Ez daude ados Eusko Jaurlaritza ontzen ari den Hezkuntza Legearekin, eta eskola publikoa sustatzea nahi dute. Horregatik, Euskal Eskola Publikoaren alde. Hezkuntza Lege honi ez! lelopean, manifestazioa antolatu dute gaurko Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak. Hogei bat eragile batzen ditu: besteak beste, EHIGE, Heize, Steilas, Ikasle Abertzaleak eta Ikama. ELA eta LAB ez daude manifestaziora deitu zutenen artean, baina bat egin dute protestarekin. Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarreko hezkuntza ituna izenpetu bazuen ere, manifestaziora joatera deitu du. Protestaren hasieran, Bizkaiko Hezkuntza ordezkaritzaren inguruan, baikor mintzatu da Arantza Fernandez de Garaialde, topaguneko kidea: «Espero dugu kaleak betetzea».
Antolatzaileek sare publikoa hedatzea eta indartzea eskatu dute, eta Hezkuntza Legearen kontra egin dute, «pribatizatzailea» dela iritzita. Halaber, euskarazko murgiltzea eskatu dute, baita erlijioa eskolatik ateratzea ere.
Miren Gorrotxategik, Eusko Legebiltzarreko Elkarrekin Podemos-IUren bozeramaileak adierazpenak egin ditu martxan hasi aurretik. Ohartarazi du Hezkuntza Legearen aurreproiektuak ez duela bat egiten eskola publikoaren interesekin. Halaber, Euskal Eskola Publikoaz Harroko Maribel Lopez de Luzuriagak esan du aurreproiektuak itunpeko hezkutza babesten duela. Eskola publikoarentzako baliabideak eskatu ditu, haren hitzetan, sare publikoa delako ikasle guztien hezkuntza bermatzen duen bakarra.
Manifestazioa deitu zuten egunean azaldu zutenez, Hezkuntza Legeak eskola publikoa defenda dezala dute xede, eta salatu zuten irailean Eusko Jaurlaritzak ezagutarazi zuen Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroa ez doala bide horretatik: «Sare publikoaren alde zenbait adierazpen jasotzen dituen arren, bere beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen du».
Ez dute bat egiten, halaber, zirriborroan jasota dagoen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoarekin ere —ikastetxe publikoak eta itunpekoak egongo dira bertan—. Beste ildo batetik jo behar dela uste dute, eskola publikoa sistemaren «benetako ardatz» izan dadin, «gizarte kohesioa eta berdintasunezko hezkuntza euskaldun bat lortzeko». Horretarako, «zentzuzko planifikazioa» galdegin dute, «eskola postuen eskaintza errealitatera egokitzea» eta pribatuen «gehiegizko eskaintza» ez ituntzea. Gainera, ezinbestekoa iruditzen zaie sare publikoari «beharrezko baliabide guztiak» ematea, baita ikastetxeak publifikatzeari bideak zabaltzea ere.
Euskalduntzearen inguruan ere badute esatekorik. Salatu dute aurreproiektuak ez duela jasotzen murgiltze eredua, ezta hizkuntza ereduak gainditzea eta euskal curriculuma ere.
Gainera, aldarrikatu dute hezkuntza sistemak laikoa izan behar duela. Legeak, ordea, aurkakoa planteatzen duela diote.