Euskal Elkargoak finantza «sanoak» ditu, eta inbertsioak lehenetsiko ditu

Martxoaren 29an bozkatuko dute elkargoaren aurrekontua. Bil Gaitenek ontzat eman ditu aurreikuspenak: «Gure iazko gomendio guziak kontuan hartu dituzue». Hautetsiek babesa adierazi diete behi tuberkulosiagatik pairatzen ari diren laborariei.

Jean Rene Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, biltzarrean. BERRIA
Jean Rene Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, biltzarrean. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko otsailaren 15a
12:21
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoak ez du zerga emendatzerik eginen 2025erako. Ziurgabetasun egoera batean izanik ere, erakundearen finantzak «sano» daudela baieztatu du Kotte Ezenarro finantza eta fiskalitate lehendakariordeak. Funtzionamendu gastuak «menderatuko» dituztela erran du, eta inbertsioei emanen dietela lehentasuna, horretarako mailegatzea lehenetsita. Martxoaren 29an bozkatuko dute aurrekontua.

Zenbakien aldetik iaz aurreikusitako inbertsioen %80 baino gehiago bete dutela erran du Ezenarrok, horietarik erdia baino gehiago autofinantzatua. 317,8 milioi euroko zorra du gaur egun hirigune elkargoak, %2 inguruko interes tasarekin. «Zorpetze tasa neurtua» dela adierazi du.

Nicole Etxamendi Itsasuko (Lapurdi) hautetsiak ontzat eman du aurrekontuaren aurreikuspena Bil Gaiten taldearen izenean: «Aurkeztu duzuenak osoki bat egiten du iaz eman genizkizuen gomendioekin. Gure aurreikuspenen zuzentasuna erakusten du». Aurrekontua aitzina ateratzeko zerga emendatzea kritikatu zuten iaz ezkerreko abertzaleek. «Hauteskundeetarako urtebete eskas dela, zergak emendatzea gaizki ikusia izanen zen», gaineratu du ironiaz Etxamendik.

Hala ere, elkargoko batzorde exekutiboaren gardentasun eskasa deitoratu du: «Non hartzen dira erabakiak? Zer bulegotan? Nola hautatzen dira lehentasunezko proiektuak?». Proposamenak aztertzeko tresnak eskatu ditu Etxamendik, eta beharrezkotzat jo du politika publikoak aztertzea, bereziki lurraldeen arteko desoreka neurtzeko.

Aurrekontu orokorrean 50 milioi euroko inbertsioa aurreikusi izana gaitzetsi du Peio Etxeleku Elgarrekin Herriarentzat taldeko buruak, ez baitzaio nahikoa. «Heldu den agintalditik aitzina inbertsio maila hori ez da aski izanen Ipar Euskal Herriaren neurrirako eta anbiziorako».

Finantzei buruzko informazioak eta elementuak eskas direla erratea gaitzetsi du Etxegaraik: «Batzorde exekutiboan behin baino gehiagotan landu dugu gaia, baita finantza batzordean ere». Elkargoak egindako politika publikoak defendatu ditu.

Zuberoako laborariei babesa

Elkargoaren biltzarrean mozio bat adostu dute behi tuberkulosiagatik pairatzen ari diren laborariei babesa adierazteko eta protokoloak aldatu ditzatela eskatzeko. Izan ere, Zuberoan hil dituzten kabala gehienak sano zeudela erran dute. Horrez gain, laborariei laguntzeko «zinezko baliabideak» ezar daitezela ere eskatu dute.

Izan ere, azken asteetan, tuberkulosiak jotako 11 behi saldo atzeman dituzte Zuberoan, 900 behi inguru. Horietarik lau saldotako behi guziak hiltzea erabaki zuen Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Guztira, 270 behi. Frantziako Estatuak aplikatutako protokoloa salatu dute Zuberoako hazleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.