Aurreko bi urteetan bezalaxe, aurten ere Gernikan (Bizkaia) antolatuko ditu Jardun koordinakundeak Aberri Egunaren ekitaldi eta mobilizazioak. 12:30ean manifestazioa egingo dute Merkurio plazatik, eta 13:15ean ekitaldi politikoa Pasealeku plazan. Ondoren iritsiko dira herri bazkaria, bertsolariak eta musika emanaldiak, eguna borobiltzeko. Julen Balda Sagarzazuk (Donostia, 2001) azaldu du Jardunen jarrera Aberri Eguna dela eta.
Aberri Egunerako deialdia egin zenutenean, Euskal Herriak pairatzen duen «ukazioa» salatu zenuten. Zer esan nahi duzue horrekin?
Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza nazionalak forma desberdinak hartzen ditu: arlo administratiboan, hizkuntzaren arloan, identitatearen aldetik, eta beste hainbat arlotan. Denak bideratuta daude Euskal Herria nazio izatearen baldintzak deuseztatzera. Ukazioa da asimilazio hori gorpuzten duen forma.
Horren kontra egiteko, «antolakuntza eta mobilizazioa» proposatzen duzue. Zergatik?
Beharrezkoa ikusten dugu klase zein nazio zapalkuntzaren aurrean euskal herri langileak bere antolakuntza forma propioak sortzea, bere interesetarako egokituko den euskal estatu sozialista eta independentearen eraikuntzan pausoak ematea. Aberri Eguna iruditzen zaigu erabaki horretan berresteko eguna.
Aurreko bi urteetan ere Gernikan antolatu zenuten Aberri Eguna. Pozik geratu zineten emaitzarekin?
Azken bi Aberri Egunetan ikusi dugu kuantitatiboki progresio bat egon dela, baina kualitatiboki ere alternatiba iraultzailea bere prozesuan aurrerapausoak ematen ari dela, kontzientziazioan eta antolakuntzarako deian. Positibotzat jotzen dugu aurreko Aberri Egunetako emaitza, eta bide horretan jarraitu behar dugula iruditzen zaigu.
Azken finean, Aberri Eguna urte osoan egiten dugun lanaren isla da, eta Euskal Herriaren askapen prozesuan proiektuak ematen dituen fruituen isla. Eguna baliatzen dugu gure helburuak, independentzia eta sozialismoa, ozenki aldarrikatzeko.
Euskal Herria Batera plataformak Aberri Eguna «modu bateratuan» ospatzeko deia egin du, eta zenbait proposamen ere egin du. Nola ikusten dituzue horrelako deialdiak?
Guk ulertzen dugu Euskal Herria Espainiako eta Frantziako estatu kapitalistek zapalduta dagoen heinean, eta Euskal Herriko nazio izaera zapuzteko zenbait bitarteko erabiltzen dituzten heinean, beharrezkoa dela zapalkuntza horiek guztiak gainditzeko proposamen politiko bat egitea; hau da, izaera estrategikoa duen proposamen bat, epe luzerako proiektu baten barruan kokatzen dena, beharrezko ikusten dugulako euskal herri langileak kontrabotererako guneak sortzen joatea bere alternatiba politiko propioa aurrera eramateko.
Aspaldi honetan eragile askok nabarmendu dute nazio kontzientziaren apaltze edo lozorrotze moduko bat dagoela. Bat zatozte azterketa horrekin?
Objektiboki, euskal nazio identitatea gain behera dago, baina argi dugu hori Frantziako eta Espainiako estatuek aurrera daramaten asimilazio prozesuaren ondorio zuzena dela. Horri aurre egiteko, Euskal Herriko langileok askapen prozesua eraiki behar dugu.
Euskara izan daiteke horren adibidea: aurrerapauso batzuk eman eta ezagutza gorantz badoa ere, euskararen erabilera beherantz doa. Guk beharrezko ikusten dugu euskara nazio eraikuntzarako tresna bilakatzea, eta hau alternatiba politikoaren elementu zentral bilakatzea.
Hiruzpalau urteko bidea egin du Jardun koordinakundeak. Zer bilan egiten duzue horren inguruan?
Positibotzat jotzen dugu; guk estrategia baten pean lan egiten dugu, eta, estrategia horri so eginez, aurrerapausoak ematen ari garela eta jarritako helburuak erdiesten ari direla ikusten dugu. Jardunek euskal herri langilearen tresna politiko bat izatea du helburu, eta haren beharrizanetara eta unean uneko baldintzetara egokitutako borroka esparruak jarriko ditu martxan.
Koordinakunde gisa definitzen du bere burua Jardunek. Nola funtzionatzen du, eta zer erakundek osatzen dute?
Gaur egun, bi antolakunde nazionalek osatzen dute Jardun koordinakundea: Jarki borroka ideologikorako antolakunde iraultzaileak eta iazko maiatzean sortutako Aske errepresioaren kontrako antolakundeak. Jardunen funtzioa da bi erakunde horiei eta etorkizunean sortuko direnei koordinaziorako esparru bat eratzea, Euskal Herri osoan baina baita eskualde, herri eta auzoetan ere tokian tokiko errealitateari erantzute aldera.
Nola ikusten duzue Sortu eta EH Bilduren inguruan ardazten den ezker abertzalearen esparrua? Zeintzuk dira adostasunak eta desberdintasunak?
Gure ustez, Euskal Herriko askapen prozesua euskal herri langileak eraikitako instituzioetatik eraman behar da aurrera. Etsaiak sortu eta bere interesetarako egokitutako instituzioetan ez da inolaz ere Euskal Herriaren askapena eskuratuko. Ezker abertzaleak instituzionalismorako hautua egin du, eta bere estrategia helburu horretara mugatuta dago. Etsaiaren instituzio horietan parte hartuz, etsaiaren jokoan sartzen da, eta haren zapalkuntza erreproduzitu egiten du.
Eta Mugimendu Sozialista?
MSri, batez ere nazio auziari buruzko kritika egingo genioke. Zapalkuntza baten aurrean posiziorik ez hartzeak zapaltzailearen aldera lerratzea dakar. Gure ustez, ez da nahikoa Euskal Herriko askatasunaren alde gaudela esatea; hitz horiek ekintzetan islatu behar dira, eta antolakunde politiko batek hori bere eguneroko praktika politikoan islatu behar du.
Geure burua iraultzailetzat dugun heinean, zapalkuntza guztiak gainditzeko helburua dugu; hortaz, ez dugu aukera bat balitzbezala ikusten zapalkuntza bat gainditzen saiatzea beste bat betikotzearen truke, are gutxiago kontuan hartuta Euskal Herria asimilazio prozesu betean dagoela.
Zer iritzi duzue presoen urruntzearen amaieraz?
Argi dago presoentzat zein senideentzat sufrimendu baten amaiera izan daitekeela. Baina kontuan hartzen dugu ziklo politiko berri baten hasieran kokatzen dugula geure burua, Euskal Herriak ez duela askapena eskuratu eta, beraz, nazio eta klase askapenaren aldeko borrokak irauten duten bitartean, errepresioak jarraituko duela. Ez dakigu ze forma hartuko duen, ez dakigu espetxeratzea edo sakabanatzea erabiliko dituen, baina sortu ginenetik errepresio horren progresio bat ikusi dugu, isunetatik epaiketetara. Zapalkuntza ez da amaitu, eta gure hautua borrokan jarraitzea da.
Julen Balda Sagarzazu. Jardun koordinakundea
«Euskal Herria asimilazio prozesu betean dago»
Aurten ere Gernikan egingo ditu Jardunek Aberri Eguneko ekitaldiak. Haien ustez, «Euskal Herriak pairatzen dituen zapalkuntza guztiak gainditzeko» beharrezkoa da «proposamen politiko bat» eraikitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu