Euskal Elkargoak lau zinpeko agente jarri ditu lanean turismo alokatzeak barrandatzeko

Alokatze turistikoen gaineko konpentsazio araua betearazteko asmoz, Euskal Hirigune Elkargoko lau zinpeko agente 21 herritako bizitegi turistikoen itzulia egiten hasi dira agorril honetan.

Alda mugimenduak duela urte bat egin ekintza, Bidarten, arau hauste bat salatzeko. GUILLAUME FAUVEAU
Alda mugimenduak duela urte bat egin ekintza, Bidarten, arau hauste bat salatzeko. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko abuztuaren 12a
15:00
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoak, «turismo alokairuen neurriz kanpoko emendatzea ikusirik», 2023ko martxoaren 1ean jarri zuen alokatze turistikoen gaineko konpentsazio neurria, «tentsiopean» diren 24 herritan: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Miarritze, Bidarte, Biriatu, Bokale, Ziburu, Getaria, Hendaia, Jatsu, Lehuntze, Larresoro, Mugerre, Urruña, Donibane-Lohizune, Hiriburu, Urketa, Uztaritze eta Milafranga —Lapurdin guziak—. Baionako, Angeluko eta Miarritzeko herriko etxeek jada badituzte zaintzarako agenteak beren aldetik. Gainerako 21 herrietarako, agorril honetatik goiti, lau zinpeko agente izendatu ditu Elkargoak. Erakundeak jakinarazi duenez, «prebentzio kontrolak» eginen dituzte, turismo alokairuen araubidea «ongi aplikatzen» dela segurtatzeko.

Konpentsazio arauaren neurri nagusiak, bizitegiaren neurriarekin arabera, turismorako alokatzen duten jabeak behartzen ditu alokatze hori administrazioari deklaratzera eta urte osorako beste bizitegi bat proposatzera. Elkargoak dioenez, araua indarrean sartuz geroz emaitzak ikusi dituzte: «Ohitura aldaketa nabari da jada, arau berriaren barruan eman ehunka baimenek eta zerbitzuek jaso dituzten erantzunek adierazten duten bezala».

Horrez gain, Elkargoak zehaztu du izari orotako turismorako bizitegi guztiei betearaziko zaiela neurria bi urteren buruan: «2026an, aitzineko arauaren arabera eman behin-behineko baimenak bururatzen direnean, konpentsazio neurria osoki indarrean izanen da».

Bisitak, aitzinetik abisatu gabe

Hilabete honetarik goiti, beraz, lau zinpeko agenteek turismorako «zenbait etxebizitzaren okupazioa kontrolatuko dute». Elkargoak azaldu duenez, «aitzinetik abisurik eman gabe» egingo dituzte bisita horiek, baina, horien bitartez, «prebentzio mezu bat eramanen dute agenteek».

«Lehen kasuak urte honen bukaeran edo ondokoaren hasieran iritsiko dira Baionako Auzitegiaren aitzinera», Elkargoak bidali duen prentsa agirian azaldu duenez. Jabeei informazioa zabaldu nahi izan die, bestalde: «Iruzurrezko desmartxarik izan ez dadin, bisita eskubidearen baldintzak eta zinpeko agenteen aurkezpena Euskal Hirigune Elkargoaren gunean atzematen ahal dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.