ICIP Kataluniako Bakerako Nazioarteko Institutuak Euskal Herriko «bakearen aldeko elkarte sarea» sarituko ditu asteazkenean ICIP Bakearen Eraikuntza 2022 sariarekin. Kataluniako Parlamentuan egingo duten ekitaldian, «bakea lortzeko aurrerapenei, indarkeria politikoaren amaierari, eta bizikidetzarako eta adiskidetzerako esparru berriak sortzeari egindako ekarpenagatik» sarituko dituzte.
Erakunde hark ekinbide, gobernuz kanpoko erakunde eta elkarte multzo bat sarituko du. ICIPen arabera, euskal gatazkaren konponbiderako «gako» izan dira, besteak beste, Foro Sozial Iraunkorra, Bakearen Aldeko Koordinakundea, Elkarri eta Lokarri. Era berean, «bakerako hezkuntzan» eta «bizikidetzaren eta giza eskubideen sustapenean» egindako lanagatik sarituko ditu Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroa parte hartzaileak; haien artean, Gernika Gogoratuz elkartearen lana nabarmenduta. Aipatutakoekin batera, herritarren topaketak, MemoriaLab eta euskal presoen eta biktimen arteko topaketa errestauratiboak ere azpimarratu dituzte, «biktimak protagonista izan diren esperientzia» gisa. Finean, eragileek «bake eszenatokiak sortzeko eta gatazkak eraldatzeko egindako ekarpena» nabarmendu du epaimahaiak.
Asteazken arratsaldean izango da ekitaldia. Alba Verges Kataluniako Parlamentuko behin-behineko presidenteak gidatuko du, ICIPeko presidente Xabier Masllorensekin batera. Irabazleen aurkezpenaz, berriz, Jordi Armadans FundiPau elkarteko zuzendari ohia arduratuko da. Elkarte hark aurkeztu zuen euskal gizarte zibileko kideen hautagaitza.
Jakinarazi dutenez, Maria Oianguren Gernika Gogoratuz elkarteko zuzendariak eta Eneko Calle Foro Sozial Iraunkorreko kideak jasoko dute saria, ekinaldi guztien izenean. Parlamentuan izango dira aipatutako eragileetako zenbait kide ere. Besteak beste, Paul Rios Elkarriko eta Lokarriko kide izana, Agus Hernan Foro Sozialeko eleduna, Maider Maraña Baketik-eko kidea, eta Iñigo Retolaza MemoriaLab-eko kidea.
ICIP Bakearen Eraikuntza saria 2011tik banatzen du institutu hark. Garaileen artean daude Arcadi Oliveres ekonomista eta ekintzailea, Nazioarteko Bake Brigadak, Kolonbiako Soachako Amak eta Julienne Lusenge ekintzailea.