Urtero legez, Iruñean ospatuko du Aberri Eguna EH Bilduk, apirilaren 20an. Egoera berezi eta korapilatsuan dator aurtengoa. Arnaldo Otegi idazkari nagusiaren arabera, mundua «oso azkar» aldatzen ari da «okerrera». Hori ikusirik, Euskal Herria antimilitarista dela eta «beste bide bat» hartzen ari dela azpimarratu nahi dute aurten: burujabetzaren aldekoa, militarismoaren eta autoritarismoaren aurkakoa, feminista eta sozialista. «Halako testuinguruan, Euskal Herria beste gauza batzuk egiten ari dela aldarrikatuko dugu», esan du.
Iruñean, Redingo bastioian, Zaldi Zuriaren ostatu alboan aurkeztu du Otegik Aberri Eguna, eta dei egin du kaleak «banderaz eta ukabilez» betetzeko Askatasunaren nazioa gara lelopean. Manifestazio nagusia eguerdian izango da. Urtero egin bezala, «festa eta mobilizazio herritarra» batu nahi dituzte, eta «Euskal Herria nazioa» dela aldarrikatuko dute.
«Bigarren Mundu Gerratik antolatutako arkitektura instituzional guztia hankaz gora dago, eta, horren parean, oihanaren legearen arabera antolatzen ari da nazioarteko ordena»
ARNALDO OTEGIEH Bilduko idazkaria nagusia
Aurretik, testuinguruari erreparatu nahi izan dio Otegik. Haren ustez, aspalditik datorren joera «azelerazio prozesuan dago» uneotan: «Gerrak saihesteko eta bake prozesuak sustatzeko, Bigarren Mundu Gerratik antolatutako arkitektura instituzional guztia hankaz gora dago, eta horren parean, oihanaren legearen arabera antolatzen ari da nazioarteko ordena, ordena deitzerik baldin badago». Horrekin batera, Otegik uste du antolamendu hori militarismoan eta autoritarismoan oinarritzen ari dela. «Kaltegarria da Euskal Herriarentzat, eta munduarentzat ere bai».
Era berean, bi efemeride berezi daude aurten. Alde batetik, 50 urte beteko dira Franco diktadorea hil zela, «eta ez frankismoa». Horri loturik, gogoan izango dute mende erdi pasatu dela diktadurak Txiki eta Otaegi erail zituenetik. Bestetik, gogoan izango dute Euskal Herriak NATOri ezetz esan ziola erreferendumean duela ia 40 urte. «Euskal Herriak antimilitarismoaren aldeko apustua egin zuen». Euskal Herria beste bide bat egiten ari den adibidetzat jo du.
Bilera Sanchezekin
Hain zuzen ere, armagintzan gehiago inbertitzeari buruzko elkarrizketak egingo ditu ostegunean Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Kongresuko ia talde guztiekin. Horri begira, koalizioaren jarrerari buruz galdetu diote, eta Otegik erantzun du eztabaida sakona dela eta ertz asko dituela: «Zuhurtziaz jokatu behar da. Aipatutako testuinguru horren arabera, Europak berrarmatzearen aldeko apustua egin du. Gu entzutera joango gara zer duen esateko estatuko presidente horrek, eta gero finkatuko dugu gure jarrera». Dena den, gaineratu du EH Bilduren jarrera lasterketa militar baten kontrakoa dela.