ELKARRIZKETA PAREA. Roberto Gonzalez de Viñaspre. Euskaltzain oso hautatua

«Euskal gizartearekin bat joan behar du Euskaltzaindiak»

Euskaltzain oso izango dira Miriam Urkia eta Roberto Gonzalez de Viñaspre. Joan Mari Torrealdairen eta Patxi Uribarrenen aulkiak hartuko dituzte. Sei emakume eta hemezortzi gizon izango dira aurrerantzean euskaltzain oso; lehen aldiz, ez dago elizgizonik tartean.

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria da Roberto Gonzalez de Viñaspre (Bilbo, 1961). Araban du bizilekua gaztetatik, Trebiñun. Euskal Filologiako lizentziaduna da, eta Eusko Jaurlaritzako langilea. Euskaltzaindiko Onomastika Batzordean aritu da, eta haren arduraduna da joan den hiletik. Bereziki Arabako toponimia historikoa landu du Gonzalez de Viñasprek. Iragarri du Euskaltzaindiko sarrera hitzaldian Trebiñuko euskara izango duela hizketagai. 2015ean izendatu zuten euskaltzain urgazle. Patxi Uribarrenek utzitako tokia hartuko du orain.

Nola hartu duzu izendapena?

Ez dut lan egiten gero horrelako helburuak planteatuta. Lanean diharduzu, aurrera egiten duzu; nire ikerketa ildoa euskararekin eta onomastika arloarekin lotuta dago, toponimiarekin bereziki. Proposatuta agertu nintzenean, gustura hartu nuen. Orain, izendapena gauzatu denean, esker onez. Interpretatzen dut, batetik, aitormen bat dela, onespen bat, orain arte egin dudan lanarena. Baina, bestetik, batez ere aurrera begirako konpromiso bat da, nik gogo betez hartzen dudana, nire lan eremuan aurrerantzean are kementsuago jarraitzeko.

Zein izan daiteke zure ekarpen nagusia euskaltzain oso gisa?

Onomastikaren arloan izatea nahi nuke: horretan jardun dut azken hamar bat urtean Euskaltzaindian, Onomastika Batzordean, eta lehenago ere bai, ikerlari moduan. Bereziki toponimia historikoa lantzen dut, Arabatik begiratuta: Araba da muina nire ikerketetan, Araba osoa, Trebiñu barne —bereziki Trebiñu landu dut, eta hor lanean jarraitzeko asmoa dut—. Duela gutxi Onomastika Batzordearen buru izatera pasatu naiz. Onomastikaren arloan luze-zabal arituko naiz.

Garai berezian izendatu zaituzte. Erakundeak mendea beteko du datorren urtean. Nola ikusten duzu Euskaltzaindia?

Euskararen eta euskal kulturaren erreferentziazko erakundea da, eta mendebeteko ibilbidea du. Batzuetan oso garai zailetan ere bizi behar izan da Euskaltzaindia; hala ere, ekarpenak egin ditu. Euskaltzaindiak badu betebeharra: euskal gizartearekin bat joan behar du, euskal gizarteak dituen hizkuntza beharretara egokituta. Batzuetan agian eman dezakeen edo beste garai batzuetan agian izan den Euskaltzaindiaren irudi urrunago hori, nik uste dut aspalditxoan ari dela Euskaltzaindia lanean hori horrela ez izateko. Horretan tinko lan egin behar da.

Mendeurrena 2019an. Aurten bertan 50 urte beteko ditu euskara batuak. Nola ikusten duzu batuaren osasuna?

Ondo ikusten dut. Euskara batua da gure estandarra, kultura hizkuntzaren tresna behinena. Alde horretatik, ondo ikusten dut. Bistan da, batua, jaio zenetik, sortu zen euskalkiekin bat eginda bizitzeko. Nabarmenak dira 1968tik hona egin diren aurrerapausoak, ikaragarriak: arlo terminologikoan, lexiko aldetik, onomastikaren alorrean... Uste dut aspaldian ildo zuzenean sartuta gaudela, Euskaltzaindiak eta euskal hiztunok euskara batuarekin konpromiso soziala dugun aldetik. Euskara batu izana da euskarari berari etorkizuneko ibilbidea ematen diona: estandarrik gabeko hizkuntzak desagertzera kondenatuta daude. Gure inguruko hizkuntza guztiek egin dute, geurean ere egin genuen, eta horretan aurrera egin dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.