Ekainaren 2an egingo dute aurten Euskal Eskola Publikoaren jaia. Ordiziako Urdaneta eskolako ordezkariek eta EHIGEkoek aurkeztu dituzte jaiaren nondik norakoak, gaur, Donostian. Festa 31. aldiz egingo dela gogoratu dute, eta usadio errotua dela jada ekaineko lehen igandean eskola publikoaren alde elkartzea: «Eskola publikoak bereak dituen ezaugarriak gizarteratzeko egun aproposa bihurtu da».
Publikoa aI do leloahautatu dute aurtengorako. Goierriko txoko askotan «ari du» esan beharrean «ai do» esaten dela esplikatu dute, eta Euskal Herrian «publikoa ari duela» aldarrikatzeko baliatu nahi dute. «Ingelesak ematen duen aukera aprobetxatu nahi izan dugu I do ere adierazteko. Hau da, publikoa nik ere egiten dudala, publikoa gutariko bakoitzak, guztiok egiten dugula». Irudia Eukene Lekuona diseinatzaileak egin du, eta «dena bustitzen duen hezetasunetik» sortzen den «bizitza» irudikatu nahi izan du.
Jaia Ordizian izango denez, hango errealitatean txertatu nahi izan dituzte eskola publikoaren ardatz nagusiak. Aniztasunari eta inklusioari dagokionez, migrazio tasa nabarmendu nahi izan dute: «0-16 adin tartean ia ikasleen laurdenen familiek jatorria atzerrian dute». Ume horietako asko eskola publikoan ari dira. Eragina du horrek: «Egoera sozioekonomiko zaila duten familietako ia ikasle guztiak eskola publikoan daude».
Hizkuntzaren arloan eskola publikoa egiten ari den ekarpena ere goretsi dute: «Ikasle eta familia gehien eta herria bera ere euskalduntzen duen eskola da publikoa». Bi ikastetxe publiko daude Ordizian: Urdaneta eskola eta Oianguren institutua.
Esan dute jaia ez dela ekainaren 2ra «mugatuko». «Sorpresaz beteriko urte osoko programa» iragarri dute.