«Euskal Herria ardatz duten eragileak» bildu nahi ditu EH Batera-k Aberri Egunaren bezperan

«Batera aritzeko garaia» dela uste dute. Dei egin dute «nazioarekiko atxikimendua» berritu eta zabaltzera.

Euskal Herria Batera-ren deialdia Aberri Egunerako
Ezkerretik hasita, Xabier Euzkitze, Estitxu Garai eta Mireia Epelde, agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko martxoaren 4a
16:45
Entzun

Martxoaren 31n izango da aurtengo Aberri Eguna, eta, jadanik, zenbait indar politikok iragarri dute egun horretarako zer ekitaldi antolatuko dituzten. Euskal Herria Batera plataformak ere ekitaldia egingo du, baina bezperan, martxoaren 30ean; horrela, alderdien deialdietan interferentziarik sortu gabe, «Euskal Herria ardatz duten eragileak» bildu nahi dituzte ekitaldi bateratu batean, sinetsita baitaude naziotasunaren aldarrikapenean «batera aritzeko garaia» dela.

2020an sortu zen Euskal Herria Batera; urte hartan, pandemiaren karietara ezarritako neurriek asko zaildu zuten Aberri Eguna urtero bezala ospatzea, eta, hori hala, zenbait herritar elkartu ziren ospakizun bateratua antolatzeko. Pandemia amaituta, alderdi politikoek berriro ekin zioten Aberri Egunean nork bere ekitaldia antolatzeari, baina plataformak lanean jarraitu zuen, eta eragile guztiei irekitako ekitaldi bateratuak egin izan ditu Aberri Egunaren bezperan.

Aurten ere bide horretatik joko dute, Mireia Epelde txirrindulari profesional ohiak, Xabier Euzkitze kazetari eta bertsolariak, eta Estitxu Garai EHUko irakasleak azaldu dutenez: «Batera aritzeko garaia dela uste dugu: lurraldeen artean, ezberdinen artean, askotariko esparruen artean; batera, gure nazioaren erabakitzeko gaitasuna sakondu dadin».

Martxoaren 30ean ekitaldi bateratua egingo dute, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Ekitaldi horretan, testu bat plazaratuko dute, Euskal Herriaren nazio izaera aintzat hartzen duten fundazio nagusiak ontzen ari direna, «euskal nazioa munduan» aurkezteko. Horrez gain, «ekitaldi antzeztua» ere egingo dute, Jon Maia bertsolariaren gidaritzapean; «nazioa egunerokoan» azaltzea da horren xedea. Gainera, leihoetan ikurrinak jartzera deitu dituzte herritarrak.

Datozen urteei begira, Aberri Egun bateratua ospatzeko «baldintzak» sortu nahi ditu plataformak, eta horretarako deia egin die eragileei: «Modu bateratuan eta euskal lurralde guztietan ospa dezagun bagarela eta etorkizunean izan nahi dugula». Euskal Herria Batera-ren ustez, euskal gizartea asko aldatu da azken hamarkadetan, eta, horrekin batera, nazioa sentitzeko moduak ere ugaldu egin dira: «Nazioarekiko atxikimendua berritu, egokitu, gaztetu eta zabaldu behar dela uste dugu».

Mugarri historikoak

Aurtengo Aberri Egunean bi mugarri historiko akordura ekarri nahi ditu Euskal Herria Batera-k: batetik, EAJk 1932an egindako lehen Aberri Eguna, «erronkaz eta aukeraz» betetako garai batean; izan ere, 1929ko krisi ekonomikoaren ondorioak nabariak ziren orduan, eta Espainiako Errepublika ezarri izanak ekarritako itxaropena ere bizirik zegoen. 1978ko Aberri Eguna ere aintzat hartu nahi dute: orduan, UCD eta AP ez beste indar politiko guztiek, hamazortzik orotara, batera deitu zuten Aberri Eguna Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ospatzera, eta 400.000 herritar inguru bildu zituzten, Hego Euskal Herri osorako autonomia estatutua eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko.

«Egungo testuinguru politikoak euskal lurraldeen aitortza politikoaren gaineko adostasuna eskatzen du», azaldu dute Euskal Herria Batera-ko bozeramaileek. «Horregatik, aurtengo ekitaldira 1978ko Aberri Egunean lortutako aniztasuna ekartzen saiatuko gara».

Aberri Egunerako deialdia plazaratzeko agerraldia baliatu du Euskal Herria Batera-k euskal diasporarentzako mezu bat grabatzeko. Carlos Etchepare euskal jatorriko kazetari argentinarrak irakurri du mezua, eta iragarri du apirilaren 3an, 22:00etan (Euskal Herriko ordua) ikusgai jarriko dutela martxoaren 30eko ekitaldiaren grabazioa, mundu osoan ikusteko moduan.

Galdera-Erantzuna

«Euskal nazioaren ideiak indar handiagoa hartuko du elkarrekin joanez gero»

Mireia Epelde Bikandi kirolaria (Azpeitia, Gipuzkoa, 1985) izan da Euskal Herria Batera-ren deialdia aurkeztu dutenetako bat. «Elkarrekin» jardutearen garrantzia nabarmendu du.

 

«Batera aritzeko garaia» dela pentsatzen duzue. Zergatik?
Garrantzitsua da denok bat gatozen horren inguruan, Euskal Herria nazio gisa ikustearen ideian, bat egitea eta indarra denok batera egitea. Nor bere aldetik joanda baino indar handiagoa egingo dugu elkarrekin joaten bagara.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskundeak oso gertu daude. Baliteke horrek zuen lana zailtzea?
Ez dut uste. Alderantziz, beharbada gauzak errazteko balioko du. Guk ekitaldi bat proposatzen dugu, alderdi gisa inor konprometitzen ez duena eta denak batera joateko aukera ematen duena.

Zenbaiten ustez, badirudi azken bolada honetan nazio sentimendua apaldu egin dela. Zuek berdin pentsatzen duzue?
Beharbada, arazo nagusia da gazteak ez direla politikarekin eta politikariekin identifikatzen, eta litekeena da horren ondorioz ekitaldi batzuetan lehengo indarra ez sumatzea. Gure helburua da hori ulertzen saiatzea, mundu guztiari tokia egitea, eta denok elkarrekin ekitaldi bat egitea.

Etorkizunean Aberri Egun bateratua egiteko baldintzak sortu nahi dituzue. Gertu ikusten duzue aukera hori?

Pandemia atzean utzi ondoren, 2020tik aurrera, alderdi bakoitzak bere Aberri Eguna antolatu izan du berriro ere, baina elkarrekin joateko ideia ere hor dago. Horrek indarra hartzen badu, ikusiko dugu aurrerantzean zer gertatzen den. Nire ustez, garrantzitsuena da partekatzen dugun hori, hau da, euskal nazioa bultzatzea; denok elkarrekin joaten bagara, indar handiagoa hartuko du horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.