«Mugimendu abertzale, ezkertiar, feminista eta ekologista dugu antolatzeko! Euskal Herria dugu eraikitzeko! Aitzina goaz!» hitz horiekin eman dio bukaera Nikolas Blain EH Baiko koordinatzaileak ezkerreko mugimendu abertzaleak egin duen lehen kongresuari. Dozenaka jende bildu da Baionako Elkartetxean, asteetako prozesuaren ondotik, EH Baik 2022-2026 aldirako izanen duen bide orri politikoa onartu, eta berau aitzina eramateko ardura izanen duen zuzendaritza berria hautatzeko. Hamairu kidek osatuko dute, eta, horien artean, aurpegi gazte eta berri andana daude. Mathile Hary izanen da Blainekin batera EH Bairen bozeramailetza eramanen duena. Ondoko urteetarako finkatu dituzten erronkak aletu dituzte bien artean. Euskal Herriko mugimendu politiko, sozial eta sindikal anitzetako ordezkariek parte hartu dute ekitaldi politikoan, baita nazioartetik etorritako ordezkariek ere.
Ikusi gehiago:EHBairen txosten politikoa
Duela hamabost urte sortu zen EH Bai, 2007ko Frantziako Asanblearako hauteskundeen harira. Abertzaleen Batasunak, Batasunak eta Eusko Alkartasunak osatutako koalizioa zen garaian, baina urteeen poderioz, alderdiek lehentasuna eman diote, eta, gaur egun, ezkerreko abertzaleen erreferentzia nagusia da. Lehen kongresua mugarri bat da EH Bairen ibilbidean. «Egindako lanaz harro egon gaitezke. Ezkerreko abertzaleen arteko zatiketak gainditzeko lan tresna egokia izan da EH Bai, baita proposamen abertzale, ezkertiak, feminista eta ekologistak instituzioetara eta karrikara eramateko ere», adierazi du Blainek. Azken asteetako eztabaida eta gogoeta kolektiboa goraipatu ditu, eta bertan parte hartu dutenei eskerrak eman dizkie.
Ikusi gehiago:EHBairen zuzendaritza berria
Hauek dira irailean abiatu zuten prozesuaren datuak: 250 lagunetik goiti bildu dira 34 herritan egin dituzten bilkuretan eta 40 emendakin egin dizkiete txosten politiko eta organizatiboei. Azaroaren 9 eta 10 artean bozkatu zuten txosten organizatiboak %77,5eko babesa izan zuen. Larunbat honetan 235 kidek parte hartu dute lehen kongresuan, eta aho batez onartu dute txosten politikoaren azken bertsioa. Zuzendaritza berrirako zerrendak %94eko babesa jaso du.
Ondoko urteetan izanen duen zuzendaritza aurkeztu du EH Baik. Aurpegi gazte eta berri andana ikusi daitezke @berriapic.twitter.com/o8d5GUaVk5
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) November 26, 2022
Estatus politikoa
EH Bairen hitzetan, Ipar Euskal Herriak ez du erabakitzeko aski botererik, ez du aski autonomiarik. «Parisen edozein gobernu izanik ere, Frantziako Estatuko politika uniformeak, erabaki autoritarioak eta ultra-zentralizatuak jasaten segitzen du Euskal Herriak», adierazi du Blainek. «Ez dugu erbakiak hartzeko ahalmenik biztanleen eguneroko bizia hunkitzen duten gai biziki estrategikoetan; erateko, etxebizitzan, hizkuntza politikan, ekonomian eta mugaz gaindiko politikan». Hala ere, azken urteetan gai horiek guzietan «garaipen ederrak» lortu dituztela nabarmendu du, bai mobilizazioei esker, baina baita «dinamika kolektiboak eta indar metaketak bultzatzeko ahalmenari esker». Ildo horretatik segitzeko borondatea eskutsi du «mugimenduen arteko zubiak eraiki eta Parisen parean boz bakarrean herri gisa mintzatzeko xedearekin».
Baina Ipar Euskal Herriaren estatus politikoan aitzina egiteko beharra ere azpimarratu dute, Euskal Hirigune Elkargoaren koadroa «gainditzeko» garaia dela adierazita. 2010eko hamarkada hasieran, estatus berezikp lurralde elkargoaren aldarrikapenak lortutako kontsentsua oinarri hartuta, aldarrikapen hori «agenda politikoaren lehen lerroan» ezartzeko borondatea erakutsi dute «Parisko ministerioetaraino» entzunarazteko. «Maila bateko aitortza instituzionala badugu ere, onartezina zaigu Frantziako Gobernuak funtsezko gai hau baztertzea: gure bilakaera instituzionala, erabakitzeko botere gehiagoren lortzea eta instituzioaren demokratizatzea», adierazi du Haryk. Helburu horiek kausitzeko engaiamendua hartu dute, eta dei egin diete Ipar Euskal Herriko indar politiko, sindikal eta sozialei estatus politikoa eta bilakaera instituzionala eztabaida politikoaren «erdian» ezartzeko. Azken urteetan bezala, «bi hankaren gainean aitzinatzeko» asmoa erakutsi dute, bai instituzioetan, eta bai karrikan.
Abertzaleak, ezkerrekoak, feministak eta ekologistak. Horrela definitu dute beraien burua EH Baiko kideek. «Azken urteotan gero eta jende gehiago hurbildu zaigu eta segur gara geroan ere oraino gehiago izanen garela», erran du Haryk. «Herria da gure interes bakarra. Horregatik, gero eta EH Bai indartsuagoa izan, instituzio eta mobilizazioetan gero eta gehiago izan, orduan eta aterabide gehiago izanen dira herriarentzat».
Nazio eraikuntza
Ondoko urteetako hauteskunde zikloari begira dago EH Baiko zuzendaritza: Frantziako Senatukoak eta Europakoak; baina, baita Frantziako Asanbleakoak ere, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak legealdia bukatu aitzin legebiltzarra desegiteko aukera ikusten baitute. Hala ere, 2026ko martxoan izanen diren herrietako bozak izanen dira ezkerreko abertzaleen hitzordu nagusia. «EH Baiko militanteak gure proiektu politikoa aukrezteko prest izanen gara herri guzietan, ezkerreko alternatiba eraikitzeko helburuarekin, biztanleriari ahal bezain hurbil», adierazi du Blainek. Arloz arlo mobilizatzen segituko dutela ere erran du, bai lurra eta etxebizitzaren arloan bultzatu dute Herrian Bizi plataforma anitzaren bidez, baita Bakegileen eta Bake Bidearen bidez, euskal preso eta iheslarien etxeratzea helburu. Zentzua horretan uztailaren 23ko desobedientzia ekintzen ondorioz auziperatuak izanen diren militanteei sustengua adierazi die -tartean da Hary-. Beste arloetako borroketan jarduteko asmoa ere agertu dute.
EH Bairen ibilbidea txalotuz hasi da Iriarte @berriapic.twitter.com/P1LBE3LzW6
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) November 26, 2022
EH Baik Euskal Herriaren burujabetza eta autodeterminazio eskubidearen defentsa helburu dituen emantzipazio proiektua duela erran dute. Munduko edozein eskualdetan independentziaren alde borrokatzen diren herrien aldean izanen gara beti», adierazi du Blainek. Baina Euskal Herriari begira ere jarri da: «nazio eraikuntzan ere urratsak eman behar ditugu, Euskal Herrikoa izatearen sentimendua indartzean». Zentzu horretan, EH Bildurekin duten hitzarmen estrategikoa «indartu eta berritzeko» engaiamendua hartu dute. Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ere parte hartu du ekitaldi politikoan, eta mezu bera zabaldu du: «Urratsez urrats» bi mugimenduen arteko bidea «uztartzen eta lantzen» ari direla erran du. «Gu gara zazpi lurraldeetako EH bermatzen dugun bakarrak herri honetan». EH Baik onartu duen txosten politikoan, bi mugimenduen arteko lantalde bat osatuko dutela jaso dute. «Prest gaude gure herriaren erronkei erantzuteko», adierazi du Iriartek. «Zatiketa, agenda eta prozesu asimetrikoen gainetk, hizkuntza bera dugu, proiektu politikoa partekatzen dugu eta herri bakarra dugu: Euskal Herria», gaineratu du Blainek.
Nazioarteko babesa
Nazioarteko eragileetako ordezkari andanak parte hartu du EH Bairen lehen kongresuan, horien artean, estaturik gabeko nazio anitzetako ordezkariek: Korsika, Bretainia, Okzitania, Kanakya eta Polinesia, besteak beste. Moetai Brotherson Polinesiako diputatu independentistak egin duen hitzartzea nabarmendu da bereziki. «Gauza asko dugu elkarrekin partekatzeko. Estaturik gabeko nazioak gara, kolonizatzaile bera dugu; anitzetan hala denaren kontzientziarik ez duen kolonizatzaile bat». Kolonizazioa salatuz Macronek izandako diskurtsoak aipatu ditu: «Frantziak munduari emandako lekzioak dira, baina Estatuak begiak ixten ditu bere koloniei begiratzen dielarik». Autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarria egin du, ozen, zailtasunak gorde gabe. «Ez da erraza: Frantziako Estatuaren kontra borrokatu behar garelako. Baina gureen kontra ere borrokatu behar gara; Frantzia jakobinoaren parte izatea erabaki duten gureen kontra». Herrien eskubideak onartuak izan arte eta burujabetzak berreskuratu arte segituko dutela erran du, eta Frantziarekiko «harreman paternalistarekin» bukatzeko eskatu du, «parez pareko» harreman batera igarotzeko. «Ez gara posesio batzuk, herri batzuk gara».