OÑATI
Errepublika xede, baina aldarrikapen soila izateari utzita
Oñatin (Gipuzkoa, 11.300 biztale) duela bizpahiru hilabete ekin zioten Euskal Errepublikaren Eguna antolatzeari, eta burujabetzaren gaia ari dira lantzen: energetikoa, elikadurakoa eta teknologikoa. Hala, Goienerrek eta Izarkomek hitzaldi bana eman dute azkeneko egunetan, eta, bihar, «egungo sistemaren beste alternatiba batzuk» ezagutzeko parada izango dute herritarrek, Aritz Arnaizek, Oñatin euskal errepublikaren eguna antolatzen dabilen taldeko ordezkariak adierazi duenez. Herriko plazan izango dira burujabetza lantzen duten hainbat elkarte, azoka batean.
Arnaizek dio «behar-beharrezkoa» dela erabakiguneak Euskal Herrian egotea. «Izan ere, gu aintzat hartzeke hartzen ditu Madrilek erabakiak, bere beharrizanaren arabera, ez geurearen arabera.Hemengo kontuei buruz hemen bertan erabaki behar dugu, ez han, dela etxebizitza arloan, dela pentsioenean…. Hori da burujabetza izatea, eta beharrezkoa dugu euskal errepublika bat eraikitzeko».
Bide hori egiteko garrantzitsua deritzo herritarrak aktibatzeari eta mobilizatzeari. «Alderdi politikoek badute eurenbidea, baina, horrez gain, ezinbestekoa da herri mugimendua izatea. Gainera, halako herri ekinbideetan kideen artean ideologia desberdinak egon ahal diren arren, helburuak batzen gaitu».
Herritarren parte hartzea
Arnaizek esan du Oñatin ere erabakitzeko eskubidearen aldeko lan bat egin delaazkeneko urteetan, Gure Esku Dago herri dinamikaren sustapen lan baten bitartez, eta nabarmendu du jendeak azkenean parte hartzen duela. Oñatin, esate baterako, 2016ko ekainean egin zuten herri kontsulta, euskal estatu independenteari buruzkoa, eta %35,7ko parte hartzea izan zen; hain zuzen ere, 3.371 herritarrek eman zuten botoa. Ia guztiak azaldu ziren Euskal Herriaren independentziaren alde.
Euskal errepublikarenaldeko lanketa ere hasi beharra dagoela dio Oñatiko taldeko partaideak. «Alde horretatik hutsune bat dago. Burujabetza praktikara eramaten hasi behar dugu,aldarrikapen soila izateari utzita. Apal hasi gara hemen eta beste toki batzuetan, baina hasi gara, behintzat».
MUNGIA
Burujabetza kuota handiago baten bila doan pausoa
Mungian (Bizkaia, 17.500 biztale) euskal errepublikaren aldeko taldea lehendik daukate, ez dute zehazki larunbat honetako egunera begira sortu. Orain dela bi urte eratu zuten Erre ke Erre Euskal Errepublika Mungitik eraikitzen taldea, eta, geroztik, kontzientzia zabaltzeko asmoz, hitzaldiak, herri bazkaria eta bestelako ekinbideak egin dituzte. Ezagutzen zuten Zergatik ez? Donostiako Antigua auzoko taldea, eta, beste hainbat lagunekin batera, iazko azaroan Ehun mugimendu nazionalaren sorreran parte hartu zuten. «Mungian geure jarduera propioa dugu, baina erabaki genuen otsailaren 15 honetan geuk ere Euskal Errepublikaren Eguna antolatzea», dio Endika Perez Erre ke Erre taldeko kideak.
Memoria historikoa lantzeko ibilaldia, umeen jolasak, kalejira, ekitaldi nagusia (11:30, udaletxea), herri bazkaria, bertso poteoa eta kontzertuak egingo dituztebihar. Lauzpabost lagun dabiltza buru-belarri prestalanetan, baina herrian badaukate sare bat laguntzeko.
Herriz herriko lanaren alde
Eguneroko arazoei erantzuteko Euskal Herriak bere tresnak behar dituela deritzo Perezek. «Burujabetza kuota handiagoa izan behar dugu langabeziari, etxebizitza arazoari edota Zaldibarko auzi honi erantzuteko». Mungiako taldeko kidearen arabera, subiranotasuna erdietsiz joateko ez da geldirik egon behar, ezta alderdi politikoek euren artean zer adostuko ere. «Herriz herri egin behar da lana. Guk ez dugu tesi borobilik eta sakonik euskal errepublikaren alde. Baditugu Euskal Herrian egindako borroka mota desberdinen eta Kataluniako prozesuko adibideak, eta uste dugu prozesu subiranista herritar baterako herri agenda bat eraiki behar dela». Azken batean, euskal estatu edo errepublika bat lortzeko beste egoera bat sorrarazi behar dela diote Mungiako taldeko lagunek, eta, ondorioz, horretarako baldintzak eragin behar direla. Uste dute biharko hitzordua ale bat izango dela norabide horretarako.
Mungian ere egin zuten Gure Esku Dago-k sustatutako galdeketa: 2017ko maiatzean, euskal estatu burujabeaz. %20,4izan zen parte hartzea; alde, ia denak. Orain, beste pauso bat eman nahi dute
DONOSTIA-EGIA
Errepublika giro bat biziko duen auzoetakoa
Donostia eta Donibane Garazi izango dira larunbat honetan Euskal Errepublikaren Eguna antolatuko duten euskal hiriburuak. Donostian ekitaldiak ez dituzte gune bakar batean egingo, auzo batzuetan baizik, tokian tokiko bizilagunek antolatuta. Esaterako, Egian (15.000 biztanle). «Hobe da hiriko zenbait lekutan egitea errepublikaren eguna, toki bakar batean egitea baino. Euskal errepublikaren aldarria hobeto sozializatuko dugu hartara», dio Berdaitz Gurutzeagak, Egia auzoko taldeko kideetakoak. «Auzoak herritzat dauzkagu geuk, norberak oso ondo ezagutzen du berea, eta gauzak hobeto antola daitezke horrela».
Bihar ekitaldiak Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean egiteari ere garrantzia ematen dio Gurutzeagak. «Lehen pauso bat da. Ez gara joan kantitatearen bila. Egun hau Euskal Herrian antolatzen hasteari eman diogu garrantzia. Etorriko dira pauso gehiago».
Burujabetza, «modu praktikoan»
Aktibazio soziala ere lortu nahi dute, Egiako taldeko partaideak azaldu duenez. «Zerbait zehatza egitea planteatu dugu, eta ikusten dugu jendea gauza zehatzetara biltzen dela, animatzen dela. Euskal errepublikaren beharra gizarteratzea bilatzen dugu ekinbideekin, baina guk, panelbatzuk jarrita, jendearen iradokizunak edo ekarpenak ere jaso nahi ditugu».
Egiako egitarauan elikadura burujabetza landu nahi izan dute gehienbat. Auzoan badira kontsumoaren bueltan lan egiten duten kideak, eta egunaren antolatzaileek «modu praktiko batean» heldu diote gaiari, Gurutzeagak esan duenez. Eguerdiko hamabietan mahai inguru bat egingo dute; 13:00etan, bertako produktuen dastaketa.
Donostian bihar Antiguan, Amara Zaharrean, Amara Berrin eta Igeldon ere egingo dituzte euskal errepublikaren aldeko ekitaldiak. Auzook ere, batik bat, Ehun mugimenduak Interneten daukan foro batenbidez komunikatu dira, elkarren berri izateko eta bakoitza zer antolatzen ari zenjakiteko. Egiakoek joan den irailean jaso zuten eguna antolatzeko proposamena, Antiguako Zergatik ez? taldearen aldetik. Hamarren bat lagun dabiltza prestalanetako taldean.
LARRESORO
Iparra Hegoa Egunean, euskal errepublika ere bai
Iparra Hegoa Egunaren 25. edizioaren barruan bihar Larresoron (Lapurdi, 1.900 biztanle) berritasun bat sartu dute: euskal errepublikaren aldeko kalejira. 13:30ean hasiko dute, Pilota plazatik. Ekinbidea «modu natural batean» txertatu dute egitarauan, Pello Aranzabal antolaketa taldeko kideak azaldu duenez. «Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzen du Iparra Hegoak, eta uste dugu Iparraldearen eta Hegoaldearen batasunerako onena litzatekeela euskal errepublika bat izatea. Aurten, horren aldeko kalejira bat egitea planteatu zen geure bilkuretan, eta ongi hartu zen». Halaber, Aranzabalek esan du hasiera-hasieratik nahi izan dutela Ipar Euskal Herria egotea Ehun herritar dinamikan.
Iparra Hegoaren antolatzaileetakoaren arabera, euskal errepublikaren aldeko diskurtso landurik ez dute eurek; ikusten dutena da lurraldetasunak eta errepublikak «elkar elikatzen» dutela, eta garrantzitsua dela horren aldeko aktibazioa.
Joaldunek zabalduko dute Larresoroko biharko kalejira, eta hainbat lagunek Iparra eta Hegoa. Euskal errepublika ehuntzen leloko pankarta bat eramango dute. Trikitilariak eta erraldoian ere izango dira. «Kalejira alaia izatea nahi dugu». Amaieran ez dute idatzirik irakurriko.
Jende gaztea antolaketan
Seguran (Gipuzkoa) izaten da Iparra Hegoa Egunaren ekitaldi nagusia, urtero, eta tarteka izaten da beste ekinbiderik Ipar Euskal Herrian. Aranzabalen esanetan, azkeneko hiru urteetan jende gaztea sartu da antolaketa taldean, eta, gaur egun, 27 lagunetatik 25, 19-20-21 urteko neska-mutilak dira. Horietatik bi dira Larresorokoak bertakoak; besteak, Iparraldeko beste udalerri batzuetakoak. Etxepare Baionako Lizeoko ikasle ohiak dira asko.
«Belaunaldi aldaketa bat gertatu da; oso ongi gertatu ere. Iparra Hegoaren antolaketan hasi zirenek dagoeneko badute adin bat, 70 urteren inguruan dabiltza batzuk, eta gazteak lan hauetan haiekin uztartzen joan dira azkeneko urteetan. Orain, jadanik gazteak dira ia kide guzti-guztiak», esan du Aranzabalek.
Bihar, euskal errepublikaren aldekokalejiraz gain, haur jokoak, pilota-bertso desafioa, bazkaria eta kontzertuak izango dituzte Larresoron.
Euskal errepublika, kalean
Euskal errepublikaren aldeko ekitaldiak egingo dituzte bihar hamabost udalerri eta auzotan, Ehun mugimenduak sustatuta. Burujabetza praktikara eramateko kontzientziazio lan bat egin nahi dute. Oñati, Mungia, Donostiako Egia eta Larresoroko ekinbideen berri jaso du BERRIAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu