«Euskal eskola publikoaren alde gaude, eta Hezkuntza Lege proiektuari ezetz esaten diogu»; argi mintzatu dira Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideak. Beren aldarriak kalera eramanen dituzte ekainaren 9an eginen dituzten manifestazioetan. Bilbon, Donostian eta Gasteizen izanen dira, 18:00etan. Haien erranetan, lege proiektu hori «ez da euskal eskola publikoak behar duena; hura sendotu ordez, ahuldu egiten baitu».
Atzo egin zuten manifestaziorako deia, Donostian. Erran zuten lege proiektu berriak «publiko-pribatu sistema duala betikotu» nahi duela, bi sareak berdinduz; eta, beraz, ez duela eskola publikoa sistemaren erdigunean kokatzen, ez duela eskola publikoa «lehenesten». Gainera, azpimarratu zuten ikastetxe guztiak «merkatuaren logikan» sartzen dituela, eta horrek «ikastetxe guztien arteko lehiakortasun lasterketa zoroa sustatzen» duela, baina lasterketa horrek mesede gutxi egiten diela eskola publikoei, ikastetxe guztiak ez direlako baldintza beretatik abiatzen.
Gehitu zuten proiektuak ez dituela bermatzen umeen euskalduntzea eta hezkuntza laikoa, ez duelako zehazten nola erdietsi ezarritako helburuak. Azkenik, segregazioari aurre egiteko «neurri artifizialak alferrikakoak» direla erran zuten, ez dutelako arazoaren muinera jotzen.
Hala, plataformak «bestelako hezkuntza sistema bat» aldarrikatu zuen, «eskola publikoa benetan erdigunean jarriko duena». Azpimarratu zuten plataformako kide guztiek arrazoi anitz dituztela eskola publikoaren alde egoteko; adibidez, «hezkuntza eskubidea bermatzen duen sare bakarra» dela. Izan ere, «hezkuntza publikoak aukera berdintasuna bermatzen die ikasle guztiei, eta gizarte egoera desorekatuen orekatzaile da».
Bertze arrazoietako bat da eskola publikoa laikoa dela, eta «tolerantzia bermatzen» duela. Gainera, plataformak erran zuen eskola publikoak euskara ardatz duela, eta «ikasle gehien euskaldundu duen hezkuntza sarea» dela.
Dekalogoa
Lege proiektu berriaren harira, plataformak eskola publikoaren aldeko dekalogo bat prestatu du. Hamar puntutan banatu dute, eta, funtsean, adierazi dute eskola publikoa «denona eta denontzat» dela. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote eskola publikoa sistemaren ardatza izan dadila eta lehentasun osoa izan dezala.
Segregazioa ere hizpide dute dekalogoan, eta hezkuntza sistemaren «arazo larrienetakoa» dela adierazi dute, «hezkuntza sistemaren pribatizazioaren ondorio zuzena» dena. Hala, erran dute lege berriak «sare publiko bakar eta orekatuaren oinarriak jarri behar» dituela.
Euskara erdigunean jarriko duen hezkuntza lege bat ere eskatu dute, sare publikoan kokatzen baitute euskararen ezagutza eta etorkizuna. Horrez gain, merkatutik kanpo dagoen eskola bat nahi dute, laikotasuna bermatzen duena.
Euskal eskola publikoaren alde mobilizatuko dira ekainaren 9an
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak adierazi du Hezkuntza Lege proiektuak ez duela sistema publikoa «lehenesten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu