Frantziako Asanblearako bozak. Ipar Euskal Herria

Euskal errealitateak baldintzatua

32 diputatugai aurkeztu dira Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan. Frantziako ezkerraren eta Emmanuel Macronen gehiengoaren artean Frantzian eraiki den lehian, EH Baik beste ahots bat ekarri du.

Bosgarren hautesbarrutian aurkezten diren hautagaien afixak, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Nor izanen dira Ipar Euskal Herriko hiru diputatuak ondoko bost urteetarako? Galdera horri erantzun beharko diote gaur eta heldu den astean Ipar Euskal Herriko herritarrek. 577 diputatu esertzen dira Frantziako Asanblean, eta horietako hiru dira Ipar Euskal Herrikoak. Frantziako Estatuan, Emmanuel Macronen sostenguen eta Frantziako ezkerraren artean izanen da lehia nagusia. Erabakiak Parisen hartzen dituzten indar politikoetatik desberdindu, eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herritarren ahotsa Frantziako Asanbleara eramatea defendatu du EH Baik kanpainan. Hiru hautesbarruti dira Ipar Euskal Herrian: Pirinio Atlantikoetako laugarrena, bosgarrena eta seigarrena. Orotara, 32 hautagai izanen dira.

Laugarren hautesbarrutia da berezienetakoa, Ipar Euskal Herri barnealdeaz gain, Biarnoaren zati bat ere hartzen baitu. Jean Lassalle (Eutsi) izan da diputatua azken hogei urteetan, baina, osasun arazoak direla medio, aurten ez aurkeztea erabaki du. Julien Lassalle haren anaiak hartu du segida. Hauek izanen dira gainerako hautagai nagusiak: Egoitz Urrutikoetxea (EH Bai), Annick Trounday (Elkarrekin), Iñaki Etxaniz (NUPES), eta Sylviane Lopez (Batasun Nazionala). Ezkerreko abertzaleentzat, hautesbarruti konplikatua izan ohi da laugarrena, Euskal Herriko zatian dutelako bozak lortzeko aukera gehien; emaitza onak lorturik ere, orain arte ez da sekula aski izan bigarren itzulira pasatzeko. Ikustekoa izanen da Lassalle izenak berak indar nahikoa duen orain arteko diputatuak lortzen zituen bozak haren anaiak ere zakuratzeko.

Bosgarren hautesbarrutiak Baionako hirigunea eta Aturri bazterreko Xarnegu eremua hartzen ditu. Sandra Pereira-Ostanel (Frantzia Intsumisoa) izanen da NUPESen izenean, eta Mathilde Hary EH Bairenean. Pascal Lesellier (Batasun Nazionala) eta Annick Pillot (Errekonkista) izanen dira eskuin muturrean; Florence Lasserre (Modem) orain arteko diputatua Elkarrekin aliantzaren izenean aurkeztuko da. Azken bost urteetan, Emmanuel Macronen aldeko gehiengoan parte hartu du, baina presentzia publiko txikia izan du, eta Ipar Euskal Herriko gai nagusiei buruz izan duen parte hartzea biziki apala izan da. Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan Macron gailendu zen eremu horretan, baina Frantzia Intsumisoko Jean Luc Melenchon ez zen urrun ibili herri anitzetan. Sandra Pereira NUPES Frantziako ezkerraren aliantzako hautagaiak Frantziari begirako kanpaina egin du, eta, Ipar Euskal Herriko gaietan, Frantzia Intsumisoaren jarreretatik abiatuz mintzatu da. Ikusteko dago ezkerreko hauteskundeek zer lehenesten duten. Bigarren itzulira pasatuko balitz, baliteke haren posizioek ezkerreko abertzaleen botoak eskuratzeko aukera zailtzea.

Seigarren hautesbarrutia da aldekoena EH Bairentzat: Lapurdi kostaldea eta barnealdea biltzen ditu. 2020ko herrietako hauteskundeetarako aurkeztu zituzten zerrenda herritarrek emaitza onak lortu dituzte, eta herriko etxeak eskuratu zituzten Ziburun, Urruñan eta Biriatun. Departamenduko bozetan ere ikusi zen Frantziako ezkerreko bozen zati bat bereganatzeko gai izan zela, eta Paueko Departamendu Kontseiluan eserleku bat eskuratu zuten. Tom Dubois-Robin (NUPES) eta Peio Dufau (EH Bai) izanen dira ezkerrean, besteak beste. Zentroko hiru hautagai izanen dira, tartean Vincent Bru orain arteko diputatua (Ensemble). Fabrice Sebastien Bach (Errepublikanoak) ere hautagai izanen da.

2017ko asanblearako bozetan abstentzio handia izan zen. Hautesleen erdiak baino gehiago ez ziren agertu bozkalekuetara. Aurtengoetarako ere parte hartze apala aurreikusi dute inkesta etxeek. Emaitzetan eragin zuzena izanen du, bigarren itzulirako sailkatzea zailduko baitie hautagaiei, erroldaren %12,5 baino gehiago lortu behar baita.

Ahots ezberdinak

Azken egunetan, BERRIAk elkarrizketa egin die NUPES, Elkarrekin (Errepublika Martxan alderdiaren ondorengoa) eta EH Baiko hautagai banari. «Herrialdearen egoera ikusten dugularik, ohartzen gara gure proposamenak zenbateraino diren urgenteak. Oinarrizko produktuen prezioa izoztea, gutxieneko lansariaren emendatzea, erretreta 60 urtetan ezartzea, laguntza sozialen emendatzea, ospitale publikoa, eskola... Erradikalak izan behar dugu herrialdea egoera horretan denean», adierazi du Sandra Pereira (NUPES) 5. hautesbarrutiko hautagaiak.

2017tik Frantziako presidentearen sostengua dela adierazi du Annick Trounday (Elkarrekin) laugarren hautesbarrutiko hautagaiak. Macronen kontrako kritikak gaitzetsi ditu:«Frantzian, pertsona bat boterean denetik, dena da bere falta. Klima aldaketa Macronen falta da, eta gaitz guziak Macronen falta dira. Nik ez dut horrela pentsatzen».

Euskal Herritik ahots propio bat eramateko engaiamendua hartu du Peio Dufau (EH Bai) seigarren hautesbarrutiko hautagaiak: «Euskal Herritik Euskal Herria ordezkatzen duen norbait behar dugu Parisen, hura baita oztopo nagusia, eta ez Paristik Euskal Herria; garrantzitsua zaigu zango bat ukaitea lurraldeko borroketan, eta bestea han, gauzak barnetik mugiarazteko».

Euskal Herriko gaiak

Intentsitate apaleko kanpaina izan bada ere, aurkeztu diren diputatugaiak behartuak izan dira Euskal Herriko gaiei buruz jarrera bat hartzera. Etxebizitza arloan lehenik. Euskal Hirigune Elkargoak bozkatu zuen konpentsazio neurriaren ezeztatzea iritsi da hauteskunde kanpainaren erdian. Turismorako bizitegien emendatzeari aurre egiteko hartu zuen erabakia martxoaren hasieran. Haren arabera, turismorako bizitegi bat alokagai jartzen dutenek beste bat urte osoan eskaini beharko zuten, konpentsatzeko. Baina etxeen jabeen kolektiboak helegitea jarri zion, eta Paueko Administrazio Auzitegiak arrazoia eman dio. Gaur egun Ipar Euskal Herrian etxebizitza arloan dagoen problematikari aterabideak emateko proposamenak aurkeztu dituzte hautagaiek. EH Baik egoiliar estatutua ezartzea proposatu du, adibidez, eta eztabaida hizpidera ekartzea lortu du.

Gatazkaren konponbide prozesua ere presente izan da kanpainaren erdian. Atzo milaka pertsona mobilizatu ziren Baionan Jakes Esnal eta Ion eta Unai Parot askatu ditzatela eskatzeko. Engaiamendu ituna izenpetzeko eskatu die Bake Bideak hautagaiei, hots, Aietetik abiatutako prozesua sostengatzeko eta gaia Parisera eramateko. EH Baiko hiru hautagaiek izenpetu dute; NUPESen, Iñaki Etxaniz laugarren hautesbarrutiko hautagaiak, eta, Elkarrekin-en, Vincent Bru seigarren hautesbarrutiko hautagaiak.

Azterketak euskaraz egin ahal izateko Seaskako ikasleen aldarrikapenak harrabots handia egin du azken hilabeteetan, eta espero da hauteskundeen bi itzulien artean ere zeresana emanen duela. Pour Que Vivent Nos Langues (Gure hizkuntzak bizi daitezen) kolektiboak bidalitako galdetegiari dagokionez, EH Baiko hautagaiek bat egin dute eskaera guziekin, baita Iñaki Etxaniz NUPESeko 4. hautesbarrutiko hautagaiak ere. Vincent Bruk (6. hautesbarrutia) eta Florence Lasserrek adierazi dute konstituzioa aldatzearen alde direla, baina koofizialtasunaren kontra agertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.