Euskal Elkargoa. Batera-ren ikuskaritza. Nikolas Blain. Batera plataformako kidea

«Euskal Elkargoaren koadroaren menpe gelditzea da arriskua»

Euskal Elkargoaren funtzionamendua hobetzeko 27 gomendioei esker herritarrek instituzioaz duten pertzepzioa aldatzea espero du Blainek, estatus bereziko lurralde kolektibitatera urratsa egitea errazteko.

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Urteak daramatza Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionalaren aldeko lanean Nikolas Blainek (Baiona, 1988), Batera plataformako kideak. Euskal Elkargoa sortu eta bi urtera, herritarren baloraziotik ateratako 27 gomendioek eragina izanen dutela espero du.

Batera-ren rola ote da Euskal Elkargoaren kontu ikuskatzea egitea?

Aldarrikatu dugun heinean, gure iduriko, badugu erantzukizun bat herritarrei eta mobilizatu ditugun sektoreei buruz; lekuak hustea sortzen den mementoan ez da arduraz jokatzea. Beraz, herritar zaintza egin behar dugu, lobby lana, interpelazio lana hautetsiei... Ikusiko da nolako segida izanen duen, baina auditaren inguruan atzeman dugu formula bat aktibazio lanean segitzeko.

Zer iritzi eman dute herrritarrek?

Lehen iritzia baikorra da: badugu ezagupena, ahalbidetzen du euskarari —sinbolikoa bada ere— ofizialtasun maila bat ematea, ahalbidetzen du oreka bat sortzea politika publiko batzuen inguruan. Baina aski fite erortzen gara urruntze sentimenduan. Lehen ere ez zen erraza, baina jendeak bazekien nortzuk ziren auzapezak, proiektu bat zutenean norengana jo, nori eskatu. Hor, mintzaideak ez dira beti ongi identifikatuak. Ez gara hor auzi bat egiteko non bukaeran erran behar dugun egitura desegin behar dela, edo Ipar Euskal Herri mailan ez dela egokia. Guk pentsatzen dugu beharrezkoa dela, baina beste tresna batzuei buruz lan egin behar dela, estatus bereziko lurralde kolektibitatea, adibidez.

Nola?

Lortu behar dugu Euskal Elkargoak sentimendu baikorra sor dezan, justifikatzeko beste etapa batera pasatzea. Ez baldin bada etapa hau erreusitzen, arriskua da jendartean eta klase politikoan erratea Ipar Euskal Herri mailan ez duela funtzionatzen, eta atzera pauso bat eman behar dela.

Ez ote gaude biziki urrun kolektibitaterako garapenetik?

Hori segur. Eta estrategia guzia berriz idatzi beharko dugu. Hutsetik abiatzean biziki erraza da erratea departamendua deseginen dugula gurea eraikitzeko. Baina hor badugu gure lehen instituzioa, kiskun-kaskun funtzionatzen duena. Hautetsi batzuekin, konpetentzia batzuekin, eta lortu behar duguna da urrats horretatik beste urratsera pasatzea. Lege bat beharko da, hori segur.

Lege bat berezitua Ipar Euskal Herriko instituzioa sortzeko?

Bai. Edo izan daiteke ere erratea XXL elkargo erraldoi horiei lurralde kolektibitate izaera emanen zaiela. Metropoliekin hori gertatu da. Pistak badira. Lyonek eta Parisek badute haien lurralde kolektibitatea; Korsikak ere badu aspaldi; Alsaziak badu esperimentazio berri bat —Europa mailako lurralde kolektibitate bat—. Posible da. Gure 27 proposamenekin kontzentratu gara legea aldatu gabe zer hobekuntza ekartzen ahal diren. Aldiz, ekain aldera beste saio bat eginen dugu ikusteko nola pasa gaitezkeen lurralde kolektibitate batera.

Zuen gomendioek ez dute eraginen instituzioaren gaitasun politikoan.

Ez. Baina bai funtzionamenduan eta herritarren pertzepzioan. Eta ez da gutxi oroitaraztea instituzioak hor direla zerbitzu publiko bat emateko, artetan ahazten baitugu herritarren zerbitzuko direla. Herritar pataforma gisa, lortzen badugu konektatzea Euskal Elkargoa Ipar Euskal Herriko herritarrekin, ez da gutxi, eta lurralde kolektibitatearen bideari segitzeko lagunduko du. Ekainetik aitzina ikusiko dugu nola egiten dugun koadro horretatik ateratzeko, eta kolektibitatea urrun den sentimendu hori txikitzeko edo gutxienez pista batzuk emateko. Agerian uzteko posible dela eta ez dela beste munduko pauso bat.

Zer lege beharko da lurralde kolektibitatera urratsa egiteko?

Galdera ona. Ez dugu eskurik horretan.

Aztertu duzue?

Ez %100 oraindik. Batzuek diote gaurkoa desegin beharko litzatekeela eta beste batzuek —gehienek, nire iduriko— ezin dugula zerotik abiatu, egitura bat badugula eta egitura horrek hartu beharko duela estatus berezi bat lege baten bidez. Biziki konplikatua da. Gaur egungo ariketaren muga nagusia da ez dugula beti barneratzen Euskal Elkargoa dela herrien tresna bat. Legedian herrien blokea izena du: herriko etxeak eta herri elkargoak. Erran nahi du herri elkargo mailan kudeatzen direla herriek kudeatzen ez dituzten gauza batzuk; ez sobera zatitzeko, ez dutelako nahikoa indar... Adibidez, herri txiki batek ez du bere haurtzaindegia garatuko, horretarako da herri elkargoa. Dugun zailtasuna da, guk nahi dugula Ipar Euskal Herria ordezkatzen duen egitura politiko bat eta eskumen anitz dituena, baina momentu berean Euskal Elkargoak herriko etxeen laguntzaile izan behar duela. Eta horrek erran nahi du bihar lurralde kolektibitate bat lortuko bagenu, berriz 5, 6, 10 herri elkargoko eskemara itzuliko ginatekeela; jendeak gaur egun hori ez du ulertzen.

Zer epetan da egingarria?

Ez dakit. Bada instituzioen erreforma, bertan aipatzen da diferentziatze eskubidea. Ez dakit atxikiko duten. Konpetentzia bat kudeatzeko aukera genuke epeetan mugatu gabe. Eskubide berri horrekin aukera izan genezake, adibidez, sufragio unibertsala esperimentatzeko. Hori posible izan liteke, baina egutegia ez dugu menperatzen; gaurko gobernuarekin ere, inork ez daki sei hilabetera hauteskundeak izanen diren, erreferendum bat... Horregatik antolatzen dugu ekaineko memento hori: azterketa sakon bat egiteko eta ikusteko zer nolako bide orria jartzen ahal dugun.

Garai batean aukera historiko gisa aurkeztu zena ez ote da garapen instituzionala blokeatuko duen zurrunbilo bilakatzen ari?

Egiazko gogoeta bat da, hirigunearen eztabaida abiatu zenetik. Galdera atera zen ea zepoa ote zen proposamena onartu eta kuadro horretan preso gelditzea urte luzeetarako, ala zepoa ote zen ezetz erran eta ezer gabe gelditzea. Nik ez dakit. Hala ere, gaur egun Euskal Elkargoa mekanika bat da Ipar Euskal Herriaren mailako sentimendu hori sortzeko, eta klase politikoan agerikoa da. Kostaldeko hautetsi batzuek Donazaharren bilkura dutelarik eta egun osoa hartu behar dutelarik non den ez dakitelako, batzuek bilkurak huts egin dituzte bidean galdu direlako... Irrigarria da, baina iruditzen zait Ipar Euskal Herriaren sentimendu bat sortzen ari dela, elkar ezagutza... Ez gara oraindik barnealde-kostalde oreka batean, baina bide egiten dugu. Badira puntu baikorrak. Ez dakit zepoa zein zen, onartzea ala ez onartzea, baina egia da gaur egungo arriskua dela kruadro horretan mugatu eta ondoko 30-50 urteetan horren menpe egotea. Hala ere, tresna hor da, eta ikusi dugu euskara arloan adibidez —sinbolikoa bada ere—, ez da beste hirigunerik Frantziak horrelako deliberorik hartu duena. Gauza guti dira, baina mentalitateetan ari gara bide egiten.

Lurralde proiektua eta dagokion aurrekontua onartuta, martxan jarriko da Euskal Elkargoa.

Lehen aurrekontuarekin ikusiko dugu zeintzuk diren hautu politikoak, eskumen bakoitzari zenbat diru emanen dioten ikusiko baitugu. 2019. urtean dosier anitz trenkatu beharko dituzte, eta urte bukaeran hauteskunde kanpainan izanen dira. Baina horrek bide emanen du 2020-2026 mandatua gauzapenarena izateko, hautu politikoetan sartuz.

Lurralde proiektu ezberdinen konfrontazioa eta talde politikoen osatzea?

Kontsentsuaren fasea bukatzen da. Etxegaraik hartu zuen lehendakaritza naturalki, baina ez da errana berriz horrelako eskema batean izanen garenik. Ez dakigu Baionan zer gertatuko den, baina horrez gain, inork ez du erraten ahal zer parametroren arabera eginen den ondoko gehiengoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.