Ikastolen jaiak

Herri Urrats jai giroan ospatu da, Beskoitzeko ikastola eraikitzea xede harturik

Senpereko aintziraren inguruan milaka lagunek ospatu dute Herri Urrats-en 41. edizioa. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak azpimarratu du «euskararen besta» dela, «Ipar Euskal Herrian behar dugun arnasgune handi hori».

Herri Urrats Senperen, atzo. PATXI BELTZAIZ
Gurutze Izagirre Intxauspe - Paulo Ostolaza
2024ko maiatzaren 13a
09:35
Entzun

Helburu argia izan du aurtengo Herri Urratsek: Beskoitzeko (Lapurdi) ikastola eraikitzeko dirua biltzea. Aurten ere Senperen (Lapurdi) egin dute Ikastolen aldeko jaia, eta atzo, hasi berritan, horixe berretsi zuen Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Herriko etxe berriarekin konponbide bat lortuko dutelakoan dago, baina adierazi zuen horrelako proiektu bat aurrera eramateko laguntza eta elkartasuna beharko dituztela. Xede hori zuen atzoko jaiak, eta horregatik esan zuten «Euskal Herri osoak» eraikiko duela Beskoitzeko ikastola.

Horretaz gain, Jorajuriak azpimarratu zuen Herri Urrats «euskararen besta» dela, «Ipar Euskal Herrian behar dugun arnasgune handi hori».

Giro lainotua topatu zuten Senperera bertaratutakoek. Lehen orduan eta tarteka, zirimiria egin zuen, baina arratsaldean argitu zuen zeruak. Normaltasunez joan zen eguna, eta aurreko urteko edizioan ez bezala, eguraldia ez zen oztopo izan.

Gustu guztietarako egitaraua ondu zuten antolatzaileek, eta 10:00etarako ekin zioten jaialdiari. Ordu erdi geroago ekitaldi ofiziala egin zuten. EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Maider Beotegik hizkuntza politika egoera zailean dela adierazi, eta bertako kide diren erakundeei finantzaketa krisiari erantzuteko premia adierazi zien. Hala, Jean Rene Etxegarai  Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, kasurako, 650.000 euroren finantzaketa iragarri zuen; Andde Sainte-Marie Akitania Berriko kontseilariak, berriz, 100.000 euroren laguntza emango zela jakinarazi zuen. 

Mezuetan agerian geratu zen Frantziak ez duela deus laguntzen euskara. Jorajuriak gogora ekarri zuen, adibidez, ikasle eta ikastola kopurua inoiz baino handiagoa dela, baina baliabideek «eskas» dira oraindik ere. Zazpi urtean aurrekontua ez da igo. Testuinguru zail horretan, Beskoitzen ikastola berria egiteko helburua jarri dute. Halaber, Jorajuriak eskatu zuen erakundeak mahai baten bueltan eser daitezela euskararen beharrei erantzuteko.

Zortzi gune

Aurtengo egitarauan, indar berezia egiten saiatu dira emakumeak agertokian izateko; oholtzara igo zirenen %70, alegia. Zortzi eremutan banatu zuten jaia, eta 2.500 laguntzaile izan zituzten guztia egoki joan zedin.

Nafarroa Badok gunea musikak blaitu zuen. Esne Beltza taldea agur biran dago, eta iaz taldekideek Herri Urratseko antolatzaileei esan zieten bira horren barruan sartu nahiko zuketela Senpereko festa. Guneetako batean izan ziren. Leihotikan taldea ere bai; 1990eko hamarkadatik jo gabea da, eta Herri Urratsen jo zuen atzo. Baita Delirium Tremens taldeak ere.

Gaur egun bogan dauden beste hainbat talde ere izan ziren: besteak beste, Nogen, Araba Berria gunean. Nogenez gain, gune horretan entzun ahal izan ziren Neomak, Niko Etxart eta Mutxikoak.

Peio Jorajuria, gaur, Herri Urratsen hasierako agerraldian. Albo banatan, Bingen Zupiria eta Jean Rene Etxegarai. PATXI BELTZAIZ
Peio Jorajuria, atzo, Herri Urratsen hasierako agerraldian. Albo banatan, Bingen Zupiria eta Jean Rene Etxegarai. PATXI BELTZAIZ

Gipuzkoa gunean toki egin zioten sormen gazteari. Munduan entzuten den musika euskaraz egiteko ahalegina egiten ari direnei aitortza bat izan zen eremua, eta, era berean, plaza bat bertaratuek ezagutu ditzaten. Han izan ziren, besteak beste, Eire eta Pisso & OPH. Baita bertsolariak ere: Amets Arzallus, Irantzu Idoate, Haira Aizpurua eta Unai Agirre. Gaiak jartzen Xalbat Alzugarai aritu zen.

Lapurdi gunean Mantangorri eszenatokia jarri zuten. Gurasohw, Pontx eta Gora Bihotzak izan ziren bertan. Sagardotegi menua dastatzeko aukera ere izan zen bertan.

Ibilbidean zehar harat eta honat ibili ziren elektrotxarangak, gaiteroak eta bestelako musikariak. 

'Ortzadarra'

Aurtengo Herri Urratsen leloa Ortzadarra izan da. Guztien gogoan izan zen iragan urteko Herri Urrats festa. Iaz maiatzaren 14an izan zen euskararen aldeko jai handia, eta bezperan uholdeak izan ziren Senpereko aintziraren inguruetan, euri jasen ondorioz. Bi urtez jaia etenda egon ostean, aurrera egin edo ez ebatzi behar izan zuten. Azkenean aurrera egitea erabaki zuten. Giroak askorik lagundu ez bazuen ere, joan zen jendea. Galera handiak izan ziren, halere, baina biharamuneko elkartasun uholdeari esker kontuak berdindu zituzten, eta Herri Urrats egunak berak ere eguzkitsu amaitu zuen. Euriaren osteko eguzkiarekin sortzen den ortzadarra ekarri dute gogora aurten jaiari lelo hori jarrita.

Bestetik, ortzadarrak zubi bat irudikatzen du, eta, Koldo Rodriguezen koordinatzailearen esanetan, Herri Urratsen funtzioa zubiarena izan da, harremanak sortu dituztelako Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean, eta baita herri ikastolekin ere.

Hirugarrenik, ortzadarrak aniztasuna irudikatzen du. Seaskak ere aniztasun hori jorratzen du komunitatean, ikastetxeetan, eta hori ere irudikatu nahi izan dute.

Euskara erdira

Euskararen aldeko aldarrikapenak zeharkatuko du, baina, egun osoa. Euskararen kontrako oldarraldiaren markoan kokatu dute jai egun hau, modu erreibindikatzailean egin ere: «Mobilizazio egun nazional baten gisan planteatzen dugu Herri Urrats», adierazi du Rodriguezek. Euskaraz bizitzeko hautua egiten duen herri bat badagoela ikusarazi nahi dute, eta hori aldarrikatzeko bidea eman nahi du Herri Urratsek, Senperen elkartzeko deia eginda. «Euskaraz bizi nahi duen herri bat badagoela erakutsi dugu».

Bereziki gogoan hartu ditu Azterketak Euskaraz egiteko eskatzen duen kolektiboa. Eta Beskoitzen haurrek euskaraz ikasi ahal izan dezaten gurasoek eta euskaltzaleek egindako lana. Ekitaldi, jardunaldi eta mobilizazio ugari egin dituzte gatazka haien berri izateko, eta jaso dituzten elkartasun eta babes mezuak izan dira lagungarri gatazka horiek konpontzen hasteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.