Euskal Herria Bizirik eta Askapena sareek brigada bat antolatuko dute aurtengo ere, urtero bezala, uztailaren bigarren hamabostaldian, Europan. Lurraldearen defentsan ari diren bi borroka ezagutuko dituzte: Lurraren Altxamenduak Frantzian eta AHT abiadura handiko trenaren aurkako mugimendua Italian. Brigadaren asmoa elkartasuna adieraztea dela azaldu dute, eta jendearen parte hartzea bultzatzea: «Pertsona guztiak lurraldearen eta bizitzaren aldeko mugimendu eta borrokekin bat egitera animatzen ditugu».
Lehenengo geldialdia Mellen (Frantzia) egingo dute, uztailaren 16tik 21era. Urtegien eta uraren kontrolaren aurkako topaketa batzuk egitekoak dira han, eta Euskal Herria Bizirik eta Askapenaren brigadak bertan izango dira. Uztailaren 19an eta 20an mobilizazioak egingo dituzte, eta hainbat topaketa eta mahai inguru ere antolatu dituzte. Lurraren Altxamenduen Sarearen borroka ezagutuko dute brigadistek: «Bizitza kapitalismoarekin bateragarri egitea ezinezkoa» dela dioen ideian oinarritzen da sare hori. Hainbat taldek osatzen dute mugimendu hori: lurraldearen defentsako taldeak, nekazarien kolektiboak, mugimendu ekologistak, feministak, sindikalistak eta abar. Hitzaldiek, bilerek, kontzertuek eta martxek osatuko dute astea.
Bigarren geldialdia Val di Susan (Italia) egingo dute, hurrengo astean. Abiadura handiko trena eraikitzearen aurkako borroka ezagutuko dute, eta NO TAV mugimendua osatzen duten taldeak, eta lurraldearen defentsan egindako borrokaren esperientziak partekatuko dituzte. Horrez gain, uztailaren 26tik 28ra Alta Felicita jaialdia izango da, Venaus herrian. Bertan, hainbat hitzaldi, merkatu, kontzertu, martxa eta manifestazio izango dira AHTaren obren inguruan.