Euskal Ereserkiaren I. Batzarra egingo dute gaur, Urretxun

'Gernikako arbola' abestia Euskal herriko zazpi lurraldeetako himno izateko proposamena babestu dute antolatzaileek.

'GERNIKAKO ARBOLA' - GONTZAL MENDIBIL
'Gernikako arbola' ereserki izatearen aldeko ekitaldi bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

1853an konposatu zuen Jose Maria Iparragirrek Gernikako arbola abestia; ereserki bat askorentzat. Hala, kantuaren 170. urteurrena baliatuta, Euskal Ereserkiaren I. Batzarra egingo dute gaur Urretxun (Gipuzkoa), azken urteetan mahai gainean jarritako proposamen bat hauspotzeko: abesti hura bilakatzea Euskal Herriko himno.

Herri batek bere ikurrak behar ditu. Hala uste du Gontzal Mendibil abeslari eta Gernikako Arbola elkarteko kideak. Hala, ikurrinarekin batera, «kantu amankomun bat» ere behar dela zehaztu du: «Esaterako, Katalunian Els segadors dute. Iritzi askotarikoak biltzen ditu, eta denek hartzen dute euren himno moduan».

Euskal Herrian, baina, zehazteko dago zein abestik beteko duen hutsune hori. Mendibilek berak aipatu du badirela kantu konpartitu ugari: Txoria txori, Eusko gudariak, Agur jauna... Baita egun Euskal Herriaren parte batenak diren ereserki ofizialak ere: Gorteen ereserkia Nafarroan, eta Gora eta gora Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Halere, abeslariaren ustez, Gernikako arbola abestia da horretarako egokiena: «Denok bat egitea zaila da, baina himno batek batasun hori irudikatu behar du. Eta Gernikako arbola-k badu hori». Haren historiari eta abestiaren eta arbolaren sinbolismoari ─«askatasuna, elkartasuna, justizia, epika...»─ erreferentzia egin dioten askotariko erreferenteak aipatu ditu argudio gisa: Jean-Jacques Rousseau, Dolores Ibarruri, Sabino Arana... «Gure lurrari lotuak dauden abertzaleek eta ez-abertzaleek erabili izan dute».

Mendibilekin bat egin du ekitaldiaren antolatzaileetako batek ere, Juan Luis Aranburuk: «Ereserki batek behar dituen ezaugarriak betetzen ditu: atenporala izatea, epika, aitortza historikoa, baztertzailea ez izatea eta askatasunaren inguruko mezu bat bidaltzea». Hark azaldu duenez, baina, gaurko ekinaldiaren xedea ez da ereserkia Gernikako arbola izan behar dela baieztatzea, hura proposamen gisa aurkeztea baizik. 

Izan ere, Aranburuk uste du 1980ko hamarkadatik aurrera abestia «ahaztua» gelditu dela, nahiz eta aurrez ereserki gisa funtzionatu zuen: «Lurralde administratiboak sakabanatzean, ikusi dugu gero eta zatituago gaudela, eta aukera gutxi izan dela naziogintzan aritzeko». Hori ikusita, ekarpen bat egitea dute helburu: «Batzen gaituenari heltzea».

Konplexurik gabe

Aranbururen esanetan, haien asmoa zen 2020an Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzea, baina pandemiak zapuztu egin zituen plan haiek. Orain, ekitaldi honekin heldu diote berriz haren figura gogoratzeari. Halere, azken urteetan Gernikako arbola berreskuratzearen aldeko manifestuek ezarritako ildoa ere segitzen du batzarrak. Gaur bostehun lagunetik gora espero dituzte. Ekitaldi solemne bat egingo dute lehenik, Pagoeta gune soziokulturalean, manifestu bat aurkezteko. Ondoren, kalejiran abiatuko dira Iparragirre plazaraino: han beste ekitaldi bat egingo dute, kantu eta abesti artean. Herri bazkaria, kantua eta dantza ere izango dira gero. 

Horiek hala, gaiari «konplexurik gabe» heltzeko deia egin du Mendibilek. Beste ereserkirik sortzeko beharrik gabe, edo jada eginak daudenak aldatu gabe. «Ez dugu ahaztu behar gure historia nondik datorren», esan du, eta gogoratu haren parte dela Gernikako arbola abestia ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.