Aberri Eguna prestatzeko lanetan buru-belarri dabil Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko kidea (Dima, Bizkaia, 1955), eta hartu du tarte bat BERRIArentzat.
Zer mezu emango duzue igandean Iruñean, Aberri Egunean?
Euskal Herrian badira baldintza objektiboak aurrerapausoak emateko herri honen eraikuntzan eta burujabetza prozesuan, baina ilusio apur bat falta da, txispa bat. Aberri Egunean ekarpen bat egin nahi dugu.
Nolakoa?
Inguruan oso kontu ilunak daude: krisi ekonomikoa, ustelkeria, inboluzio politikoa, eskubideen murrizketa, babes sozialaren eta publikoaren deuseztatzea, langabezia... Horri guztiari aurre egiteko badago aukerarik, eta gero eta garbiago dago zein den aukera hori: independentziaren bideari heltzea. Horregatik jarri diogu aurtengo Aberri Egunari Guztion etorkizuna jokoan dago. Heldu independentziari! leloa.
Hori lortzeko, nola lan egin?
Euskal estatua imajinatzen eta zehazten hasi behar dugu. Nonbaitera abiatzeko, jendeak jakinbehar du helmuga zer den, han zer dagoen. Zehazten badugu,orduan ekingo genioke indar metaketari, gehiengoak sortzeari. Izan ere, independente izateko arrazoiak ez dira soilik identitarioak; sozialak, ekonomikoak eta demokratikoak ere badira. Bereziki gazteei esaten diegu imajinatzeko Euskal Herri independente bat. Gaurko egoeran haien etorkizuna nora ezean dago.
Iazko Aberri Eguneko mobilizazioa izan zen Independentistak sarearen inoizko jendetsuena: 25.000 lagun bildu zineten, Iruñean. Gehiengoaren nahia, independentzia izan zen leloa. Urtebetean aurreratu al da?
Euskal herritar askok ikusten du bide hori egiteko ezintasunak daudela. Arlo politikoan gauzak blokeatuta daudela dirudi. Ez da ikusten gaitasunik bidea urratzeko. Herritarrok presioa egin behar diegu alderdi politikoei.
Nola artikula daiteke gizartea?
Aurrerapauso batzuk sortu direla ezin da ukatu, batez ere estatus politikoa definitzean. Hau da, independentzia aipatzean, esaten dugu euskal estatu bat behar dela; eta estatu horrek errepublika bat izan behar duela. Aurrerapauso bat da hori. Bestetik, alderdi politikoen eremutik plaza publikora pasatu da gaia, gizartean dago, eta horrek ere ahalbidetzen ditu gauza batzuk. Eta beste aurrerapauso bat da lortzeko moduko helburua dela independentzia. Hara iristeko, euskal gizartearen gehiengoa erabakitzeko eskubidearen alde posizionatzen ari da. Beraz, egundoko aurrerapausoak gertatu dira independentziaren alde. Baina bide hori artikulatzen hastean ditugu arazo handiak hemen.
Estatu propioaren aldeko olatu bat bada orain Europan. Duela mende laurden bat ere bai, eta orduan ere izan zen independentziaren aldeko mugimendurik Euskal Herrian.
Ordukoaren aldean orain garai berri batzuk zabaldu dira Euskal Herrian. Gatazka armatuak lehen, nola edo hala, elkarlan aukerak blokeatzen zituen. Hori gaindituta dago, baina sigla desberdinak kontu taktikoetan dabiltza, eta hauteskundeei begira ere bai etengabe, bozetakoa zilegi den lehia den arren. Independentziaren liburua lantzen ibili beharko genuke, eta ez gabiltza. Denbora galtzen ari gara.
EH Bilduk estatua lortzeko proposamen mailakatu bat aurkeztu du: Euskal Bidea. Nola hartu duzue?
Alderdien eta instituzioen zeregina bide orri bat egitea eta euskal estatua izateko urratsak zehaztea da, baina independentzia prozesua ez da amaituko Euskal Herri osoa independentea izan arte.
Sarearen iazko batzarrean zenioten eremu ez-abertzaleetara ere iritsi beharra dagoela.
Gizarte berri bat eraikitzeko aukera dugu; badago nahikoa aberastasun herritar denen ongizaterako. Identitate eta egoera sozial denak kontuan hartuta eraiki behar dugu euskal estatua. Ez-abertzaleek jakin behar dute euskal estatuan ez dituztela galduko euren identitatea, hizkuntza eta kultura. Euskal estatuak bermatu egin behar dizkie.
Gaur-gaurkoz eremu ez-abertzalean ez dago euskal estatuaren aldeko ahotsik.
Espazioak oso hertsiak izan baitira Euskal Herrian. Orain garai berriak ditugu, baina ez-abertzaleen esparrua ez da behar bezainbeste landu. Begira Korrikak hartu duen babes soziala, zer zabala den. Adin bat dugunok eta Korrika denak ezagutu ditugunok badakigu nolako lana egin behar izan den Korrikak gaur daukan zabaltasuna lortzeko.Urteetako lana izaten da hori.
Eremu abertzalean ere eginbehar al da independentismoaren aldeko lana?
Bai. Besteak beste, aurreko mendearen bukaera aldera sartu zizkiguten beldurrak uxatzeko: Euskal Herria bezalako herrialde txiki batek ez lukeela etorkizunik estatua balitz, independentziarekin azak jan beharko ditugula... Halako gezurrak jendeak oso barneratuak ditu, eta buelta eman behar zaio horri, argudioekin. Eta bat oso agerikoa da: azkeneko mende laurdenean estatu ugari sortu da Europan bertan, eta haietako asko eta asko gurearen tankerako herrialdeak dira.
Iaz independentzia galdeketak egin ziren Euskal Herrian: Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan. Gehiago egitearen alde al da Independentistak sarea?
Bi haiek momentukoak izan ziren. Ez dakit gehiago izango diren. Gure Esku Dago-ren giza kate arrakastatsuaren ondoren, han dabilen jende batek urrats berriak nahi ditu, eta urrats bat litzateke erababakitzeko eskubidearen ariketa demokratikoak egitea; galdeketak, adibidez.
Lehengo urteko maiatzean Oiartzungo mahai inguru batean esan zenuen garai hau erabakitzeko eskubidearen aldarria«loditzekoa» dela.
Erababakitzeko eskubidearen eta independentziaren bideak ezin dira nahastu. Kontua da galdeketa bat antolatzen denean era batera edo bestera independentzia bai ala ez planteatzen ari zarela eta jendearentzat galdeketa independentista bat dela hori. Ez dakit erabakitzeko eskubidearen aldeko metaketa prozesu hau moztu daitekeen independentzia galdeketa sorta batekin hasiz gero.
Gure Esku Dago galdeketen protokoloa prestatzen ari da.
Garrantzitsua da kontsulta batean bermeak-eta eskaintzen dituen protokolo bat egotea. Eta herrietan seguru hasiko direla galdeketak egiten, guztiz zilegi baitira. Gauzak oso ondo eta oso zehatz egin behar dira.
Independentismoak pizgarriak behar al ditu?
XXI. mendeko independentismoaren gakoak landu eta gizarteratu behar dira. Horrez gain, jendeari ilusioa ere sorrarazi behar zaio, eta parte hartzen duenean ilusionatzen da jendea. Galdeketa batek tokian-tokian parte hartze handia eskatzen du, eta izan daitezke ilusio pizgarri prozesu baterako. Bide batez, beste blokeobatzuk askatzeko, agian.
Aberri Eguna. Independentistak sarea. Txutxi Ariznabarreta. Independentistak sareko kidea
«Euskal estatua zehazten hasiz sortuko ditugu gehiengoak»
Independentistak sareak aurten ere Iruñean ospatuko du Aberri Eguna, etzi. Ariznabarretari inportantea iruditzen zaio euskal estatua imajinatzen hastea eta, horretarako, independentziaren liburua idazteari ekitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu