Hezkuntza Legea

Euskal Eskola Publikoak «inoiz jasoko duen eraso handiena» gaitzetsi dute Donostian

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, protesta egin dute. Eusko Legebiltzarreko alderdiei legea bertan behera uzteko eskatu diete.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deitutako manifestazioa, gaur, Donostian. FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko urriaren 29a
15:22
Entzun

«Legearen sakoneko mamia birpentsatu eta utz dezatela bertan behera sare pribatuko ikastetxeen interes partikularrak mantentzen dituen lege hau». Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta eta Euskal eskola publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez! lelopean, manifestazioa egin dute gaur Donostian. Han izan dira zenbait sindikatu, alderdi eta eragiletako ordezkariak.

«Eusko Jaurlaritzak, herritar guztiona eta benetako zerbitzu publikoa den Euskal Eskola Publikoa sendotzeko neurriak hartu beharrean, sare pribatu-itunduaren alde jokatu du behin eta berriro», adierazi dute manifestazioaren amaieran irakurritako manifestuan. Hartan, Hezkuntza Legeari hainbat kritika egin dizkiote. Besteak beste, gaitzetsi dute ez jartzea eskola publikoa hezkuntza sistemaren arretagunean, eta betikotu nahi izatea sistema publiko-pribatua: «Sare publikoa eta pribatua berdindu egiten ditu, gauza bera balira bezala. Ez du eskola publikoa lehenesten; aldiz, itunpeko ikastetxeei aro luze baterako garapena zein finantzaketa bermatzen die».

Hortaz gain, plataformak salatu du legeak ez duela neurririk hartzen «ikasle guztiak euskalduntzeko», eta ardura hori ikastetxeen esku uzten duela horretarako «baliabideak bermatu gabe»: «Eusko Jaurlaritzak argi eta garbi utzi du egungo hizkuntza ereduek indarrean jarraituko dutela, euskalduntze prozesurako eraginkorrak ez direla denok jakin arren». Azkenik, salatu dute ikastetxe guztiak merkatuaren logikan sartzen dituela; hezkuntza sistemak duen segregazio arazo larriari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak azalekoak direla; eta ez duela hezkuntza laikoa bermatzen.

Bestalde, gogorarazi dute Euskal Eskola Publikoaren aldeko hainbat eragilek ekarpenak egin zizkiotela legeari, baina haiek ez ez direla jaso bertan: «Eusko Jaurlaritzak entzungor egin dio Eskola Publikoaren alde egindako eta esandako guztiari». Hortaz, argi utzi dute Hezkuntza Legeak ez duela plataformaren oniritzirik.

Hitzaldiaren amaieran egin diete dei Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdi guztiei «hurrengo asteetan eztabaidatuko dituzten zuzenketen harira», eta legea bertan behera uzteko eskatu diete. Haien arabera, Euskal Eskola Publikoak «inoiz jasoko duen eraso handiena da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.