Joan den ekainean eman zuen Gure Esku-k ekinaldiaren berri, Donostian, eta gaur berretsi du, Bilbon: azaroaren 16an «Euskal Herria elkartuko eta irudikatuko» duen bideo maratoi bat egingo dute. Azaldu dutenez, bideoz sortutako «kate erraldoi baten bidez» herri, eragile, pertsona, proiektu eta beste hainbat talderen errealitateak erakutsiko dituzte. Bagara izena izango du ekinaldiak.
«Herri bat bagarela erakutsiko dugu», nabarmendu dute gaur. Horregatik izena. Goizetik gauera arteko zuzeneko batean bilduko dute herri guztietan egindako lana. Online emango dute, Gure Esku-ren kanalean, baita Hamaika Telebistan ere. Halere, «alde presentziala» ere izango du maratoiak; Donostian, Baionan, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean «ekitaldi kultural diferenteak» eskainiko dituzte. «Euskal Herritarroi elkarrekin egotea asko gustatzen zaigulako».
🎥BAGARA: Azaroaren 16ean Euskal Herria irudikatuko dugu🎙️
— Gure Esku (@gure_esku) October 16, 2024
Ikus entzunezko maratoia egingo dugu, 12 orduz Euskal Herriko errealitate ezberdinak bilduko dituen bideo katea.
Online zuzenekoa eta ikuskizun presentzialak elkartuz, gure herria batuko duen proiektua izango da! pic.twitter.com/Wlwcrkp1pd
Elkarteak tokian tokiko eragile eta norbanakoei eskatu die herri bakoitzeko berezitasunak bideo batean biltzeko. Horizontalean grabatuak izan daitezela eskatu dute, eta [email protected] helbidera bidaltzeko. Ikus-entzunezko horiek guztiak bilduko dituzte, eta azaroaren 16an aurkeztuko dute «katea».
Gure Esku-k herritarrei dei egin die zuzenekoa ikus dezaten, baita ikuskizun presentzialetara joan daitezen ere. «Elkartu zaitezte herrietan, ikus ezazue gure herri ederra elkarrekin; gure herri librea».