Orain Errepublikak koalizioko hautagaia

Pernando Barrena: «Euskal Herria estatu izateko aukerak Europa federal baten inguruan biltzen dira»

«Asko dago jokoan» datorren ekainaren 9ko hauteskundeetan, Pernando Barrenaren ustez. Europako Batasunak bide propioa jorratu behar duela eta Estatu Batuekiko eta NATOrekiko menpekotasuna hautsi behar lukeela adierazi du.

Pernando Barrena, Orain Errepublikak (EH Bildu) koalizioko hautagaia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Pernando Barrena, Orain Errepublikak (EH Bildu) koalizioko hautagaia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2024ko ekainaren 5a
05:00
Entzun

ERC, BNG eta Ara Mes alderdiekin batera aurkeztuko da EH Bildu, Orain Errepublikak koalizioaren barruan. Azken bozetako goranzko joerari eustea du helburu Pernando Barrenak (Berriozar, Nafarroa, 1965). Haien arteko akordioaren arabera, EH Bilduk europarlamentari bat lortzeko adina boto lortuz gero, Bruselan bost urtez egoteko aukera izango du Barrenak. 

Orain Errepublikak koalizioan barruan, BNG eta EH Bildu gorantz doaz, eta ERC beherantz. Zer eragin izango du?

Emaitza onak aurreikusten ditugu orokorrean. ERCri dagokionez, 2019ko egoerarekin egiten dira konparazioak. Parlamenturako aurreko hauteskundeetan inoizko emaitzarik hoberena lortu zuten. Orain, haren emaitzarik onenak txarrenekin konparatzen ari dira. Uste dugu ez dela oso erreala. Konfiantza dugu lortuko dutela gorako joera berreskuratzea, eta, edozein kasutan, EH Bilduren emaitza onaz zalantza gutxi dauzkagu.

Zer dago jokoan hauteskundeotan?

Asko. Europako eraikuntzari dagokionez, jokoan dago Europaren proiektuak zer norabide hartuko duen datozen urteotan. Zergatik? Badagoelako mahai azpiko eztabaida bat federalisten eta estatuzaleen artean. Lehenengoek azken helbururaino eraman nahi dute Europaren integrazio proiektua, eta Europako Estatu Batuen federazio bat bihurtu. Besteek pentsatzen dute Europako Batasunari dagoeneko konpetentzia gehiegi eman zaizkiola, eta planteatzen dute ez ote den garaia txirrika biltzen hasteko.

Eta EH Bildu non dago?

Euskal Herriaren interesak lehenengo posizioan daude: ez errezeta miragarria delako, baizik eta bigarrenak normalean eskuin muturreko eta eskuineko alderdiak direlako. Europa ez dute ikusten kanpora begira proiekzio globala izan dezakeen potentzia baten gisan. Nire ustez, Euskal Herriak nazio gisa estatu izateko aukerak Europa federal baten inguruan biltzen dira.

«Europak bere bide propioa egin behar du, eta ez da izan behar AEBen interesen menpeko. Kontua da Europak interes batzuk dituela munduan, eta Estatu Batuek beste batzuk»

Estaturik gabeko nazioek zer ahots dute egungo EBn?

Oso eskasa. Orain, bakar-bakarrik Eskualde Kontseilura bideratua eta arautua. Bertan presentzia dute Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta hiriburu handiek, baina erakunde kontsultiboa da. Eskualdeei eragiten dien gaietan hau edo hura esan dezake, eta legebiltzarrak har dezake kontuan esaten duena edo deus ez. Eta ez da ezer gertatzen.

Ursula von der Leyen prest agertu da eskuin muturreko alderdiekin akordioa lortzeko.

Harritu gaitu. Von der Leyenek bereizi egiten ditu eskuin muturreko esparruan onak eta ez hain onak. Bere interes politiko koiunturaletarako egiten du hori. Zergatik? Europaren autonomia estrategikoaz hitz egiten du, eta ni ere Europaren autonomiaren oso aldekoa naiz, baina ideia hori desberdin ulertzen dugu. Hark ulertzen du NATOren eta Estatu Batuen kanpo politikaren interesekin bat egitea dela, eta nik uste dut hori ez dela autonomia. Gure ustez, Europak bere bide propioa egin behar du, eta ez da izan behar AEBen interesen menpeko. Kontua da Europak interes batzuk dituela munduan, eta Estatu Batuek beste batzuk. AEBek eutsi egin nahi diote mundu mailako lidergo horri, eta oso barneratua dute horretarako belarra moztu behar diotela edozein potentziari: Txinari, Errusiari eta EBri ere bai. Zentzugabea da autonomia estrategikoaz hitz egin eta gero Europako estatukideak NATOko kideak izatea. 

Von der Leyenek dioena gertatuko balitz eta eskuin muturrarekin akordioa egingo balu, zer ondorio izango lirateke?

Gehiengo berriak osatuko lirateke. Lehenik ikusi behar dira ekainaren 9ko emaitzek zer ematen duten. Berez, Alemaniako joko politikoan ohikoa den koalizio handia hitzartu dute Alderdi Popularraren eta sozialdemokraten artean, gehienetan liberalen onespenarekin. Orain arte, eskuin muturra hiru taldetan barreiatuta egon da, baina gerta daiteke horiek guztiak talde bakarrean biltzea. Baliteke bigarren taldea izatea eta ondorioz alderdi popularrak eskuin muturrarekin hitzartzea. Horrek ondorioak ditu. Baliteke parlamentuko produkzio legegileak eskuinerago jotzea, planteamendu aurrerakoiak alde batera uzteko.

«Baliteke bigarren taldea izatea eta ondorioz alderdi popularrak eskuin muturrarekin hitzartzea. Baliteke parlamentuko produkzio legegileak eskuinerago jotzea, planteamendu aurrerakoiak alde batera uzteko»

Militarizazioaren arriskuaz ohartarazten ari zarete. Zergatik?

Gehienbat Ukrainako gerraren ondorioz. Von der Leyenek duela hilabete eta erdi ireki zituen egunkariak esanez gerrarako prestatu behar dugula. Zer esan nahi du? Gerrarako prestatzea inbertsio militarrak handitzea da, zeren Estatu Batuek eta NATOk urteak baitaramatzate Europako estatuei esaten igo egin behar dutela beren aurrekontu militarra: BPGaren %2ra. Espainiako Estatuari dagokionez, egungo %1,26tik %2ra igotzeko, mila milioi euroko purrustada ikaragarri bat behar da. Horrek inongo dudarik gabe exijituko luke beste inbertsio eta gastu asko murriztea. Horrekin batera, iragartzen dute austeritate garai batera itzuli behar dela.

Jens Stoltenberg NATOko buruzagiak berriki esan du Ukrainak Errusiako eremu barruan eraso egin beharko lukeela.

Bai, eta bat egiten du Von der Leyenek esandakoarekin, erabat. Izugarrizko jauzia izango litzateke, eta arrisku handiak dakartza. Hasieratik jarri gara Ukrainako inbasioaren kontra, eta esan dugu nazioarteko zuzenbidea urratzen duela. Errusiak ez du eskubiderik beste herrialde bat inbaditzeko. Guztiz deitoratu dugu. Behin hori esanda, gerra ez zen 2022an hasi, Maidaneko gertakariekin baizik. Estatu Batuak eta Erresuma Batua egon ziren autokolpe horren atzean. Geroztik isunak ezartzen eta armak etengabe bidaltzen dihardute. Guk ez genuen hori babestu. Iruditzen zitzaigun gerraren logika handitu baino ez duela egiten. Bi urte pasatu ondoren, lepoa jokatuko nuke nazioarteak babestutako akordio batekin bukatuko dela horren ingurukoa. Ez da garaipen militarrik egongo. Ez alde batetik, ez bestetik. Bukatzeko, Stoltenbergek esaten du prest daudela, ez armak modu defentsiboan erabiltzeko, baizik eta erabiliak izan daitezen Errusiaren lurraldean esku hartzeko.

Ez al da jauzi kualitatiboa?

Oina emango lioke Errusiari ulertzeko beste potentzia batek emandako laguntza militarra erabiltzen ari direla bere lurraldean esku hartzeko, eta horrek gerra horren helburu militar gisa jartzen gaitu europar guztiok. Edozein hiriburu egon daiteke jomugan. Jauzi kualitatibo beldurgarria izan daiteke.

«Oina emango lioke Errusiari ulertzeko beste potentzia batek emandako laguntza militarra erabiltzen ari direla bere lurraldean esku hartzeko, eta horrek gerra horren helburu militar gisa jartzen gaitu europar guztiok»

Palestinaren auzian, Gazaren aurkako bonbardaketan eta setioan, zer rol jokatzen ari da EB? Europako Legebiltzarrak alda dezake hori?

Deitoragarria da Europako tratatuek EBri ez diotela ematen eskumenik kanpo politikan. Josep Borrell ez da nire gustuko politikari bat, bai baitakigu zer aurrekari dituen hemen eta Katalunian, baina esan behar da, Borrell edo beste bat izan, ez duela eskumenik atzerriko politikarik egiteko. Ukrainako auzian, bai; kasualitatez estatu gehienek iritzi komun bat dutelako. Baina Palestinari dagokionez, sinesgarritasuna eman behar zaio Borrelli, egiten ari den diskurtsoa ez baita hain txarra. Ez du tarterik ezer egiteko. Kanpo politika estatuek egiten dute. Europan bi ezintasun handi daude: bata NATOrekiko menpekotasuna da, Estatu Batuentzat Israel baita oraindik eremu horretako konfiantzazko aliatua. Bigarrenik, negargarria da Alemaniaren rola. Belaunaldiz belaunaldi izugarrizko zama pasatu diete juduekin egin zuten astakeriagatik, eta barneratua dute hori. Alemaniako Estatua posizio horretan badago, oso zaila da Europak, Europa gisa, erabakiak hartzea. EBk berehala moztu dezake edozein akordio, argudiatuz Israelgo Estatuak ez dituela giza eskubideak betetzen. Akordioa etenda gera daiteke horrela. Lehenbailehen egin beharko luke hori.

Next Generation funtsak baldintzatuta al daude?

Next Generation funtsak onartu zirenean, txalotu egin genituen, inbertitzeko beharra zegoelako. Funtsek bazuten zati bat ez zena itzuli behar, baina beste zatia oso interes apaleko maileguak dira. Itzuli behar dira, eta uste baino azkarrago. Ez du esan nahi estalki termikoa jarri duen etxe batek itzuli egin behar duela. Ez da bizilagunen ardura, Espainiako Gobernuarena baizik. Funts horiek itzultzen hasteko aurreikuspena egin beharko dute gobernuek: hori aurrekontuetatik kentzen baduzu eta gastu militarra %2ra igo behar baduzu, gauzak nahiko gordin jar daitezke.

«Presio ikaragarriak daude. Presio negazionistak ziren hasieran, eta ukatu egiten zuten aldaketa klimatikoa dagoela. Badakite horrek ez duela heldulekurik, eta orain beste diskurtso bat dute»

Bruselan eta Euskal Herrian nekazarien protestak izan dira. Zer mezu bidaltzen diozue lehen sektoreari?

Haserre orokor bat egon da, eta nahiko arrazoizkoa izan da. Ezkutatu egin du dagoen arazo handia. Europako administrazioak ez du aintzat hartzen sektore estrategiko bat dela. Ez dituzte aulkiak edo mahaiak egiten: gure iraupen fisikorako guztiz derrigorrezkoak diren elikagaiak ekoizten dituzte. Nekazaritza Politika Bateratua errepasatuz gero, elikagai industria eta produkzio intentsiboak babesteko dago antolatua. Diru laguntzen %80 sektorearen %20k eramaten ditu. Jarraitzen dute produkzio familiarra eta baserriak laguntzen, baina ez dute eragozten haiek erabat desagertzea. Moteldu egiten dute, baina gune familiar horiek gero eta pisu gutxiago dute sektorean. Oso-oso kezkagarria da hori guztia.

Eta zer uste duzu aldarrikapenen inguruan?

Erreklamazioei dagokienez, ez da onargarria baserritar batek administratibo armada bat behar izatea diru laguntzak bideratzeko. Oso konplikatua da. Fiskalizazioa sinplifikatu egin behar da, bidezkoa eta progresiboa bihurtu.

Itun Berdea bultzatzen ari da EB. Hura atzeratzeko presioak daude?

Bai, presio ikaragarriak daude. Presio negazionistak ziren hasieran, eta ukatu egiten zuten aldaketa klimatikoa dagoela. Badakite horrek ez duela heldulekurik, eta orain beste diskurtso bat dute, gehienbat hidrokarburoen lobbyak. Orain esaten dute oso azkar ezartzen ari direla neurriak, lanpostuei kalte egingo diela, eta Europak dirua beste gauza batzuetarako beharko duela; agenda berdeak itxaron egin beharko duela. Diskurtso hori oso arriskutsua da.

Galdera-Erantzuna

Nolakoa da Europako Parlamentua barrutik?
Izugarri handia, erraldoia. Anekdota gisa, 2019an lanean hasi nintzenean, aste pare bat behar izan nituen ikasteko nola egin behar nuen kanpoko atetik bulegorainoko bidea. Labirinto ikaragarria da.
Zenbat egoitza ditu?
Hiru ditu. Afera ekonomikoetarako Luxenburgoko egoitza dago. Lan gehiena, %90, Bruselan egiten da. Hilean behin, astebetez, Estrasburgon egiten dira osoko bilkurak. 
Eta nola moldatzen zarete?
Apenas joaten garen Luxenburgora, dena telematikoki egin baitaiteke. Astero, Bruselan egiten dugu lan, eta hilean behin Estrasburgora joaten gara. Diru xahutze ikaragarria da, astebetez Estrasburgora eramaten baita parlamentua osorik: 705 europarlamentari, haien lantaldeetako milaka pertsona, funtzionarioak, segurtasuna, garraioa... Europako Itunak dio Estrasburgo dela Europako Legebiltzarraren egoitza, eta Frantziak ez du amore ematen.

 

Zein nahiago duzu?
Brusela. Han dugu azpiegitura lan egiteko eta bizitzeko.

Nola joaten zara hara?
Hegazkinez, Bilbotik.

Non hartzen duzu ostatu?
Bruselan hoteletako prezioak ikaragarriak direla kontuan harturik, askoz ere egokiagoa da apartamentu txiki bat alokatzea.

 

Nolakoa da lobbyen mundu hori?
Izugarrizkoa, milaka daude. Orotarikoak (industriakoak, ekonomikoak, politikoak...). Edozein lege tramitatzen ari denean, enpresek aholkularitza etxe horiek kontratatzen dituzte, eta euren interesen alde harremanetan jartzen dira europarlamentariekin. Ez dira uste bezain zakarrak, eta ez dute esaten lege horren alde bozkatzeko. Guztiari buruz jakitea zaila denez, esaten dizute horretarako daudela haiek eta gaiaren gainean daudela.

Eta zein da zuen jarrera?
Dozenaka presio jasotzen ditugu egunero. Guk ez diegu kasurik egiten, lobby politikoak ez badira. Bruselan, Fronte Polisarioa lobby politikotzat jotzen dute, adibidez.

 

Euskal Herrian eragiten duten gaiak nola aztertzen dituzue?
Euskal Herrira iristen diren gauza asko planteatzen dira, eta, posizio bat hartu aurretik eta Ezkerraren talde barruan ezkerreko ikuspegia aztertu aurretik, aztertu egin behar duzu horrek guztiak nola egiten duen Euskal Herrian. Kontraesanak agertu daitezke. Adibidez, Nekazaritza Politika Bateratuak ez du berdin eragiten herrialde bakoitzean, eta interes desberdinak ager daitezke. Talde barruan, gu abstenitu egin ginen, irlandarrek alde bozkatu zuten, eta beste batzuek nabarmen egin zuten kontra. Guk baloratu genuen txarra zela, baina hortik datozen diruak derrigorrezkoak direla sektorearen hondamendiari bizirik irauteko.

Harremanetarako oso baliagarria da?
Oso baliagarria da, lan instituzionala bezain baliagarria. Ezkerreko alderdi nagusien ordezkaritza duzu hiruzpalau korridoreetan bildua. Hemengo gairen bat edo eskakizun bat azaldu nahi badiezu, goiz pare batean harremanetan jar zaitezke Europako ezkerreko ordezkari guztiekin. Bestela, han egon gabe, pentsa zenbat hegaldi eta hilabete behar diren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.