidea: «Gure Esku Dago eredu bat sortzen ari dela uste dut, eta haren potentzialtasuna usaindu ere ez dugu egiten oraindik». Euskal gizartea «saiakera berezi bat» egiten ari dela azaldu du Oiarbidek, Euskal Herriko «giroa eta kultura politikoa» aldatzeko: «Sarri ez gara jabetzen zer garrantzitsua den herri dinamika batek izan dezakeen gaitasuna, bortizkeria giro batetik, demokraziaren norabidean pausoak emateko».
Saiakera horren berri emango du Europako Parlamentuan Gure Esku Dago-ko ordezkariak. Horrez gain, erabakitzeko eskubidearen gaia «globalki» nola lantzen ari diren ere ikusi nahi dute gertutik, «elkar elikatu eta eztabaida maila hori ere Euskal Herrira ekartzeko». Izan ere, erabakitzeko eskubidearena «nazioarteko gaia» dela dio Oiarbidek, Euskal Herrian eredu propioa beharko dela argi utzi arren: «Kanpora goaz, barrura begiratzeko».
«Elkarlanerako esparrua»
Joan den abenduaren 17an aurkeztu zuten Prest izeneko bide orria Gure Esku Dago-ko kideek, Iruñean. 2019ra arteko urratsak marraztu zituzten han, eta herri galdeketez, mobilizazioaz eta Itun Herritarraz gain, elkarlana izango du ardatz bide horrek. «Elkarlanerako eremu bat» eskaini nahi diete era guztietako eragileei, eta horretan ari direla kontatu du Oiarbidek: «Oraindik ez dira argitara eman, baina aurten azalduko dira euskal gizartearentzat erreferentzia bihur litezkeen proiektuak».
Euskal Herria Europan, demokraziaren agendan
Bruselan izango dira Gure Esku Dago-ko kideak, asteazkenean. EAJko eta EH Bilduko parlamentariak eta Juanjo Alvarez EHUko katedraduna ere egongo dira erabaki eskubideari buruzko saioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu