Xan Beyrie eta Gilen Goiti lapurtar gazteak epaituko dituzte ekainaren 16an Parisko auzitegi korrekzionalean. Epaiketa hau «garrantzitsutzat» jo du Askatasunak, 2004az geroztik «Ipar Euskal Herrian gogortuz joan den errepresioari loturiko lehen auzia baita».Hain zuzen, Askatasunaren aurkako sarekadarekin hasi eta urtez urte, Kalakako afera eta beste, hainbat atxilo-keta egin ditu Frantziako Poliziak ordutik. Bi gazte horiek 2009an atxilotu zituzten, eta kasik urtebete pasa zuten presondegian. Guztira hamabi lagun atzeman zituzten, eta lau preso sartu.
Atzo Baionan egin prentsaurrekoan eman zuen Askatasunak epaiketaren berri, eta orokorki euskal gazteriaren aurkako «jazarpena» zuten salatu. Amaia Rekarte abokatuak argi utzi zuen dosierrean inolako frogarik ez denez, «aurreiritzietan eta estigmatizazioetan oinarrituz», dena ETA delako ideiarekin erabat bat egiten dutela Frantziako epaile batzuek. Egoera hori «berria ez izan arren» «erabat kezkagarria» dela ohartarazi zuen.
Prentsaurrekoan, Amaia Elixiri Segiko bozeramaileak ere esan zuen auzia politikoa dela, «borrokatzen eta antolatzen den gazteriaren aurkako epaiketa». Hala eta guztiz ere, lanean segituko dutela nabarmendu zuen.
Gatazkaren konponbidea
«Arazoa ez da dosierrez dosier konponduko. Horretarako diogu gatazka politikoaren benetako konponbidea dela planteatu behar», erran du Muriel Lucantis Askatasuneko bozeramaileak. Xede den bake prozesua gauzatzeko baldintzak beteak direla eta, argi utzi zuten orain Frantziako eta Espainiako estatuei dagokiela urratsen egitea. Errepresioa eta mespretxuak behin betiko bukatzeko exijitu zieten estatuei. Hari horri segi, jazarpenak eta atxiloketa politikoak bukatzeko eta terrorismoaren kontrako legedia bertan behera uzteko ere exijitu zuten. Horrez gain, amnistiaren bidean euskal presoen eta orokorrean herritar ororen eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko eskatu zuten.
Beyrie eta Goitiri elkartasuna agertzeko, autobus bat abiatuko da asteazken gauean 22:30ean Kanbotik eta 23:00etan Baionatik. Elkarretaratzeak ere eginen dira ostegunean bi herri horietan.
Euskal gazteriaren aurkako «jazarpena» salatu dute
Xan Beyrie eta Gilen Goiti lapurtar gazteak epaituko dituzte ostegunean; 2009an atxilotu zituzten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu