Uztailaren 14a Frantziako besta nazionala da askorentzat. «Borroka eguna» da beste batzuentzat. Hala da, behintzat, Uztailak Hamalau kolektiboarentzat. Ipar Euskal Herriko taldeak manifestazioa egin zuen atzo, Donibane Lohizunen, eta Euskal Herriak «independentzia eta sozialismoa» behar dituela aldarrikatu zuten. Hirugarren urtea da manifestazioa antolatzen dutela.
Frantziako Polizia andanak inguratu zuten Louis XIV.a plaza, baina, halere, emeki hurbildu ziren manifestariak. «Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da» oihuen artean hasi zuten martxa, eta lehen geldialdia Adam makarroi saltegiaren parean egin zuten: Senpere ez da salgai tindatu zuten aitzindegian. Izan ere, Senperen (Lapurdi) salgai den etxe bat erosi nahi du dendaren jabeak, eta prezioa «espekulatiboa» dela salatu dute. Etxebizitzaren krisia salatzeko, halaber, ibilbidean topatu zituzten etxe agentzietara arroltzeak bota zituzten.
Frantziako Poliziak Donibane Lohizunen izanen duen bulego berrian ere tindaketa bat egin zuten bi kidek, Justizia Nahelentzat, Paris inguruan polizia batek erail duen gaztearen omenez. Ondotik, Ziburuko (Lapurdi) hilen monumentuko Frantziako banderak kendu zituzten, eta «Iraultza antolatu» zioen banderola bat erakutsi zuten.
Ziburuko plazan finitu zuten protesta. «Etsaiaren zapalkuntzak eta asimilazioak aurrera segitzen du, eta horren emaitzak argiak dira: euskararen aurkako erasoak, turismo masiboa, ondarearen folklorizazioa, etxebizitzen arazoa eta gazte militanteen aurkako errepresioaren gorakada», salatu zuten. «Antolatzeko» deia egin zuten gero, «Euskal Herri independente eta sozialista» lortzeko.
Azken egunetan, beste bi ekintza aldarrikatu zituen taldeak. Ipar Euskal Herriko hainbat herritako sartzeetan frantsesezko panelak tindatu zituzten lehenik, eta, herenegun, Hendaiako (Lapurdi) turismorako tren ttipian Turistak kanpora idatzi zuten.
Administrazioetan, ikurrina
Xuti Gazte taldeko kideentzako ere protesta eguna izan zen atzokoa. Goizetik hasi ziren ekintzak egiten. Frantziako Estatua ordezkatzen duten administrazioen egoitza aitzinetan izan ziren, eta ikurrinak zintzilikatu zituzten. Baionako suprefeturan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Baionan duen egoitzan, Bordeleko akademia ikuskariaren Baionako bulegoetan eta Baionako auzitegian izan ziren kolektiboko gazteak. Eta argiki aldarrikatu zuten: «Gure ikurrak jarriz herri bat garela adierazi dugu. Euskal herritarrok bizitzaren alor guztietan erabaki nahi dugu».
Uztailaren 14a besta egun «arrotza» da kolektiboarentzat. Gogor mintzatu dira Frantziako Estatuaren kontra: «Frantziaren eredua gazteen zapalkuntzan oinarritzen den eredua» dela erran dute, prentsari igorritako agiri baten bidez. Horren aitzinean, «balio aurrerakoietan» oinarritzen den herria aldarrikatu dute, «herri ezkertiarra, feminista, ekologista, euskaltzalea, plurala».
Arratsean, Miarritzeko (Lapurdi) hondartzan banderola bat zintzilikatu zuen Xuti Gaztek, Frantziako besta eguna ospatzeko su artifiziala hastear zela; Ez zaude Frantzian, hau Euskal Herria da irakur zitekeen.
Euskal Herri «aske» baten alde karrikak hartu dituzte
Uztailak Hamalau kolektiboak manifestazioa egin du Donibane Lohizunen. Xuti Gaztek ikurrinak ipini ditu Frantziako administrazioetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu