«Geure etxe bat sortu nahi bada/ geure zoru, geure sabai / izan gaitezen lekuko hori / hartu ta eramateko gai». Hitz horiekin borobildu du Jokin Uranga bertsolariak Euskal Errepublikaren eguneko aldarrikapena. Naziogintza taldeak deituta, dozenaka herritar batu dira Azpeitian (Gipuzkoa), 1931n Euskal Herriko zenbait udalek Euskal Errepublikaren alde onartutako mozioak gogoratzeko, eta nahi hura XXI. mendera egokitzeko.
«Aitzindari haien ohorez eta omenez, eta gure egungo nahiekiko zintzotasunez, Euskal Errepublikaren eguna antolatu dugu», azaldu du Xabier Euzkitze aurkezleak, San Agustin kulturguneko taula gainetik. Euskal Errepublika lortu arte lelopean egindako kalejiraren ostean izan da hori.
Behin antzoki barruan, Euskal Herriaren independentziaren aldeko mezuek, eta abesti eta dantzek bat egin dute bide berean. Kantujira taldeak jarri du goxotasuna, Oi ama Euskal Herri abestiarekin, eta Itsasi dantza taldeak astindu du hura ikurrin dantzarekin. Xabier Irujo Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko zuzendariak bidalitako mezuak kokatu du, berriz, eguneko aldarrikapena bere «testuinguru kronologiko eta historikoan», Frantziako iraultzatik hasi eta joan den mendera arteko bidea eginez. «Ezin dugu aurrera egin iraganera begiratu gabe, eta ezin dugu gure herri honen geroa eraiki ez bada Euskal Errepublika bat osatuz», adierazi du Maite Garmendiak, Irujoren hitzak bere eginez.
Ez Espainia, ez Frantzia
«Argi geratu da Euskal Errepublikaren aldeko aldarrikapen hau ez dela historiarik, funtsik eta zuztarrik gabea», esan du Euzkitzek mezu hura eta Naziogintza taldeko kide Josu Alberoren hitzaldia entzun ostean. Azken horrek «Euskal Errepublika euskaldunaren» aldeko hitzak egin ditu, Espainiako eta Frantziako estatuetatik at aske izateko: «Ez Espainiako monarkia bananero eta ustelari, ez Frantziako Errepublika jakobino eta zentralistari. Euskal Herriak bere errepublika propioa behar du».
Eguneko protagonistak, baina, beste batzuk izan dira. 1931ko udaberrian Euskal Errepublikaren eta Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko mozioa onartu zuten Azpeitiko zinegotziak. Haietako batzuen ondorengoak izan dira haien omenez txaloak jaso dituztenak. Txaloak, aurreskua eta lore sorta bana.
Haien ardurapean geratu da ekitaldi amaiera ere. Kulturgunetik plazara aterata, ikurrina mastan gora altxatzeaz arduratu dira, gainerakoek Txoriak txori abestuz lagundu bitartean. Beste ereserki bat izan da egunari amaiera eman diona. «Bai eta indarra ere zerorren lurrari eta bendizioa Euskal Herriari», izan dira eguneko azken hitzak.