Uztailaren 23an iragarri zuten Luis Goñik, Xabier Sagardoik, Maider Caminosek eta Aritz Azkonak ezkutatuta zeudela. Haiek jakin gabe, handik ordu batzuetara etorri zen Auzitegi Gorenaren epaia: Azkona, Caminos eta une hartan espetxean zen Mikel Jimenez absolbitu zituen, baina sei urteko espetxe zigorra berretsi zien Goñiri eta Sagardoiri. Geroztik, ezkutuan jarraitzen dute biek. Bere ezkutalekutik, BERRIA-k igorritako galderei erantzun die Luis Goñi barañaindarrak.
Zergatik erabaki duzue ezkutatzea?
Hasieratik aipatu genuen ez genituela auzitegi arrotzetatik etor zitezkeen epaiak onartuko. Beraz, militante moduan, epai horri aurre egiteko ikusten genuen modu bakarra ezkutatzea zen. Donostiako eta Ondarroako esperientziak ikusita, argi zegoen estatuak aukera zuela guri epaia jakinarazi aurretik gu atxilotzen saiatzeko, eta horrela, erantzun baten kosteak saihesteko. Beraz, ezinbestekoa egiten zitzaigun ezkutatzea, Barañainen, Iruñerrian zein Nafarroan, herri harresia bezalako erantzun bat ondo antolatzeko eta desobedientzia zibila errotzen hasteko. Ez dugu onartzen epaitegi arrotz batek gure militantzia zigortzea; beraz, horren aurka desobeditzeko geneukan aukera hoberena gure militantziarekin jarraitzea zen, kontuan izanda hori burutzeko ezkutatu egin behar ginela atxilotuak eta espetxeratuak ez izateko.
Zer aldaketa gertatu da? Aske Gunea eta herri harresi kontzeptuak sortu zirenean esaten zen «ezkutatzea» ez zegoela aukeren artean, ez zutelako ezer ezkutatzerik.
Donostian eta Ondarroan gertatutako esperientzia horiek zerbaiten hasiera izan ziren, baina ez bukaera. Desobedientziaren bidean sakontzeko aukera paregabeak izan ziren, eta euskal herritarrek positiboki erantzun zuten. Baina non dago muga? Ezkutatzeak ez du esan nahi ezer ezkutatzeko dugunik. Alderantziz, plazaratu egin nahi dugu zein izan den gure 'delitua'. Plazaratu egin nahi dugu 260 euskal militante baino gehiago daudela horrelako sententzien eta epaiketan zain, eta orain herri gisa erantzuteko ditugun erreminten artean desobedientzia dela gure ustez eraginkorrena. Herri harresiek zein Askeguneek garapen ezberdinak izango dituzte kasuan-kasuan. Guk bide bat aukeratu dugu; baliteke hurrengoak beste bat aukeratzea. Guretzat zerbait dinamiko da, eta momentu jakin bakoitzeko egoeretara egokitu beharra dago.
Nola hartu zenuten Auzitegi Gorenaren epaia?
23an epaia ezagutarazi ziguten, baina dagoeneko aste bat inguru generaman ezkutatuta. Eta emaitzari buruz, ba zer esan? Zigorrerako prest geunden, ez genuelako beste zerbait espero auzitegi espainoletatik. Momentu horretan burura etorri zitzaiguna izan zen berriro ere neska-lagunak, gurasoak edo lagunak zigortzen zituztela, ia hiru urtez, dispertsioaren «erruleta errusiarrera». Beste aldetik, poztasuna, Aritz, Maider eta Mikel kalean geratuko zirelako euren senide eta lagunekin, eta lanean, ekarpenak egiten, behin kartzelan izandako ametsak egi bihurtzeko.
Gorenak zuen aurkako sei urteko zigorra berresterakoan, erabakigarria eta oinarria izan dira polizia etxean inkomunikazio aldian egindako deklarazioak. Zer duzue horri buruz esateko?
Horrek berresten du tortura Espainiako estatuan guztiz errotua dagoela, babes osoz aritzen direla torturatzaileak. Epaiketan bertan, fiskalak berak aipatu zuen berak ez zekiela nola atera ziren deklarazioak eta ez zitzaiola axola gainera, gauza zela frogak lortu zituztela. Bueno, estatuaren ordezkariak hori esaten duenean epaiketa batean, uste dut guztia esana dagoela. Torturak behar duen babes politiko-juridiko guztia dauka Espainiako estatuan.
Ez zizkizuen indarkeriazko delituak egozten. Nahiz eta hori zuek ere ukatu zenuten epaiketan, Segiko kide izatea egozten zizuen fiskalak. Oraindik ere Euskal Herrian horrelako kasuetan «zerbait egingo zuten» pentsatzen duten herritarrei zer esango zenieke?
Ba horixe bera esango nieke, zerbait egin genuela bai: ez gaude prest ikusteko nola gure hizkuntza, gure herria, kanpotik etortzen diren lege arrotzen azpian usteltzen, ez dugu zilegi ikusten Osasunbidea pribatizatzea, etxe eta lan duinen alde borrokatu gara... Horiek dira gure delituak, Euskal Herri ezberdin baten alde aritzea, eta gure aurka ezohiko legedia aplikatzen da, legea apurtu dugu, eta jarraituko dugu horretan, legeak ez du zergatik bidezkoa izan behar. Gurean, gutxi batzuen onurarako den legedia ez betetzea delitua izan daiteke, haiek horrela adostu dutelako, baina gehiengoarentzat, egunerokotasuneko arazoak pairatzen ditugunontzat, desobedientzia da gure ekinbide hori.
Zergatik sartu zineten politikan? Eta zein izan da zuen ibilbide politikoa laburbilduz?
Ni, zehazki, 14-15 urterekin. Iruñeko alde zaharrean parrandan nenbilela lagunekin, taberna batean ginen freskagarri bat hartzen, eta, bat-batean, dena poliziaz bete zen. Uste genuen gurekin ez zihoala kontua, baina laster asko hasi ziren ostikoka eta borrez egurra gogoz ematen. Gau hartan kuadrilla osoa jipoitu zuten, eta hiru lagun atxilotu zituzten. Ordura arte, uste nuen politika ez zihoala nirekin, baina jasandako erasoaren ostean, erabaki nuen Jarraiko gazte erakundean militatzen hastea, jipoi horren nondik norakoak ulertzeko. Ostera, ulertu nuen jipoi hori ez zela gure aurka, estatuaren biolentzia —legala eta instituzionalizatua— herri baten aurka bideratua zela baizik. Geroztik, nire militantzia, gazte erakundean eta preso, errefuxiatu eta errepresaliatuen inguruko antolakundeetan izan da.
Orain ezkutuan zaudetela, egoera zailean, badago indarra ematen dizuen euskal edo nazioarteko erreferentziarik? Zer ispiluk ematen dizue indarra aurrera jarraitzeko??
Gure inguruan borrokan jarraitzen duten kide guztiek. Egunerokoan lantegi, ikastetxe edo kaleetan, preso dauden kide guzti horiek, errefuxiatuek edo sasian lanean jarraitzen duten kide guztiek. Eta, nola ez, ezin ahaztu irailaren 27tik gertu gaudela, bidean geratu diren kide horiek guztiek dena eman dutelako, amesten zuten/dugun Euskal Herri hori gaur gertuago izateko.
Ezkutuan zaudete, eta elkarrizketa hau salbu, ezin duzue hitz egin. Hala ere, zuen jarrerarekin eta konpromisoarekin «hitz egiten» ari zarete.
Nik uste dut mezua argia dela: desobedientzia. Ez bakarrik gu orain gauden arloan. Estatuak egunero hartzen ditu gure herriaren inguruko erabakiak, pentsatu gabe onak ala txarrak izango diren guretzat, eta, beraz, gure herriarentzat bidezkoak ez diren erabakien kontra desobeditzeko aukera zilegia dagoela adierazi nahi dugu gure ekinbidearekin.
Nolakoa da zuen egunerokoa? Nola bizi dituzue egun bereziok?
Egunero saiatzen gara kirol apur bat egiten, egunkari eta liburuak irakurtzen... Egunerokoaren alde okerrena eta gogorrena da guk maite dugun jendearekin ezin garela egon. Neska-lagunarekin, lagun eta senideekin... Gogorra da, baina beraien babes osoa helarazi digute, eta, horrela, apurtxo bat errazten digute egonaldia.
Inork pentsa dezake, kartzelan bezala, ezkutuan ere zuen askatasuna erabat mugatua dagoela. Dena den, ba al dago diferentziarik?
Diferentzia nabarmena da guk geuk erabakitako zerbait dela. Hau da, guk ez dugu erabaki gure militantziagatik kartzelan bukatzea, gure erabakia militatzea izan da. Beraz, horretan jarraitzeko ezkutatu gara. Guk erabaki dugu lanean jarraitzea.
Noiz arte egongo zarete ezkutuan? Zuen jarrerak badu epemugarik?
Herri harresi sendo bat osatzeko, gure eta beste auzipetuen egoera salatzeko eta militatzen jarraitzeko ezkutatu ginen. Horretan gaude, desobedientzia gure herri eta auzoetan errotzeko lanean ari gara, baina ez gara ausartzen oraingoz epemugarik jartzera. Oraingoz, pausoka goaz aurrera, eta epemuga ez dugu guk geuk jarriko, lehen aipatutakoak burutzen diren heinean bukatu da gure ezkutatze hau.
Elkartasuna ez ezik, ehunka herritarrek zuekiko konpromisoa adierazi dute. Euren etxeak eskaintzeko borondatea adierazi zuten ekaina amaieran Gazteluko plazan, eta inork konpromiso hori errealitate egin du. Zer esan nahi du zuentzat?
Bide onetik goazela adierazten du. Jendarteak ulertzen du ez dela bidezkoa militantzia independentistagatik kartzelan bukatzea. Ulertzen du kartzelak husteko garaia dela, eta, beraz, etxeetan gordetzeak, desobedientziarekin ados dauden seinalea da, eta hori da egiten duten ekarpena: etxea, jana... Konprometitu egin dira, bidezkoak ez diren jarreren aurkako ekinbideetan.
Segurtasun indarrak zuen atzetik dabiltzala adierazi nahi izan dute. Eleak-ek berriki Barañainen etxe baten miaketa bat salatu du.
Uste dugu ekinbide horrekin lortu nahi duten gauza bakarra dela jendarteak adierazi digun elkartasuna eta konpromisoa kriminalizatzea eta, beraz, beldurra zabaltzea, dugun babes guzti hau murrizteko. Jai izanen dute!
Desobedientzia zibilaren bidean herri harresia eraikitzen ari da: Gasteiz, Errenteria, Donostia, Ondarroa eta orain Barañain/Iruñerria. Zer ekarpen egiten ari zarete harresihorretan?
Elkartasunetik, konpromisorako pauso hori zabaltzea. Jendarteak ulertu du desobedientziak, auzipetu gutxi batzuen artean burutzen bada, muga handiak dituela, baina hori zabaltzen badugu, jendeak konpromisorako pausoa ematen badu, orduan bai, gurpil hori geldiezina izango dela.
Ez zarete bakarrak. Aurretik epaiketa politikoak izan dira, eta aurrerantzean ere izango dira. Zer egin behar da epaiketa horien aurrean?
Abiatu dugun bide hau muturreraino eramatea. Herri gisa aurre egiten diogunean horri guztiari, zer epaile, zer polizia saiatuko da inor epaitzen? Nor epaituko dute Euskal Herria, herri gisa, desobedientea bada? Desobedientzia herri eta auzoetan errotu behar dugu, masa borroka aktibatu behar dugu, baina ez bakarrik epaiketen inguruko kontuei aurre egiteko, aurretik esan bezala, lan eta bizi-baldintza duinen defentsan antolatu behar dugu, osasun publikoaren alde... Fronte asko daude, eta horretan gaudenean, jada ez da egongo inor epaitzerik.
Nola irudikatzen duzue etorkizun batean harresi hori? Nolakoa izatea amesten duzue?
Herritar antolatuz osatutako desobedientzia bloke bat bezala, aurre egingo diona ez bakarrik auzitegietatik etortzen diren aferei, baizik eta egunerokoan jardungo direnak, inposaturiko neurri arrotzei desobeditzen, eta alternatiba bat eraikitzen.
Zer dei egiten diozue elkarrizketa hau irakurtzen duen irakurleari?
Antolatzea eta borrokatzea egunerokoan, inposatzen zaion horren guztiaren aurka. Inasako langileria adibide argia da; ez zuten lortu lantegia ez desegitea, baina desobeditu zuten. Irurtzungo herri osoa eta Nafarroako beste hainbat jende haiekin ginen, nahiz eta han ezin egon. Defentsa duina txalotu beharra dago.
Amaiurren herri harresia irudikatu nahi izan zen, eta orain Barañainen irailaren 20an giza katea egingo da. Zer garrantzi dute ekinbideok?
Ezinbestekoak dira, alde batetik, etsaiari argi eta garbi esaten diogulako hemen gaudela eta hemen egongo garela errepresio eta ezohiko legedi oso baten gainetik. Bestalde, etxera begira, jendeak egunerokoan jakin behar du ez dagoela bakarrik eta euren borrokak guztionak direla; ekinbideek horretarako bidea ematen dute. Guretzat, ikaragarria izan da Amaiurreko ekinbideen argazkiak ikustea, edo eginiko bideoklipa, ur harresia... Ez dago hitzik elkartasun eta konpromiso hori guztia eskertzeko.
Luis Goñi. Gazte independentista
«Euskal Herri ezberdin baten alde aritzea izan da gure 'delitua'»
Gorenak sei urteko espetxe zigorra berretsi ostean, Xabier Sagardoik eta Luis Goñik ezkutatuta segitzen dute, horrelako epaien aurka desobeditzeko «aukera zilegia» dagoela adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu