Euskal Elizak konponbide prozesuan «lagundu» behar duela adierazi du Uriartek

Donostiako gotzain emerituaren arabera, adiskidetzea beharrezkoa da bakea «benetakoa» izan dadin

Erredakzioa
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak uste du euskal Elizak zeregin garrantzitsua beteko duela euskal gatazka konpontzeko prozesuan. Egoera politiko berriarekin itxaropentsu azaldu da, eta konponbide prozesuarekiko konpromisoa hartzeko eskatu die Euskal Herriko eragile guztiei —Eliza barne—.

Sabino Arana fundazioak antolatutako Utopia Gertagarriak deituriko hitzaldi zikloaren barruan egin ditu adierazpen horiek Uriartek. Hizketaldian, adiskidetasunaren eta elkarrizketaren garrantzia nabarmendu du Donostiako gotzain emerituak. Haren ustez, adiskidetzea beharrezkoa da, baketzea «benetakoa eta osoa» izan dadin. «Beste bake prozesu batzuetako esperientziak erakusten digu behin bakea lortutakoan gero adiskidetzeari ez zaiola jaramonik egiten. Eta gurean ez da horrelakorik gertatu behar», nabarmendu du Uriartek. Adiskidetze prozesu horren oinarriak «biktimen ahotsa» eta «iraganaren benetako kontakizuna» izan behar direla adierazi du.

Era berean, ETA amaitzeko eta bakea lortzeko abian diren ekimenak aintzat hartzeko eskatu die instituzio eta eragile guztiei. «Euskal gizartea irrikaz dago, zain, ETAk noiz egingo indarkeria terroristaren behin betiko amaieraren adierazpena. Gizarteko eta politikagintzako instantzia guztiek itxaropen hori ahal bezain arinen betetzen lagundu behar dute», adierazi du.

Elizak euskal gatazka konpontzeko prozesuan izan ditzakeen zereginak ezagunak ditu Uriartek. Besteak beste, PPko gobernuak eta ETAk 1999. urtean izan zituzten elkarrizketetan bitartekari lana egin zuen, Zamorako gotzaina zen garaian.

Egiaztatze batzordea

Joan den astean aurkeztutako Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak jakinarazi zuenez, Euskal Herriko hainbat eragilerekin bildu da azken asteetan, eta euskal Elizako ordezkariekin ere hartu-emanak izan ditu. El Correo egunkariak atzo argitaratutako informazio baten arabera, bilera horietan parte hartu zuten Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak eta Angel Maria Unzueta Bizkaiko Elizbarrutiko bikarioak.

Egunkari horrek nabarmendu du, halaber, irailaren 26an Mario Izeta Bilboko gotzainak «indarkeria eta mehatxuen amaiera egiaztatzeko» beharra adierazi zuela Bizkaiko hiriburuko Santiagoko katedralean irakurritako artzain gutunean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea aipatu gabe. Bakearen eta bizikidetzaren alde «ahaleginak batzera» deitu zuen Izetak, eta bakea lortzeko abian diren ekimenak «balioesteko» eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.