Euskara merkataritzan

Euskal Herri osoko saltokietan euskaraz «lasai» aritzeko marka bat sortu dute

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak sortutako markak ‘Euskaraz barra-barra’ du izena, eta merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzea du helburu.

Marka berriaren aurkezpena gaur egin dute, Donostiako Bretxako merkatuan. IREKIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko martxoaren 31
12:52
Entzun

Euskal Herri osoko merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzeko balioko duen marka bat sortu dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak: Euskaraz barra-barra du izena. «Marka honek, ikusten dugun tokietan, adierazi nahi du han guri zerbitzatzeko daudenak gai direla gurekin euskaraz mintzatzeko, edo euskara ulertzeko. Beraz, haiekin lasai-lasai hitz egin ahalko dugu euskaraz, inolako gaizki-ulerturik gabe», azaldu du Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, gaur Donostian egin duten aurkezpenean.

Euskaraz barra-barra markaren berritasuna zera da, Euskal Herri osoan hedatzeko helburua duela, Zupiriaren arabera. «Espazio horiek euskararen eremu osoan, lurralde guztietan identifikagarri egiteko marka bera izateak euskararen erabilera sozialari lagunduko dio, eta hiztunei konfiantza emango die», azaldu du Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak.

Helburua tabernetan, jatetxeetan, saltokietan eta merkataritza guneetan euskararen erabilera sustatzea da, eta euskal hiztunen «estres linguistikoa» murriztea. Marka horrekin bat egin nahi duten saltokiek hiru baldintza bete beharko dituzte: zabalik dagoen bitartean gutxienez langile euskaldun bat izatea, bezeroei lehen eta azken hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzea eta kontsumitzaileei euskaraz egiteko aukera bermatu ahal izatea. Erakusleihoan markaren ikurra jarriko dute bat egiten duten saltokiek, bezeroei adierazteko euskaraz egin dezaketela.

Gainera, Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak nabarmendu du saltokiei lagunduko dietela hizkuntza paisaia elebiduntzen: «Markaren zabalkundea egitean, saltegiei proposatuko diegu seinaleak, komunikazioa eta erabiltzen dituzten euskarriak euskaraz ere ezartzea, eta horretarako laguntza eskainiko diegu».

Proiektu pilotua

Marka gaur aurkeztu dute, baina aurreko hilabeteetan proiektu pilotu bat egiten jardun dute 1.644 saltoki eta tabernatan; gehienak Donostian daude, baina proba egin dute UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herrietan eta beste batzuetan ere. Aurten, Euskaraz barra-barra marka Euskal Herriko beste 50 udalerritara hedatzeko helburua dutela adierazi dute; besteak beste, Bilbora eta Gasteiza. Hala ere, nabarmendu dute helburua Euskal Herriko udalerri guztietara hedatzea dela.

Eremu pribatura —sozioekonomikora— mugatuko da markaren zabalkundea, baina azaldu dute etorkizunean aztertuko dutela ea «eremu publikora» ere hedatu daitekeen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.