«Parisen ezezkoarekin, baina gure herriaren babesarekin». Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzaren Baionako egoitzaren okupazioa bertan behera utziko duela iragarri du Seaskak, agerraldi jendetsu batean. Asteazkenean abiatu zuten ekintza, azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko, eta iragarria zuten ez zirela mugituko harik eta Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroarekin bilkura bat lortu arte. Lau egunen buruan, isilik segitzen du Frantziako Gobernuak, baina Euskal Hirigune Elkargoaren babesa jaso dute larunbetan: brebetako zientzietako proba euskaraz erantzunen duten ikasleen zuzenketa bermatuko du Ipar Euskal Herriko erakundeak.
Ekainaren 30 eta uztailaren 1ean iragatekoak dira brebetako azterketak Ipar Euskal Herrian. Seaskako 250 ikaslek euskaraz eginen dituzte zientzietako azterketak, eta, uztailaren 5ean, Euskal Elkargoak egoitza publiko bat ezarriko du Seaskaren esku, euskarazko azterketak Seaskakoak ez diren irakasle aditu eta euskaldunek zuzendu ditzaten. Frantziako Hezkuntza Ministerioak zuzenketa ofizialak egiten dituen baldintza beretan iraganen da. Uztailaren 12an zeremonia ofiziala eginen dute bakoitzari dagokion nota emateko.
Berez, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ematen ditu diplomak; Euskal Hirigune Elkargoarena ez da funtsezko aterabide bat, baina indar handiko keinua da. «Ez du brebetaren balio bera izanen, baina erakunde ofizial batek babestutako agiri bat izanen da. Ez da frantses diploma nazional bat izanen, baina agiri ofiziala izanen da, eta hori urrats handia da», adierazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.
Aspaldikoa da azterketak euskaraz egin ahal izateko eskakizuna, bai baxoan eta baita brebetan ere. Brebetari dagokionez, 1995etik Historia eta Geografiako proba euskaraz erantzuteko baimena zuten ikasleek, eta Matematikan tolerantzia bazen; haatik, gaiak frantsesez ematen zitzaizkien ikasleei. 2016ko erreformarekin etorri zen aldaketa: lehenago ziren hiru probei beste bat gehitu zitzaien, zientzietakoa. 2017an aplikatu zen lehen aldiz, eta, gainerako probetan bezala, euskaraz erantzun zuten ikasleek. Baina, 2018an, jarrera aldatu zuen Frantziako hezkuntza administrazioak: euskaraz egindako zientzietako azterketak bahitu zituzten zuzenketa zentroetatik, eta zuzentzaile erdaldunei zuzenarazi zizkieten. Hala, behar baino askoz ere emaitza apalagoak lortu dituzte ikasleek.
Ekintza gehiago
Brebetaz gain, heldu den astelehenetik goiti hasiko dira baxoko ahozkoak ere. Bordeleko Errektoretzak epaimahai euskaldunak ez izendatzea erabaki duela iragarri du Jorajuriak, Euskararen Erakunde Publikoarekin izenpetu zuten hitzarmena haustea leporatuta. «Baxoko azken proba den Ahozko handia aurkeztuko duten ehun ikasletik 90ek frantses hutsean egin beharko dute. Mundu mailan giza eskubideei buruzko lezioak ematen dituen Frantziako Estatuak gure haurren hizkuntza eskubideak lotsagabeki zapalduko ditu berriz ere», deitoratu du Jorajuriak.
Dozenaka jende bildu dira Akademia Ikuskaritzaren egoitzan Seaskaren ekintza bukatzeko. Ikasleak, gurasoak, irakasleak, baina baita ikastolen elkarteari babesa erakustera etorritako herritarrak ere. Azterketak euskaraz! oihuen artean, txaloka eman diote amaiera lau egun iraun duen protestari. Okupazioak iraun duen lau egunetan lortutakoa azpimarratu du Jorajuriak. «Lau egun hauetan bisita andana jaso dugu: etorri dira hautetsiak, baina etorri dira Frantziako Asanblearako hautagaiak ere. Horietako batzuk diputatuak izanen dira bihar, eta engaiamendua hartu dute denek Hezkuntza ministroari lehenbailehen bilkura bat eskatzeko. Hemengo hautetsiek ere gure borroka sostengatuko dute, eta mezua pasaraziko dute Parisera. Ez dira elkor egoten ahalko herri oso baten eskaera bat badelarik parean». Ondoko asteetarako ekintza gehiago pentsatuak dituztela ere iragarri du.
Frantziako Poliziaren bortizkeriarekin abiatu zen Seaskaren ekintza, joan den asteazkenean. Bordeleko errektorearen agindua izan zela salatu du gaur Jorajuriak. «Bisagni-Faure anderea ministerioz tronpatu da; Hezkuntza Ministerioan baino, Barne Ministerioan etorkizun handiagoa ikusten diogu». Azken egunetan jaso duten babesak Ipar Euskal Herrian euskarazko irakaskuntzari begira dagoen atxikimendua erakusten duela azpimarratu du. «Ez gara bizpahiru guraso; milaka gara. Seaska ez da soilik guraso batzuen proiektua: lurralde oso baten proiektua da».