Euskaldunon Egunkariak 30 urte. Txema Ramirez de la Piscina eta Irati Agirreazkuenaga. EHUko irakasleak

«Euskal hedabideek komunitatea bizitu egiten dute»

Komunikabideetan arituak dira biak ala biak, baina batez ere adituak euskal komunikabideetan. Euskal kazetaritzaren iraganaz eta geroaz jardun dute: bilakaeraz eta transmisioaz.

JAIZKI FONTANEDA /FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Durangoko Azokan zegoen Txema Ramirez de la Piscina (Gasteiz, 1958) euskal kulturaren topagunea azalean zekarren lehen zenbakiak argia ikusi zuen hartan. Gogoan du «ia-ia borroka» egin behar izan zuela Euskaldunon Egunkaria eskuratzeko. Irati Agirreazkuenagak (Bilbo, 1986) lausoagoa du kazetaren irudia, artean haurra baitzen; baina etxean gogoratzen du, jaso berritan. Belaunaldi eta leku desberdinetakoak, kazetaritzak batu ditu biak; praktikak eta irakaskuntzak.

Ramirez de la Piscinak, ia hiru hamarkadatan kazetari berriak hezi ostean, erretiroa hartu du, eta irakaskuntzan ibilitako urteez aritzean «pribilegiatu» hitza darabil: «Hemen egon naizen 28 urteetan nire adina aurrera zihoan, baina ikasleena ez: beti zituzten 20-22 urte. Beraien begiratzeko modua, beraien galderak, kezkak... aldatzen ikusi ditut, gizartea aldatzen joan den neurrian. Niretzat behatoki pribilegiatua izan da». Garai horiek lehen pertsonan bizi ez baditu ere, ondo ezagutzen ditu euskal kazetaritzaren nondik norakoak Agirreazkuenagak, eta, hain zuzen ere, horretaz aritu dira biak ala biak: igarotakoa nola gogoratu; gogoratu bainoago, nola ez ahaztu.

30 urte igaro dira euskara hutseko lehen egunkaria sortu zenetik. Ordutik hona euskal kazetaritzak izan du bilakaerarik?

TXEMA RAMIREZ DE LA PISCINA: Egindako ibilbidea itzela izan da. Orduan, egon bazeuden hedabideak euskaraz, baina satelite bakanak ziren. Gaur egun, berriz, unibertso bat osatzen dutela uste dut. 200dik gora komunikabide dira, 600dik gora kazetari: ekonomian ere badu inpaktu garrantzitsu bat. Bakar-bakarrik datu horiei begiratuta ere, izugarria izan da onerako bilakaera.

IRATI AGIRREAZKUENAGA: Jakina, izan da bilakaerarik: eduki aldetik, baina baita forma aldetik ere. Orain arte, idatzizko komunikatzaileak izan gara, Egunkaria-ren sorrera ezagutu zuten kontsumitzaile horiek, ziur aski, idatzizko kontsumitzaileak izango dira oraindik. Baina igartzen dut orain irakurle multimedia bilakatu garela, eta BERRIAk berak ere eskaintzen du hori bere webgunean: aukera dut bideoak, podcastak eta bestelakoak ikusi eta entzuteko.

Euskararen ezagutza nabarmen hazi da ordutik. Horretan euskal kazetaritzak izan du zerikusirik?

T.R.P: Oro har, euskararen presentzia handitu da; neurri handi batean, euskal hedabideek ere aurrera egin dutelako. Sustatze lan horretan, euskal hedabideak komunitatearen inguruan ardazten dira; eta komunitatea indartzeko, hizkuntza funtsezkoa da. Zeregin hori oso garrantzitsua da. Komunitatea bizitu egiten dute.

I.A: Nire ustez, produktu bat euskaraz dagoen pieza hori komentatzen hasten zarenean, ziur aski euskaraz egingo duzu. Halaber, pentsatzen dut ahalegin bat dagoela euskara maila desberdinak erabiltzeko pieza desberdinetan, azkenean ezagutza ere desberdina delako. Batzuetan, kritika egin zaie hedabide batzuei oso «elitistak» izateagatik, euskara maila oso jasoa erabiltzeagatik. Baina The Guardian eta The New York Times ere elitistak dira?

Euskal prentsa gizartearen beharrizanetara egokitu da?

T.R.P: Euskaldunon Egunkaria-k eta euskal komunikabideek egin duten eta egiten ari diren ekarpena itzela da. Euskal hedabideetan diharduten profesionalek, gutxien-gutxienez, elebidunak izan behar dute, jasotzen duten informazio gehiena gaztelaniaz edo frantsesez dagoelako. Gainera, euskal hedabideak ez daude komunikazioaren mundua izaten ari den eromen honetatik aparte: erredaktore kopurua gutxitu egin da, albisteak mehetu egin dira, eta horrek behartzen ditu kazetariak pieza are eta laburragoak eskaintzera. Ez dakit, oro har, gizarteak hori kontuan hartzen duen. Askoz gehiago da euskal prentsak gizarteari emandakoa, agintarien aldetik jaso dutena baino.

I.A: Eta ez hori bakarrik, euskal hedabideak saiatzen dira euren agenda propioa sortzen. Eta hori ekarpen izugarria da, bai euskalgintzarako, bai kazetaritzarako.

Eta Txemak lehen aipatu duenaren harira, esango nuke gizarteak ez diola euskal prentsari zuzenki bueltatzen berak emandakoa: baina zeharka, denbora guztian pasatzen da. Berbetan zaudenean eta esamolde bat nola esaten den ez dakizunean BERRIA-ra jotzea, adibidez, bada bueltatzeko era bat: edo Herri Irratiak, frankismo garaian, euskara irrati lengoaiara moldatu zueneko hitzak erabiltzea. Badago erreferentzia hori, ez bakarrik kazetaritza ikasleentzat, baita euskaraz komunikatzen den jendarte osoarentzat ere.

Fakultateko ikaslerik gazteenak ia-ia Euskaldunon Egunkaria itxi eta gero jaio ziren. Badakite zer gertatu zen?

T.R.P: Euskal adarretako ikasle gehientsuenek gogoratzen dute Egunkaria. Baina ezin daiteke ukatu atxikimendua aldatu dela: beraiek normaltzat hartzen dute ETB1, BERRIA, Argia eta abar egotea. Ez dakite horren atzean izan diren borroka historikoen berri. Eta hori da, baita ere gure zeregina: belaunaldi berriei hori transmititzea, eta lorpen horiek duten balio sinbolikoa ere agerian uztea.

I.A: Nik ere, euskal adarretan, orain arte gutxienez, igarri dut ezagutza bat bazegoela. Hala ere, kontatzeko moduan ñabardura batzuk galtzen dira. Aipatzen ibili gara Sisiforen paperak antzezlana bezalako lanak egitea ezinbestekoa dela, berriro gerta ez dadin. Baina horrelakoak nahitaezkoak badira, horrek esan nahi du beste alde batetik ari dela, nolabaiteko etendura bat sortzen edo zerbait galtzen.

Beraz, baliteke transmisio hori galtzeko arriskua egotea?

I.A: Beno, belaunaldien artean beti daude eten puntuak eta jarraitzen diren lerroak. Baina uste dut gaur egun oso tresna indartsuak ditugula transmisioa bermatu ahal izateko, eta tresna horiei balioa eman behar diegu. Balioa eman behar diogu daukagunari, euskal prentsak duen prestigioari, lan egiteko moduari, etikari... Horri guztiorri balioa ematen badiogu transmisioak jarraituko du, ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.