Euskal Herria aldundietatik eta udaletatik eraikitzera deitu du EAJk

Andoni Ortuzarrek dio Lopezen eta Sanzen gobernuak «ahulak» izan arren «Euskadi inoiz baino nazio indartsuagoa» delaBilboko Plaza Barrian ospatuko du EAJk Aberri Eguna, 'Euskadiren garaia' lelopean

jon olano
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Udalek eta aldundiek «atera beharko dute Euskadi aurrera», Andoni Ortuzar EAJko Bizkaiko presidentearen arabera. Izan ere, egungo Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua «inoiz izan ditugun ahulenak» direla eta, beraz, «Euskadi sendoago bat eraikitzea eta garatzea» EAJri dagokiola iritzi dio Ortuzarrek.

Atzo egin zituen adierazpenok Ortuzarrek, etziko Aberri Egunerako EAJk egingo duen ekitaldiaren aurkezpenean. Jakinarazi zuenez, Bilboko Plaza Barrian elkartuko da alderdia, Euskadiren garaia lelopean. EAJk Aberri Eguna ospatuko duen 80. urteurrena dela oroitarazi zuen, eta lehena ere Bilbon ospatu zutela gaineratu zuen.

Euskal Herria «inoiz baino nazio indartsuagoa» dela iritzi dio Ortuzarrek, urtebetean «aurrerapauso garrantzitsuak» eman direla uste baitu: «Kontzertu ekonomikoa sendotu dugu, Ecofinen parte hartu dugu, enplegurako politika eraginkorrak lortu ditugu...».

Pauso horiei esker, «Euskadi nazioago da», Ortuzarren iritziz. Alta, urrats horiek «inoiz eduki ditugun gobernu ahulenekin» egin direla nabarmendu du. Ortuzarrek uste du Patxi Lopezek eta Miguel Sanzek zuzentzen dituzten gobernuak «iparrik eta ideiarik gabekoak» direla eta ez direla gai «eguneroko eskaerei aurre egiteko». Haren iritziz, bi gobernuek dute «eskuin espainolistaren eta alderdi sozialista otzan baten arteko akordioa».

Egungo Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren ahultasuna ikusita, EAJri dagokio, Ortuzarren esanetan, «Euskadi aurrera ateratzea». EAJk eginbehar hori «udalen eta aldundien bidez» egingo duela ziurtatu du: «Orduan Jose Antonio Agirreri bezala, gaur abertzaleoi dagokigu Euskal Aberri sendoago bat eraikitzea eta garatzea».

Nazioa eraikitzea «gaur bete beharreko erronka» da, Ortuzarren irudiko: «Ezin dugu biharko utzi». Azaldu duenez, «krisialdi ekonomikoa eta langabezia gainditzea eta bakea, normalizazioa eta bizikidetza erdiestea» dira EAJren erronka nagusiak. «Orain arte bezala, gure eginbeharrak betetzen jarraituko dugu. Gaur, Aberri Egunean, eta egunerokoan», gaineratu du.

«Badugu zer ospatua»

Udalbiltza-Udalbidek ere adierazpen bat plazaratu du Aberri Egunaren harira. Euskal herritarrak batzen dituztenak «bakea eta erabakitzeko eskubidea» direla dio agirian. Erakundearen arabera, «inoiz ez gara sentitu betirako baketik hain hurbil», ezker abertzalearen «biraketak egoera ezezagun bat» ireki duelako. Udalbiltza-Udalbideen iritziz, «inoiz ezagutu gabeko ezaugarri berri bat» kontuan izan behar da: «Euskal Herrian ez dago jada politikaren bidetik eta indarkeriaren bidetik aldi berean ibil daitekeela onartzen duen indar politiko abertzalerik». Horren ondorioz, aurtengo Aberri Egunean, «ETAk eginiko mehatxu eta jazarpenek ez dute lekurik izango». «Aurten badugu, beraz, zer ospatu», gaineratu du.

Bidenabar, herritar ororen eskubide guztien aitortza lor-tzeko «esku bete lan» duela oroitarazi du erakundeak. Izan ere, Espainiaren estrategia «antidemokratiko, zapaltzaile, ukatzaile eta debekatzailea» gaitzetsi du. Estrategia horrek ETAren jarduera armatua «aparteko laguna» izan duela ohartarazi du Udalbiltza-Udalbidek: «ETAk eman dio Estatuari urte hauetan guztietan abertzaletasunaren zilegitasuna bahitzeko arma dialektikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.